Ostiraletik igandera 3.700 migrante heldu dira Afrikatik Kanarietara

Erreskate zerbitzuek 28 ontzi eraman dituzte Hierro irlara. Zapatuan 1.580 migrante heldu ziren artxipelagora, egun bakarrean iritsitako kopururik handiena.

Erreskate ontzi bat eta migranteak zihoazen txalupa bat, atzo, Hierro irlako La Restinga portuan. GELMERT FINOL / EFE
Erreskate ontzi bat eta migranteak zihoazen txalupa bat, atzo, Hierro irlako La Restinga portuan. GELMERT FINOL / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 16a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteko sasoi honetan bareagoak egon ohi dira Afrika mendebaldeko kostaren eta Kanarien (Espainia) arteko urak, eta, hori dela eta, migrante gehiago abiatu ohi dira artxipelago horretarantz. Afrikako migranteak zihoazen hainbat txalupa erreskatatu dituzte ostiraletik igandera Kanarietan, eta ia 3.500 lagun eraman dituzte Hierro irlara, larrialdi zerbitzuetako-eta iturriek jakinarazi dutenez. 28 txalupa izan dira guztira: 843 migrante zihoazen zortzi ontzi ostiralean; 1.327 zihoazen hamahiru ontzi zapatuan; eta 1.261 zihoazen beste zazpi atzo. Beste berrehun baino gehiago Kanaria Handia edo Tenerife irletara eraman zituzten.

Besteak beste, Senegalgo, Gambiako eta Mauritaniako zenbait portutatik abiatu ziren txalupa horiek, eta jatorriz hainbat herrialdetakoak dira migranteak: senegaldarrak, gambiarrak, bolikostarrak, burkinafasoarrak, mauritaniarrak, ginearrak... Batik bat Hierroko La Restinga portura eraman dituzte erreskatatutako ontziak, baita La Estacara ere, irla horretako portu nagusira.

Zapatuan hamahiru ontzi eraman zituzten Hierrora. Kanaria Handira eta Tenerifera ere eraman zuten ontzi bana; berrehun migrante inguru zihoazen ontzietako batean, eta 50 migrante inguru bestean. Egun horretan, hortaz, guztira 1.580 migrante heldu ziren Kanarietara, egun bakarrean heldu den kopururik handiena. Joan den asteburua baino lehen, migrante gehien heldu zen eguna 2020ko azaroaren 7a zen; 1.461 migrante heldu ziren.

Azaroan 96 txalupa heldu dira jada Hierrora, 9.000 migranterekin baino gehiagorekin, Efe albiste agentziak kaleratu duenez; urtarriletik urrira arte, berriz, 66 ontzi.

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera, urte hasieratik urrira arte Kanarietarantz abiatu diren 544 migrante hil dira itsasoan. Are, erakunde horren arabera, munduan ia 8.000 migrante hil ziren iaz itota, eta zazpitik bat, 1.172 migrante, Kanarietarantz abiatu ziren. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA