Katalunia. Aurora Madaula. JxCko diputatua

«Ondorioak onartzeko prest gaude»

Subiranisten «planaz» galdetuta, kontzeptua ez duela gustuko dio; nahiago duela pausoez hitz egin. «Parlamentuaren subiranotasuna» baliatuz, Puigdemont inbestitzea aurrenekoa. «Eta horren ondoren, gobernua osatzea».

DANI CODINA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Ez dugu onartuko». Aurora Madaula (Mollet del Valles, Katalunia, 1978) JxC Junts Per Catalunyako diputatuari «oso larria» iruditzen ari zaio Espainian «botere banaketarik ez egotea». Madrilek beldurraren estrategia sustatu nahi duela dio. «Baina askotan ahoberokeriak dira». Beroa joan den asteartea izan zen, JxC eta ERCren arteko desadostasunak agerian geratu zirelako. Ez du, ordea, horietan sakondu nahi izan. Historiagilea da, eta bere doktore tesian euskal nazionalismoak izan ditu hizpide. JxCrekin iritsi da politikaren plazara.

Zer duzu esateko Carles Puigdemontek Antoni Comini bidalitako mezuez?

Presidente humanoa ikus daiteke, eta gisa honetako prozesu bat erbestetik bizitzearen laztasuna erakusten dute. Jende batek dio ondo dagoela erbestean, muskuiluak-eta jaten. Ez, ez: hor ikusten da bakarrik eta sufritzen dagoen pertsona batek bizi duen laztasuna. Eta mezu horretan bere gobernuko kontseilari bati zintzotasunez mintzo zaio, minduta dagoelako. Erbestea deserosoa da.

Hitz egin duzue Puigdemontekin? Zer moduz dago?

Bai, bai, hitz egin dugu berarekin. Egoera kontuan hartuta, bada, noski, ez dago ondo, berak hemen egon nahiko lukeelako. Poliziak zelatatzen du. Oso estrainioa, surrealista, da dena.

Puigdemont Kataluniako presidente inbestitu eta Madrilek ezarritako 155. artikuluak bahitutako instituzioak berreskuratu nahi ditu JxC Junts Per Catalunyak. Baina hala jokatuz gero, osoko bilkura de facto bertan behera geratuko litzateke eta 155.ak indarrean jarraituko luke.

Demokrazia berreskuratu nahi dugu, eta horretarako bide demokratikoak jarraitzen ari gara, zeinak 155.ak eta Espainiako Estatuak zelatatu dituen. Bozetara aurkeztu gara, irabazi ditugu, eta hurrengo pausoa da inbestidura saioa egitea Kataluniako Parlamentuan babes gehien eduki duen hautagaiarekin.

Baina ikusita Espainiako Estatua judizialki nola jokatzen ari den, inbestidura saio hori automatikoki bertan behera geratuko litzateke.

Ez dakigu zer gertatuko zatekeen.

Eta zergatik ez da egin?

Puigdemontek babesa eskatuz gutun bat bidali eta gero, bermeak edukitze aldera babes onena saioa etetea zela erabaki zuen parlamentuko presidenteak.

Dena dela, Madrilen jarrera ikusita, inbestidura zuk planteatu bezala gauzatzea desobedientzia litzateke.

Desobeditzea baino gehiago, konfrontatzea litzateke, Espainiaren aurrean ispilu bat jarriz, ikus dezaten demokrazia normal hau zelatatutako demokrazia akastuna bilakatzen ari dela.

155.ak indarrean segituko luke...

Ez dakigu. Zein beste aukera dago?

Puigdemonten legezkotasuna argi dago, baina ERCk beste bide batzuk ibili nahi dituela dirudi. Roger Torrent parlamentuko presidentea inbestidura «eraginkor» batez mintzo da.

JxC, ERC eta CUPek asmo bera dugu. Elkarrekin ari gara lanean.

Torrentek «eskuzabaltasuna» eskatu dio subiranismoari.

Torrentek bermatu behar duena da Puigdemont hautagaia ahalik eta berme politiko gehienekin etortzea inbestidurara. Hala eta guztiz ere, berme horiek Auzitegi Konstituzionalak jarri behar baditu, ez goaz ondo. Ezin du gure funtzionamendu politikoan eskua sartu, parlamentua burujabea baita. Ez dago besterik.

Eta zein da inbestidura saioaren ondoren datorren guztiari erantzuteko plana?

Plana da Puigdemont inbestitzea.

Eta gero? Ezustea?

Berme politikorik ez badu, bada, noski, ezingo du itzuli. Baina ezin duguna da amore eman, esango digutelako «hau ere ez zaigu ondo iruditzen» edo «kontseilari hau ez zaigu ondo iruditzen». Demokraziari eta parlamentuari obeditu behar diogu.

Ez dago planik?

Plana da gobernatzea eta aurrera egitea.

Erabaki horrek judizialki ia ziur eragingo lituzkeen ondorioak onartzeko prest dago JxC?

Bai, ondorioak onartzeko prest gaude. Arazoa hori da: bide demokratikoak erabilita politika egiteagatik mehatxatuta egotea, eta kartzelaldia eta antzeko ondorio larriak jasatea. Hori da Espainiako Estatuaren tragedia, horregatik alde egin nahi dugu.

ERCrekin eta CUPekin gobernu plan bat adosten ari zarete. Carles Rierak (CUP) esan zuen ondo zihoala, baina asteartean «bertan behera» geratu zela.

Guretzat eta CUPekoentzat, eta ERCrentzat ere bai, uste dut, inportantea da inbestidura egun bat edukitzea. Hori dakigunean berriro bilduko gara. Zain gaude. Torrentek jarri beharra dauka data.

Eta Torrent zeren zain dago? Berme demokratikoak nahi ditu; baina aurrekariak kontuan hartuta, litekeena da ez ematea.

Ez dakit zeren zain dagoen, baina gu egunero ari gatzaizkio adierazten prest gaudela, eta falta dena da berak data eta, noski, bermeak jartzea.

Zeintzuk dira bermeak?

Hautagaiak etorri ahal izatea eta politikoki jokatu ahal izatea.

Posible da? Egingarria da hori?

Noski, hori bermatu behar du osoko bilkurak. Bestela, litzateke onartzea Espainiako Estatuak berme demokratikorik gabe jokatzen duela [barrez].

Segurtasun indarretako kideak bidal ditzake Madrilek osoko bilkurara, urriaren 1ean egin zuen bezala.

Sartzen utziko diegu?

ERCk epe luzera jokatu nahi duela dirudi. Badago Puigdemont ez den beste hautagairik?

Guk ez dugu aukera hori mahai gainean jarri, eta ERCK eta CUPek ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.