Omanekin ituna sinatuta ere, Iranek ez du Ormuz irekiko oraingoz

Teheranen arabera, AEBek kalte ordainak eman beharko dizkiote Irani bake akordioa urratzeagatik. Iran eta Oman itsasbidearen inguruan negoziatzen ari diren akordioa «oso gertu» dago.

Ali Khamenei Irango lider gorena —otsailaren 28an hil zuten— oroitarazten duen horma irudi bat, herenegun, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Ali Khamenei Irango lider gorena —otsailaren 28an hil zuten— oroitarazten duen horma irudi bat, herenegun, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko abuztuaren 8a
17:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iran eta Oman Ormuzko pasabidean itsasbide bat irekitzeko negoziazioetan ari dira. Azken egunetan behin baino gehiagotan esan dute biek ala biek akordioa «oso gertu» dagoela. Hori bera berretsi du gaur ere Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak. Halere, Teheran ez dago prest Donald Trump AEBetako presidentearen exijentzietara makurtzeko. Araghtxik gaineratu duenez, Omanekin adostasunera iritsita ere, ez dute Ormuz irekiko. «Ormuz irekitzeko beste baldintza batzuk bete behar dira; besteak beste, AEBek Islamabadeko memoranduma urratzeagatik ordaindu beharko dute», adierazi du Irango hedabideei egindako adierazpenetan.

Irango Atzerri ministroak jakinarazi duenez, Irango gerra piztu aurretik erabiltzen ziren itsasbideetatik pasatzea jada ez da «onargarria» Teheranentzat. Horregatik, ibilbide berriak adostu nahian ari dira Iran eta Oman. Prozesu horrek «zailtasun teknikoak eta juridikoak» dituela aitortu du Araghtxik. Hortaz, lehenik, behin-behineko itsasbide bat adostuko dute, eta aurrerago zehaztuko dute zein izango den behin betikoa, haren esanetan.

Omanek ere adierazi du akordio hori lortzeko «aurrerapausoak» ematen ari direla, eta Atzerri ministerioak, komunikatu batean, ohartarazi du saihestu egin behar direla ituna lotzea zaildu dezaketen ekintza guztiak. Hain justu, Omango Atzerri ministerioak, ohar berean, salatu du Teheran «behin eta berriz» ari dela eraso egiten Ormuz zeharkatzen duten ontziei. Gaur bertan, Arabiar Emirerri Batuetako ontzi bati eraso egin izana leporatu diote Teherani Abu Dhabik eta Qatarrek.

Ekainaren 17an sinatu zuten Iranek eta AEBek Islamabadeko memoranduma. Hamalau puntuko bake itun horretan erasoak etetea eta negoziazioetarako tarte bat irekitzea adostu zuten. Ez zuen, baina, luze iraun. Ormuzko itsasartean hainbat ontziri eraso egitea leporatu zion Washingtonek Irani, eta herrialdean zehar bonbardaketak egin ditu azken asteetan. Horregatik, Araghtxik esan du Iran berreraikitzeko funtsa ez ezik —memorandumean adostu zuten— azken urraketengatiko kalte ordainak ere ordaindu beharko dituztela AEBek.

Sardar Mohebi Irango Guardia Iraultzaileko bozeramaileak gehitu duenez, Iranek ezarritako baldintzak onartu behar ditu Washingtonek Ormuz ireki dezaten. Tasnim berri agentziak jaso ditu haren adierazpenak: «Iranek ezarritako baldintzak onartzen badituzte AEBek, Ormuzko pasabidea irekiko dugu».

Zailtasun ekonomikoak

Araghtxirekin batera prentsaurrekoa egin du gaur Masud Pezexkian Irango presidenteak. Aitortu du «kezkatuta» dagoela herrialdeko egoera ekonomikoagatik eta irandarren bizi baldintzengatik. Iran «gerra betean» dagoela esan du, eta horrek zaildu egin duela egora ekonomikoa.

Halere, irandarrek «batuta» jarraitzen dutela ziurtatu du. Aditzera eman du Israel eta AEBak Irango biztanleen artean desadostasunak eta konfrontazioa sortu nahian ari direla. Horregatik, batuta jarraitzea garrantzitsua dela azpimarratu du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA