Protestak herrialde arabiarretan. Libia

«Ongi etorri Tripoli askera»

«Atera nahi beste argazki, Tripoli askean zaudete eta!». Harrera beroa egiten dute Libiako hiriburu sarrerako kontrol postuetan. Itxura batean, Tripoli ez da Bagdad edo Kabul bihurtu oraingoz.

Gaddafiren kontra altxatu diren matxinoen kontrol postu bat, Tripoliko sarreran. KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Tripoli sarrerako kontrol postuetan harrera egiten diete nazioarteko kazetariei Muammar Gaddafiren kontra altxatu diren gerlariek. «Tripoli askera» ongietorria, eta argazkiak ateratzeko gonbita. «Uste baino askoz ere erresistentzia txikiagoa topatu dugu. Askatasunaren zain zegoen jendea, gure zain, hain juxtu», dio Nashidek. Gerlari horrek, baina, aitortu digu hainbat erresistentzia aztarna badirela oraindik: «Frankotiratzaile ugari harrapatu ditugu Tripolin, baita autoetatik tiroka hasi diren batzuk ere».

Edonola ere, duela hamar egun pentsaezina zen Zintandik —Tripolitik 160 kilometrora hegoaldean— horrelako txangoari ekitea autoz. Atzo, Az Zauija hiria gurutzatzen duen errepidean normaltasuna zen nagusi, eta, Tripolirako bidean, kontrol postuetan nekez ikusten zen auto miaketarik ezta dokumentuen kontrol zorrotzik ere. Matxinoen eta NATOren arteko eraso konbinatua ekuazio askaezina bilakatu da Gaddafiren soldaduentzat.

Askok diote mendebaldeko mendikateko matxinoek eman diotela buelta gerra zibilari. Misrata eta Bregako fronteak, hain zuzen, bi hilabete zeramatzaten izozturik. Nafusari ahaztutako frontea ere deitu ohi zaio; apenas bereganatu duen medioen atentziorik, baina hura izan da garaipenerako giltza. Asteotan, mendietatik basamorturako bide azkarrari ekin diote hango matxinoek. Bir Ganam, Gezaia eta Takut, esaterako, erreboltarien mendean dira, orain herri huts eta suntsituak besterik ez badira ere.

«Gezaiako herritar gehienak joanak ziren gu sartu orduko. Arabiarrak ziren denak», jaso zuen BERRIAk Nalut herrian. Antza, arabiar eta amazigen arteko antzinako ondoeza ere tartean izan da azken sei hilabeteotako gerran. Matxinoek askatutako hainbat herriren egoera da, hain justu, oraindik kontatzeke dagoen beste istorioetako bat.

Gezaiako biztanleek egin legez, badirudi tripoliar ugarik ere ihes egitea erabaki dutela. Xehetasun bat oso esanguratsua da: ez dugu ikusi auto pilaketarik Tripolirainoko bidean; bai, ordea, errepidearen beste aldean.

Hartuko al dituzte Gaddafiren jarraitzaileek dagoeneko hutsik dauden Tunisiako errefuxiatu guneak? Aurki jakingo dugu. «Egia da, jende asko joan da errepresalien beldur, edo, besterik gabe, oso egoera zaila daukagulako orain Tripolin», dio Akram izeneko tripoliar batek, hiriburuko medinan.

Leialtasun politikoak baino gehiago, ziurrenik Tripoliko bizi baldintza eskasek uxatuko zuen hiritarren multzo handi bat. Hiriburuko alde zaharreko hainbat denda eta okindegi irekita izan arren, janari eskasiak eta, batez ere, urik ezak, ez dute, inondik ere, normaltasunerako bidea errazten.

Azkeneko lau egunotan tripoliarren %70ek ez dute urik izan etxean. Ur kamioiak arduratzen dira ura hirian zehar garraiatzeaz. Aldi berean, urria da oso gasolina nahiz gasaren horniketa. Ez da harritzekoa, beraz, autoaren depositua betetzea hamazortzi aldiz garestiagoa izatea gerra otsailean piztu zenetik.

Gerraz besteko kezkak

«Gogor ari gara krisi honi aurre egin ahal izateko; aurki konponduko da dena», esan zuen atzo Libiako de facto-ko Osasun ministro Barakat jaunak, Corintia hotelean emandako prentsaurrekoan. Bengaziko ofizialak «sabotajeei nahiz langilerik ezari» leporatzen zieten oinarrizko horniketaren arazoa. Bitartean, ura, gasa eta bestelako horniketak dakartzaten itsasontzien zain dira gehienak.

Zailtasunak zailtasun, berehala iristen dira albisteak Libiako beste puntu beroetatik. Surten, Tripoli ekialdean, matxinoek hamar eguneko epea eman diete hangoei errenditzeko. Hala ez egitekotan, Gaddafiren jaioterria «beste Misrata bat» bilakatuko litzateke; erabat isolatuta gelditu liteke hiria arerioaren setiopean.

Eta Misratatik ere iristen dira albisteak: «Ba al zenekien jendea protestan ari dela Misratan gaur? Ez dute nahi Bengaziko jendeak Tripoliko boterea hartzerik», dio Abdulaziz tripoliarrak. «Misratarrek Bengaziko jendea gorroto dute, eta alderantziz, betidanik. Batzuk gerra bukatzear dagoelakoan daude, baina hasi besterik ez da egin», gaineratu du bere hiritik oraindik alde egin ez duen gizon horrek.

Gauero bezala, armatutako matxino ugari bildu dira plaza berdean, hiri erdigunean. Gaddafiren emaztea eta bere semeetako hiru Aljerian daudela baieztatu du gaur hango Atzerri ministroak. Gerlariak aireari tiroka ari dira, etengabe, garaipena ospatzeko. Esperokoa zen, bikoitza baita gaurkoa: garaipena batetik, eta, bestetik, Ramadanaren bukaera. Bost axola denei han herenegun paratu zen kartel handia: Ez egin tiro aireari, arriskutsua da eta.

Oharrari kasu egin ez, eta hegazkinen kontrako metrailadoreak ere erabiltzen dituzte matxinoek, hilabeteotako tentsioa askatzearren. «Gure su festak dira hauek, ez besterik», dio Hafiz zintandarrak, bala marrazleen izpi gorriei so. Zeru beltzean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.