Ormuzko blokeoak ikatzaren eskaera areagotuko duela ohartarazi du IEAk

Teheranek eta Washingtonek Ormuzen koontrola bereganatzeko borrokan jarraitzen dute. Brent upela ehun dolarretik gora dago, eta, aurreikuspenen arabera, %1,2 haziko da ikatzaren eskaria munduan.

Emakume bat Teheranen, uztailean, Donald Trumpen irudi bat atzean duela, hainbat esku lepoa bihurritzen ari zaizkiola. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat Teheranen, uztailean, Donald Trumpen irudi bat atzean duela, hainbat esku lepoa bihurritzen ari zaizkiola. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 10a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek elkar bonbardatu zuten atzo Ormuzko itsasartean, eta eremu horretan egin duten eraso olde handiena izan zen otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik. Donald Trump AEBetako presidenteak bart Alderdi Errepublikanoaren kongresuan esan du Iran «kolapsatzetik gertu» dagoela, eta azaroan AEBetan egitekoak diren legegintzaldi erdiko bozen ondoren amaituko dela gerra. Iranek, ordea, ez du amore emateko asmorik, eta auziak luze jo dezake. Hori dela eta, Brent upela eta ikatza garestitu egin dira.

Persiar golkoko gatazkaren ondorioz petroliontziak ez aurrera eta ez atzera daude Ormuzen, eta horrek erregai eskasia sortu du munduan. Hori dela eta, Brent upelak ehun dolarretik gora jarraitzen du.

Horrekin lotuta, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak txosten batean gaur jakinarazi duenez, 2026rako aurreikuspenen arabera, %1,2 haziko da ikatzaren eskaria munduan. Berez, ikatza garraiatzen duten ontziak ez dira Ormuztik igarotzen, baina Ekialde Hurbileko gatazkak ikatzaren eskaria handitzea eragin du, zeharka bada ere. Izan ere, gas natural likidotuaren fluxuak nabarmen murriztu dira, eta horrek igo egin du gas naturalaren prezioa. IEAren arabera, Ormuzek da eskaria lehengora itzultzeko gakoa. Pasabideak ia guztiz itxita jarraitzen badu, ordea, kontsumoa are gehiago handituko da.

Estrategikoki oso eremu garrantzitsua bilakatu da Ormuz. Bertatik igarotzen da munduko petrolioaren %20 inguru, eta hori da Teheranek Washingtoni presio egiteko hartu duen neurri nagusia; pasabidea itxita mantendu du, eta Irango Guardia Iraultzailearen baimena daukaten ontziei soilik utzi die pasabidea gurutzatzen. Gainera, baimen hori eduki gabe pasabidea gurutzatzen saiatzen diren ontziak bonbardatu egin ditu.

Horrez gain, bidesaria ezarri nahi die Ormuz zeharkatzen duten ontziei. AEBek, ordea, hori saihestu nahi dute —bidesari sistema hori nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa da—, eta azken asteetan beste itsasbide bat zabaldu du Omandik gertu. Auzi horretan aditua den TankerTrackers atariak zabaldu duenez, mugimendu horri esker, egunean lau milioi upel inguru garraiatzea lortu dute AEBek azken asteetan.

Hala ere, ontziek bonbardatuak izateko arriskua daukate, ez batzuek eta ez besteek ez daukatelako erasoak gelditzeko asmorik. Azken asteetan, Irango agintariek ez diote aterik itxi diplomaziari, baina argi utzi dute begia begi truk jokatuko dutela bitartean. «Etsaiak gure bi edo hiru ontzi erasotzen baditu, guk gogor erantzungo dugu hogei helbururi eraso eginez», adierazi zuen atzo Hosein Mohebi Irango Guardia Iraultzailearen bozeramaileak.

Horrekin lotuta, errepublika islamikoak inguruko uretan murrizketa gehiago ezartzeko asmoa agertu du. Beste «eremu mugatu» bat ezarri nahi du Ormuzko itsasartetik kanpo. Horrela, pasabidearen gaineko murrizketa areagotzeko eta, ondorioz, nazioarteko petrolio merkatua are gehiago mugatzeko.

Washingtonek, berriz, bere autoritatea ezarri nahi du pasabidean, eta petroliolioaren nabigazio askea berrezarri. Trumpek, esaterako, behin eta berriro errepikatu du Washingtonek daukala Ormuzen gaineko kontrola, eta azken egunetan esan du Ormuzko itsasarteari izena aldatuko diola, eta Trump pasabidea izendatuko duela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA