Optogenetika arloko hiru zientzialarik irabazi dute Medikuntzako Nobel saria

Karl Deisseroth, Peter Hegemann eta Georg Nagel zientzialariek eskuratu dute saria. Neurozientzian «aro berri bat» ireki dutela iritzi dio Stockholmgo Karolinska institutuak.

Karolinska institutuko ordezkaria, eta, atzean, saria irabazi duten hiru ikerlarien irudiak, Stockholmen. PONTUS LUNDAHL / EFE
Karolinska institutuko ordezkaria, eta, atzean, saria irabazi duten hiru ikerlarien irudiak, Stockholmen. PONTUS LUNDAHL / EFE
gotzon hermosilla
2026ko urriaren 5a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zientzia fikzioa dirudi, baina errealitatea da: argiaren bitartez, posible da zelula bizidunen portaera moldatzea. Eta metodo hori neuronei aplikatzen zaienean, posible da neuronak piztu eta itzaltzea, eta izaki bizidunaren erreakzioak eta portaerak baldintzatzea. Optogenetika deitzen zaio horri, eta alor horretan aritutako hiru ikerlariri eman diete Medikuntzako Nobel saria, Stockholmgo Karolinska institutuak iragarri duenez: AEBetako Karl Deisseroth, eta Peter Hegemann eta Georg Nagel alemanak.

«Argiak aktibatutako kanal ionikoen inguruan egin dituzten aurkikuntzak» saritu nahi izan ditu Suediako institutuak; haren ustez, neurozientzian «aro berri bat» ireki dute hiru zientzialarien ikerketek. Izan ere, optogenetikak zalantza ugari planteatzen ditu, badagoelako pentsatzen duenik horren bitartez lor litekeela gizakiaren oroitzapenak, pentsamenduak eta jokabideak kanpotik manipulatzea. Baina optogenetikak zenbait ate ere ireki ditu parkinsona, epilepsia, depresioa eta beste gaitz batzuk ikertzeko, eta gaur egun teknika hori erabiltzen dute ikusmena galdu duten pazienteak sendatzen saiatzeko.

Hegemannek eta Nagelek ikertu zuten nola egiten zuten zelula bakarreko algek argitara igeri egiteko, eta proteina bat aurkitu zuten alga horietan: argi urdinaren eraginpean, kanal bat irekitzen da proteina horretan, bulkada elektriko bat sortzen da, eta zelula argiarekiko sentikor bilakatzen da. Geroago ikusi zuten gauza bera lortzen zutela beste zelula batzuetan, proteina hori zelulan sartuta.

Deisserothek, berriz, beste urrats bat egin zuen bide horretan: proteina hori saguen garunetako neuronetan txertatuta, ikusi zuen horiek ere argiarekiko sentikor bilakatzen zirela, eta geroago, lortu zuen argiaren bitartez etengailu moduko bat sortzea, eta horrekin saguen neuronak piztea eta itzaltzea.

Aurten 125 urte beteko dira Medikuntzako Nobel sariak estreinako aldiz eman zituztenetik, eta, hori dela eta, handitu egin dute sariaren zenbatekoa: 1,1 milioi eurokoa izango da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA