Hilero egin ohi duenez, Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak otsailaren balantze meteorologiko eta klimatikoa egin du. Azkar esanda, hilabete euritsua eta hotza izan da Europan, baina munduari erreparatuta, hilabete beroa izan da. Zehazki, 1850 eta 1900 arteko batez besteko tenperaturarekin alderatuta, munduko airearen tenperatura 1,49 gradu beroagoa izan da otsailean. Eta euriari dagokionez, Europako leku gehienetan giroa «oso euritsua» izan dela zehaztu du zerbitzuak, eta horrek uholde asko sortu dituela gehitu.
Copernicusek zabaldutako mapari erreparatuz gero, Eskandinavian, Finlandian, Islandian, herrialde baltikoetan eta Alemaniaren eta Poloniaren parte batzuetan izan ezik, gainontzean ohi baino «askoz euri gehiago» egin du; bereziki Irlandako, Erresuma Batuko, Espainiako, Frantziako, Balkanetako eta Turkiako eskualde batzuetan, inoiz neurtutako otsailik euritsuena erregistratu baitute. Euskal Herrian, euri kantitatea «batez bestekoa baino handiagoa» edo «batez bestekoa baino askoz handiagoa» izan da.
Kontrara, Eskandinavian, Finlandian, herrialde baltikoetan eta Islandian, hainbat lekutan erregistratutako otsailik lehorrena izan da.
Europa hotz, mundua bero
1991 eta 2020 arteko batez besteko tenperaturekin alderatuta, aurtengo otsaila 0,1 gradu hotzagoa izan da Europan. Batez beste, Europan -0,07 gradu zentigradu egin ditu joan den hilabetean. Munduan, berriz, egoera oso ezberdina izan da, erregistroak daudenetik otsail beroenetan bosgarrena izan baita, 1991 eta 2020 arteko tenperaturekin konparatuta 0,53 gradu beroagoa.
Negu borealari erreparatuz gero —2025eko abenduaren hasieratik 2026ko otsailaren amaierara—, munduan 0,51 gradu beroagoa izan da epe hori, 1991-2020ko batez bestekoaren aldean. Europan, berriz, negua azken hamahiru urteetako hotzena izan da, baina aipatutako 30 urteetako epearekin alderatuta, beroagoa izan da, 0,09 gradu.