Azken boladan, Ameriketako Estatu Batuek hainbat estrategia probatu dituzte Ekialde Hurbileko gatazkaren harira: Iranen aurkako otsailaren 28az geroztiko erasoaldia, Israelekin batera; akordioren bat lortzeko negoziazioak, Pakistan bitartekari dela; su etena, hauskorra izanagatik ere, indarrean da eskualdean; eta Irango portuen blokeoari ere eusten ari dira. Donald Trump AEBetako presidenteak Ormuzen esku hartzeko beste operazio bat iragarri zuen herenegun, Askatasuna proiektua delakoa, itsasarte horretan ez atzera eta ez aurrera dauden ontziak eskoltatzeko; gaur goizaldean, ordea, hura «tarte labur baterako» etengo duela esan du sare sozialetan, hori adostu duela Teheranekin, ikusteko ea posible den itunen bat «lortzea eta sinatzea».
Erabaki hori hartzeko argudioak ere plazaratu ditu: «egundoko garaipen militarra» lortu izana, Pakistanek eta beste zenbait herrialdek —ez ditu zehaztu zeintzuk— jarrera gerrazalea bazter uzteko eskatu diotela, eta «Irango ordezkariekin» hitzarmen bat erdiesteko «aurrerabideak». Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak eskerrak eman dizkio Trumpi sare sozialetan, eta jakinarazi Saudi Arabiak ere egin diola eskari hori AEBetako presidenteari.
Diplomaziari beste aukera bat eman dio Trumpek. Ez, ordea, mehatxurik egin gabe: «Kontuan izanda Iranek adostutakoa onartuko duela —agian gehitxo espero dugu—, Furia epikoa operazio itzela amaiaraziko dugu, eta ezarri dugun blokeo eraginkorrak modua emango du Ormuzko itsasartea guztiontzat zabaltzeko, Iran barne. Ez badute onartzen, bonbardaketak hasiko dira, eta, tamalez, aurrez baino larriagoak izango dira», idatzi du Truth Social sare sozialean.
Halere, ikusi beharko da bi aldeek Islamabaden apirilaren 11n eta 12an egindako elkarrizketa saioei berriro ekingo ote dieten; orduz geroztik ez dira bildu Washingtonen eta Teheranen ordezkaritzak, nahiz eta Etxe Zuriak gatazka konpontzeko pare bat proposamen jaso dituen —atzera bota ditu, argudiatuta Iranek azkenerako utzi nahi dituela programa nuklearrari buruzko negoziazioak—.
Bada, AEBetako Axios hedabideak kaleratu duenez, Washingtonek uste du balitekeela «orri bateko memorandum bat» adostea, gerra amaiarazteko eta auzi nuklearrari heltzeko «esparru bat» ezartzeko; hori esan diote bi funtzionariok eta elkarrizketen gertuko iturriek. Ondoren, Pakistango iturriek Reuters albiste agentziari baieztatu diote «zehatza» dela informazio hori: «Agudo itxiko dugu. Gerturatzen ari gara».
Testu horrek honako hauek jasoko lituzke: Iranek aldi batez uranioa ez aberastea, haren kontrako zigor ekonomikoak kentzea eta Ormuzko itsasarteko blokeoak bertan behera uztea —bai AEBek Irango portuei ezarria diena, bai Irango armadak gatazka areagotu zenetik ezarritakoa—.
Akordio bat lortzeko esperantza apalarazi du Teheranek. Ebrahim Rezaei Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko bozeramaileak esan du AEBen eskakizun sorta «desio zerrenda» bat dela: «AEBek ez dute galdutako gerra baten bidez lortuko aurrez aurreko negoziazioetan lortu ez dutena». Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak gaineratu duenez, Washingtonek lortu nahi duena Iran «errenditzea» da.
Islamiar errepublikako agintariek ez dute horretarako asmorik, eta ez dute baieztatu AEBekin Askatasuna proiektua bertan behera uztea adostu dutenik. Hori bai, Tasnim albiste agentziak, Irango Guardia Iraultzailearekin lotura duenak, idatzi du Trumpek atzera egin behar izan duela, eta operazioak «porrot» egin izana «ezkutatzen» saiatu dela —AEBetako armadak esan duenez, bi ontzi eskoltatu ditu—. Ondoren, ohar bat kaleratu du Irango Guardia Iraultzaileak: «Erasotzailearen mehatxuak amaituta», baliteke Ormuzen nabigazio «seguru eta iraunkorra» bermatu ahal izatea.
Ormuzko kontrola blindatzen
AEBetako presidentearen iragarpenarekin kointziditu du Iranek Ormuzen duen eragina blindatzeko azken ekinaldiak. Herrialde hartako hedabideek gaur kaleratu dutenez, gobernuak itsasarteko nabigazioa kudeatzeko erakunde bat sortu du, Persiar Golkoko Itsasarteko Agintaritza. Ormuz gurutzatu ahal izateko prozeduraren berri ere eman dute: itsasontzien konpainiek formulario bat bete beharko dute, bidesaria ordaindu beharko dute, eta ondoren posta elektronikoz helduko zaie baimena. Apirilaren amaieran, Irango Parlamentuko presidenteordeak ziurtatu zuen zenbait ontzik ordaindu egin zutela itsasartea zeharkatzeagatik.
Ormuzko nabigazio askatasuna bermatzeko ebazpen bat proposatu dute AEBek Nazio Batuen Erakundean, Persiar golkoko zenbait herrialderekin batera —Bahrain, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait eta Qatar—. Hori jakinarazi du bart Marco Rubio Estatu idazkariak, eta iragarri «datozen egunetan» bozkatuko dutela Segurtasun Kontseiluko kideek. Espero du Txinak eta Errusiak ez dutela betoa erabiliko, duela hilabete inguru golkoko herrialde horiek eta Jordaniak aurkeztutako beste ebazpen batean erabili zuten bezala —kontseiluko bi kide iraunkor horiek argudiatu zuten testua ez zela «objektiboa», eta «epe laburrera» begira zegoela idatzia—. Ohar bidez, Rubiok zehaztu du ebazpenean erasoak etetea, minak erauztea eta bidesarien sistema deuseztatzea «exijitzen» diotela Irani, baita Ormuzen «korridore humanitario bat» ezartzea ere.
Apirilaren 8tik su etena indarrean den arren —printzipioz bi asterako zen, baina eperik zehaztu gabe luzatu zuten—, Arabiar Emirerri Batuek salatu dute Iranek misilak eta droneak jaurti dituela haien kontra astearen hasieratik; jaurtigaiek herrialde hartako petrolio konpainiaren petroliontzi bat jo zuten, eta sua piztu petrolioa esportatzeko Fujairahko portuan. Bart, Irango Atzerri Ministerioak gezurtatu egin ditu Arabiar Emirerri Batuen akusazio horiek, ohar bidez.
israelek beiruti eraso egin dio, tregoa onartu zenetik lehenegoz
Israelek Libanon eraso egiten jarraitu du gaur ere, eta herrialdeko hiriburua izan du jomugan apirilaren 17an su etena adostu zutenetik lehen aldiz —hil honen erdialdean da amaitzeko tregoa—. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak ohar bat kaleratu zuten esanez Hezbollah talde xiitako buruzagi bat hiltzea zela Beiruten egindako erasoaren helburua.
Tregoa indarrean sartu zenetik, Tel Avivek Libano hegoaldean erasoak egiten jarraitu du egunero, eta suntsitu egin ditu Israelgo mugatik hurbil dauden zenbait herri. Martxoaren hasieratik 2.700 pertsona baino gehiago hil dituzte Libanon. Menia indarrean sartu zenetik gaur arte, ordea, Israelgo armadak ez zuen erasorik egin Beiruten.