OMEk salatu du Gazako egoera «katastrofikoa» dela

«Ez dago leku segururik Gazan», NBEko erakundeek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dutenez. Israelek gutxienez 22 palestinar hil ditu bart.

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Bonbardaketen ondorioz hildakoak, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko otsailaren 22a
09:15
Entzun

Gerrak jarraitzen du Gazan: bonbardaketek ez dute etenik, eta zerrendako biztanleen %75 —1,7 milioi lagun inguru— Rafahn daude halabeharrez lekualdatuta. OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakundek salatu dute Gazako egoera «katastrofikoa» dela: «Ez dago leku segururik Gazan». Nabarmendu dute bizirik irauteko oinarrizko beharrak asetzeko «baliabide oso urriak» daudela zerrendan: elikagaiak, ura eta osasun arreta, batez ere. Gogorarazi dute iazko urriaren 7an gerra hasi zenetik 370 aldiz eraso dietela Israelgo indarrek Gazako ospitaleei: «Ospitaleak gudu zelai bihurtu dira».

IASC Erakunde Arteko Batzorde Iraunkorra osatzen duten erakundeek egin dute adierazpen bateratua: NBE Nazio Batuen Erakundeko hainbat erakundek —OMEk, Unicefek eta FAOk, adibidez— eta Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak, besteak beste. «Gaixotasunak areagotzen ari dira, ura tantaka dago, oinarrizko azpiegitura sarraskituta, eta elikagai ekoizpena geldirik», gaitzetsi du IASCk. Rafahri ere erreparatu diote gobernuz kanpoko erakundeek. Datorren martxoaren 10era arteko epea eman dio Israelek Hamas talde islamistari bahituak askatzeko; hori egin ezean, armadak lurreko ofentsiba bat hasiko du Rafahren kontra. OMEk eta beste erakundeek ohartarazi dute Gaza biztanleen hiru laurden pilatuta dauden eremu horretan oldarraldia areagotzeak «biktima ugari» eragingo lituzkeela.

Horri aurre egiteko, «berehalako su etena» eskatu diote Israeli: «Dei egiten diogu Israeli legea bete dezan: elikagaiz eta sendagaiz hornitu dezan zerrenda, eta laguntza operazioak erraztu ditzan. Munduko liderrei laguntza eskatzen diegu, katastrofe hau okerragoa izan dadila eragozteko».

Izan ere, bart ere Israelgo indarrek segitu dute Gazako zerrendara bonbak jaurtitzen. Wafa albiste agentziaren arabera, gutxienez 22 palestinar hil dituzte bonbek bart; tartean da kazetari bat. Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan zeuden gehienak. Israelek gutxienez 29.300 palestinar hil ditu Gazan gerra hasi zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.