Japonia eguneratu egin da, eta garbi adierazi du sexu ekintzak kriminaltzat joko direla baldin eta onespenik gabekoak badira. Udan Zigor Kodeari egindako erreformak aldaketa bat ekarriko du: gaur egun «sexu harreman behartu» kontsideratzen den krimena aurrerantzean «onespenik gabeko sexu harremana» izango da. Oraingo erreforma 2017an egindakoaren osagarri da, baina hura baino gogorragoa, beste zortzi baldintza jasotzen baititu mota horretako eraso bat bortxaketatzat kontsidera dadin. Indarkeriaz gain, beste hauek ere jasotzen dira: intimidazioa, gizarte estatusaz baliatzea, biktima mehatxatzea, alkohola edo drogaren bat erabiltzea, eta behar beste denborarik ez ematea uko egiteko edo kontra egiteko. Biktimak buruko nahasmenduren bat edo bestelako arazo fisikoren bat badu, onespenik gabeko harremantzat hartuko da.
Datu ofizialen arabera, hamalau emakume japoniarretik batek eta ehun gizon japoniarretik batek jasan du sexu harreman beharturen bat bizitzan: gutxi gorabehera, 4,64 milioi emakumek, eta 610.000 gizonek. Hala ere, sexu harreman behartu horietako 1.405 kasu soilik jo zituzten halakotzat 2019an, eta, horietatik, soilik 470 kasutan hasi zen auzibidea (kasuen %33,6). Emakume japoniar askok jendaurrean jakinarazia dutenez, sexu erasoak edo abusuak salatuagatik ere, ez zizkieten aintzat hartu, ez zituztelako «betetzen» biktima bati dagozkion irizpideak. Gobernuak emandako datuen arabera, bizirik irteten diren biktimen %95 inguruk ez dute sekula salatzen erasoa polizia etxean, eta ia %60k ez diote sekula kontatzen inortxori.
Aurrez ere izan dira 2017ko erreforma aldatzeko eta areagotzeko ahaleginak, baina gobernuaren gehiengoak modu sistematikoan blokeatu izan ditu, argudiaturik aldaketa horiek ez zirela beharrezkoak. 2019an, baina, dena aldatzen hasi zen, Japoniako iritzi publikoak erantzun egin baitzuen bortxaketa kasu batzuetan absoluzioa eman zutela-eta, denak ere aste gutxiren buruan emandako ebazpenak. Kasurik polemikoena aita-alaba batzuena izan zen: aita absolbitu egin zuten, 19 urteko alaba bortxatzeaz akusatu ondoren; epaimahaiak aitortu bazuen ere onetsi gabeko sexu harremana izan zela, eta aitak indarkeria erabili zuela eta alabaz fisikoki eta sexualki abusatu zuela, epaileek argudiatu zuten alabak bazuela aitari kontra egiten ahalegintzerik. Sententzia haren ondorioz, inoizko haserrealdirik handiena piztu zen herrialdean, eta, azkenean, bigarren auzialdian, herrialdeko auzitegi gorenak kondenatu egin zuen gizona.
«Soilik baietz da baietz»
Gobernuz kanpoko zenbait erakunde feministak begi onez ikusi dituzte legean egin berri diren aldaketa horiek, baina nabarmendu dute oraindik asko dagoela egiteko. Human Rights Now gobernuz kanpoko erakundeko kide da Junko Nakayama, eta, hark azaldu duenez, legedi berriak aurrerapenak badakartza ere, Japonia beste herrialde batzuen aldean oso atzera dago oraindik ere sexuaren inguruko ikusmoldeari eta onespenaren irizpideari dagokionez. Aktibista horrek Espainia nabarmendu du «soilik baietz da baietz» mentalitatearen erakusgarri diren legeak darabiltzaten herrialdeen adibide gisa; ikusmolde horren arabera, sexu bikotekideek baiezkoaren onespen argi bat eduki behar dute, eta ez onespena bere hartan asumitu kontrakorik adierazi ezean. Nakayamak dioenez, «Japonian badirudi oraintxe aurkitu berri dutela ezetz beti dela ezetz».
Yu Tadokoro, berriz, bortxaketen biktima diren emakumeak biltzen diren elkarte bateko kidea da, Spring elkartekoa, eta, haren ustez, aurrerabide handia da onespena hartzea ardatz nagusitzat, eta garrantzitsua iruditzen zaio kontsideratzea bikotekideen artean onespena ez dela berez edo modu iraunkorrean ematen, eta litekeena dela batek besteari onespena ukatzea. Aktibista horren ustez, Japonian oraindik ez dira behar beste aitortzen eta laguntzen biktimak, eta, horregatik, bortxaketa batetik bizirik irten diren biktima askok urteak eta urteak behar izaten dituzte zer gertatu zaien onartzeko; beste batzuek, berriz, bizitzaren zati handi bat ematen dute trauma horren osteko estresak eragindako nahasmenduaren edota bestelako ondorio batzuen kontra borrokatzen, inolako babes publikorik jaso gabe.
Adina eta voyeurismoa
Erreformak beste aldaketa garrantzitsu bat ere badakar: onespenerako adina handitzea, 13 urtetik 16ra; salbu eta alde biak adingabeak badira, edo bien artean bost urteren aldea badago. Herrialde garatuen artean, gaurdaino, Japoniak zeukan sexu onespenerako mugarik txikiena adingabeei dagokienez, eta 1907az geroztik egon da indarrean. Erreformaren eraginez, bat egingo du Mendebaldeko herrialde nagusien batezbestekoarekin.
Lege horri egindako zuzenketek areagotu egiten dute adingabeen babesa, eta, lehenbizikoz, delitutzat tipifikatu da haurren ziberjazarpen sexuala, eta horrek erraztu egingo du sexu izaerako argazkiak ezjakinean ateratzeaz edo banatzeaz akusaturikoak auzipetzea. Hain zuzen ere, Japonian pil-pilean dago gai hori: esaterako, upskirting jarduera fetitxista—norbaiten gonapetik haren azpiko arropari, hankarteari edo genitalei argazkiak ateratzea baimenik gabe— eta kamera ezkutuen erabilera —emakumeei argazki esplizituak ateratzeko— arazo bat izan dira urte askoan, baita Japoniako Parlamentuko behe ganberan bertan ere.
Nolanahi ere, Japoniako Gobernuaren asmoa da bost urteren buruan berrikustea eta eguneratzea Zigor Kodeko aldaketa horiek; izan ere, ziur egon nahi du aldaketa horiek gaur egungo zirkunstantzien ispilu direla, legearen zuzenketetan argi azalduta dagoen moduan.
Onespena Japoniara iritsi da azkenean
Erreforma bat onartu dute, eta, lehen aldiz, Zigor Kodean onespena aintzat hartu dute sexu eraso bat egin den zehazteko funtsezko irizpide gisa, indarra erabili den edo ez alde batera utzita; 13 ez, 16 izango da sexu onespenerako gutxieneko adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu