Oposizioko koalizioa Siriako ordezkari izendatu du Turkiak

Frantziak Europako Batasunari eskatu dio koalizio berriari «defentsarako armak» ematea baimentzeko

Erredakzioa
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuaren aurkako presioa bizkortzen ari da. Persiar golkoko herrialdeen eta Frantziaren ondoren, bizilagun duen Turkiak aitortu dio legitimitate osoa Siriako oposizioko koalizio berriari. Ahmet Davutoglu Turkiako Gobernuko Atzerri ministroak Siriako herriaren ordezkari bakartzat onartu du NCSPRO Siriako Iraultzaileen eta Oposizioko Indarren Koalizio Nazionala. Eta, beste behin, Baxar al-Assaden gobernuaren aurka hitz egin du: «Legitimitate osoa galdu du, uko egin baitie herritarren bidezko eskaerei». Davutoglu Lankidetza Islamikorako Erakundeko kideekin bildu zen atzo, Djibutin; erakundea osatzen duten gainerako 56 herrialdeei Siriako oposizioko koalizioa onartzeko eskatu die.

Europan, Frantziak babestu du argien NCSPRO. Siriako herriaren ordezkari bakartzat onartu du, eta François Hollande presidenteak Parisera gonbidatu du koalizioko presidente Ahmed Muaz al-Khatib. Horrez gain, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak Europako Batasunari eskatu dio Siriako oposizioari «defentsarako armak» ematen uzteko: «Orain arte, debeku bat dagoenez, Europatik ez da armarik bidali. Baina defentsarako armez hitz egin daiteke, eta hitz egingo da. Fabiusek adierazi du oposizioak berak eskatu diola armen kontua EBra eramateko. Hain zuzen ere, Al-Khatibek aste honetan adierazi du EBren onarpena ezinbestekoa duela «gobernu gisa jarduteko».

Errusia, berriz, Siriako oposizioari armak ematearen aurka agertu da. Alexandr Lukaxevich gobernuko bozeramailea: «Nazioarteko legedia urratzea da gobernu legitimo baten aurkako borrokan oposizioa kanpotik armatzea». Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren ustez, Al-Assad kanporatuta ez litzateke amaituko Siriako indarkeria.

Londresen bilera, gaur

William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroa Siriako oposizioarekin bilduko da gaur Londresen. Bileran hitz egingo dute «Sirian trantsizio demokratiko bat bultzatzeko Erresuma Batuak eman dezakeen laguntza ez hilgarriaz». 30 bat lagunek hartuko dute parte bileran. Ez dute jakinarazi oposizioko zein kide izango diren bertan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.