Orain arteko aurrerapausoak, arriskuan

Gaur egingo dute Txileko Konstituzioa aldatzeari buruzko bigarren erreferenduma. Manuel Antonio Garreton soziologoak ohartarazi duenez, eskuinekoen proposamenak indarkeria erabiltzearen eta erregimen autoritarioa ezartzearen alde egiten du.

CHILE CONSTITUCIÓN(1)
Eskuinekoen konstituzio proposamenaren banaketa kanpaina, Santiagon, azaroaren 17an. ELVIS GONZALEZ / EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Konstituzioa aldatzeari buruzko bigarren erreferenduma egingo dute gaur Txilen, eta, inkestek diotenez, eskuindarren proposamenaren aurka bozkatuko dute herritar gehienek. Hala bada, Augusto Pinochet diktadoreak 1980an ezarri zuen konstituzioak indarrean jarraituko du —hirurogei berrikusketa baino gehiago egin dizkiote sistema demokratikoa martxan jarri zutenetik, baina askok uste dute ez dituela asetzen egungo beharrak—. Manuel Antonio Garreton soziologoak ziurtatu du Pinocheten «konstituzio berritua» aukera hobea dela eskuineko alderdien zirriborroa baino: «[Eskuinak eratu duen konstituzioak] Esplizituki indartuko luke eredu neoliberala. Argi adierazten du eskubideak estatuaren menpe daudela, eta hori onartzea diktadurara bueltatzea izango litzateke». Gabriel Boric herrialdeko presidenteak eta gainerako ezkerreko sektoreek horren kontra bozkatzeko eskatu diete boto emaileei.

Duela lau urte, aldaketa soziopolitikoa aldarrikatzeko manifestazioak antolatu zituzten herritarrek, eta horrek ezinegona sortu zuen gobernukideen artean. Egoera konpondu nahian, eta eskaerei erantzuna emateko asmoz, Sebastian Piñera garai hartako presidenteak (2018-2022) konstituzio berri bat egitea proposatu zuen. Herritarren parte hartzea kontuan hartu zuen prozesu konstituziogile luze baten ostean, iaz aurkeztu zuten lehenengo zirriborroa; besteak beste, emakumeen, indigenen eta oinarrizko eskubideen aldeko neurriak bildu zituen ezkerra gehiengo zuen batzordeak. Galdeketa egin zuten, eta %61,9k horren kontra bozkatu zuten. «Ulertzeko zaila zen hizkera bat erabili zuten, eta ez zuten argi utzi zein zen ordena sozial berria», azaldu du Garretonek.

Gaurko erreferendumean, berriz, bestelakoa da dilema: eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek garatu duten hitzarmen sozialak orain arte egindako urratsak desegingo lituzke; abortuari eta migranteei dagokienez, bereziki. «Aurrerapauso gutxi izan dira Txilen, baina gehienak oso positiboak izan dira», azaldu du soziologoak. Eskuinekoen konstituzio proposamenaren aurka bozkatzeko beste arrazoi bat gehitu du jarraian: «Pinocheten konstituzioak erreformak egiten jarraitzeko aukera emango liguke; besteak, ez». Ziurtatu duenez, gizarteko desoreka indartzeaz gain, eskuineko konstituzioa onartzeak mobilizazioak eragingo lituzke: «Indarkeria erabiliz geldiarazi beharko lirateke protestak, eta hori da, zehazki, eskuineko alderdiek egin nahi dutena, erregimen autoritarioa ezartzeko modua emango lieke eta».

«Klase politikoak bere buruan pentsatzen du soilik, eta, herritarrentzako mesedegarria den zerbait aurkezten duenean, inork ez du horren parte izan nahi».

MANUEL ANTONIO GARRETON Soziologoa

Zer nahi dute, beraz, Txileko herritarrek? Zalantzarik egin gabe erantzun du Garretonek: «Eguneroko arazoak konponduko dizkieten arauak nahi dituzte. Segurtasuna, ordena eta estatuarekiko hurbiltasuna bermatzea eskatzen dute». Ez dira betekizun errazak. Soziologoak azaldu duenez, mendearen hasieran hautsi egin ziren elite politikoaren eta kaleko mugimenduen arteko harremanak, eta apurketa hori nabaria izan zen 2011ko, 2012ko eta 2019ko mobilizazioetan. Instituzio politikoek elkarlana berreskuratzeko ahalegina egin dute prozesu konstituziogilearen bidez, baina ez dute ezer lortu: «Klase politikoak bere buruan pentsatzen du soilik, eta, herritarrentzako mesedegarria den zerbait aurkezten duenean, inork ez du horren parte izan nahi». Are gutxiago kontuan izanda konstituzio berriak norberaren askatasuna murriztuko duela.

Herritarrak halako prozesuez nekaturik daudela ere azpimarratu du soziologoak, baina, aldi berean, uste du beste bide batzuk erabiliko dituztela eskaerak gobernuari helarazteko. Boricek, berriz, iragarri du ezezkoak irabaztekotan ez duela beste prozesurik abiatuko konstituzioa aldatzeko.

Datozen hauteskundeak

Kontraste politikoko herrialdea izan da beti Txile: herenen herrialdea deitu izan dute urteetan zehar, baina «hiru poloen herrialdea» deitzea nahiago du Garretonek. «Sindikalismoa aldarrikatzen du ezkerrak, erdiko klaseen alde egiten du kristau demokraziak, eta sektore menderatzaileak ezarri nahi ditu eskuinak».

Egungo egoera politikoak, ordea, koalizioak eta akordioak egitera behartzen ditu alderdietako kideak: «Ultraeskuineko mugimendu antolatuek galtzeko arriskua dute egungo gizarteetan, baina, eskuineko alderdi moderatuekin elkartzen badira, boto gehiago lor ditzakete». Era berean, ezkerrak beharrezkoa du indarrak batzea sozialdemokratak diren alderdiekin, «pentsaezina» izango bailitzateke gobernua osatzea soilik Alderdi Komunistarekin eta Frente Amplio alderdiarekin.

Garretonek ez du gustuko aurreikuspenak egitea, baina uste du hurrengo urteko udal hauteskundeetan eta 2025eko hauteskunde orokorretan halako aliantzak beharrezkoak izango direla oraindik ere. Alde horretatik, gaurko erreferendumak «izugarrizko garrantzia» izango duela uste du: «Gaur ezezkoak irabazten baldin badu, uste dut udal hauteskundeetako emaitzek ezkerreko alderdien akordioak erraztuko dituztela eta, beraz, hauteskunde orokorretan eskuineko alderdiei aurre egiteko hautagaitza bakarra aurkeztuko dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.