Espainia

Pablo Iglesiasek politika utzi du, ezkerrak Madrilen porrot egin ondoren

Espainiako Gobernuko presidenteorde izateari utzi zion hauteskundeetara aurkezteko. Unidas Podemosek 2019an baino hiru eserleku gehiago lortu baditu ere, emaitza apala izan du, eta ezkerrak ez du gobernatzeko modurik.

Iglesias, alderdikidez inguratuta, Podemosen Madrilgo egoitzan, hauteskunde gauean. KIKO HUESCA / EFE
Andoni Imaz
2021eko maiatzaren 5a
07:53
Entzun

Pablo Iglesiasek ez du diputatu aktarik jasoko Madrilgo Parlamentuan, eta dimisioa emango du Podemos alderdiaren idazkari nagusi kargutik. Politika utziko du. Madrilgo Erkidegoko hauteskunde gauean bertan jakinarazi du, alderdikidez inguratuta. Iglesiasek bere gain hartu zuen Unidas Podemos salbatzeko ardura, eta, aurreko bozetan baino hiru eserleku gehiago lortu badituzte ere —koalizioa hauteskunde batzuetan aurreko alditik hazi den lehen aldia izan da—, eta nahiz eta biltzarrean sartzeko beharrezko botoen %5 aise eskuratu dituzten, ezkerraren porrota nabarmena izan da, eta Iglesiasek argi esan du bere lidergoa traba bat dela Unidas Podemosen instituzioetako bidean: «Ez dut batzen laguntzen».

«Politika utziko dut, alderdietako eta erakundeetako politika», adierazi du. «Nire herrialdearekin konprometituta jarraituko dut, baina ez naiz tapoi bat izango gure indar politikoaren buruzagitza berritzeko». Gainera, Iglesiasek uste du «pagaburu» bilakatu dutela, «demokraziaren kontrako jarraitzailerik ilunenak» mobilizatzeko asmoz.

«Harro nago gure herrialdearen historia aldatu zuen proiektua gidatu izanaz», esan du bart. Iglesiasek eta haren kideek 2014ko urtarrilean eratu zuten Podemos, M-15 protesta mugimenduaren abaroan, eta ia sei urteren ondoren, Espainiako koalizio gobernu bateko presidenteorde izendatu zuten. Joan den martxoan, kargu hori utzi zuen Madrilgo Erkidegoan ezkerreko gehiengo bat sortzeko asmoz, eta dagoeneko adierazi zuen alderdiaren buruzagitza berritu beharrean zirela.

Yolanda Diaz ministroak ordezkatu du presidenteorde karguan, eta Iglesiasek argi esan du hura nahi duela Unidas Podemosen zerrendaburu Espainiako Gorteetarako hurrengo hauteskundeetan.

Aldaketaren ikurra

«Sumindura aldaketa politiko» bihurtzeko asmoz sortu zuten Podemos, ezkerreko zenbait intelektualek eta ekintzailek 2014ko urtarrilean argitaratutako manifestu baten izenburuak zioen moduan. M-15 protesta mugimenduaren osteko giroan ezkerreko alderdi berri bat sortzeko espazioa zegoela uste zutenen artean zegoen Iglesias. Bera izan da alderdiaren burua hasieratik.

Etxean jaso zuen kontzientzia politikoa. Aitarengandik eta amarengandik, historia irakaslea bata eta abokatua bestea, baita aitonarengandik ere; Manuel Iglesias heriotza zigorrera kondenatu zuen frankismoak, gerora, hainbat lekukoren testigantzari esker, zigorra barkatu bazioten ere. Sozialista zen. Iglesiasek, berriz, komunistekin hasi zuen bere ibilbide politikoa.

Espainiako Gazteria Komunisten Batasunean aritu zen 21 urte zituen arte. Ordurako globalizazioaren kontrako taldeetan ari zen. Zuzenbidea eta Zientzia Politikoak ikasitakoa da, eta desobedientzia zibila izan zuen ardatz bere tesian. Doktoregoa lortuta, zientzia politikoetako irakasle gisa aritu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

Bertan ezagutu zituen gerora politikan bidelagun izango zituenetako asko. Podemos 2014ko martxoan eratu zen alderdi politiko gisa. Europako hauteskundeak izan zituen aurreneko mugarria, eta emaitza sekulakoa izan zen alderdi sortu berri bat izateko: 1,2 milioi boto eta bost eserleku lortu zituen Bruselan. Horietako bat, Iglesiasena.

Urte hartako azaroan izendatu zuten Iglesias idazkari nagusi, primarioen bidez. 2015ean, europarlamentari izateari utzi zion, urte horretako Espainiako hauteskundeetan buru-belarri aritzeko. Podemos hirugarren indarra izan zen Espainiako Kongresuan. 2016an sortu zen Unidas Podemos koalizioa, Izquierda Unidarekin elkartuta.

2017an, Podemosen Vistalegre II batzarrean, militanteek idazkari nagusi izaten jarraitzeko aukeratu zuten Iglesias, Iñigo Errejonek gidatutako zuzendaritzaren aurrean. Urtebeteren ondoren, Iglesiasek atzera militanteen esku utzi zuen karguan jarraitu ala ez, Irene Monterorekin batera 600.000 euroko etxe bat erosi izanak sortu zuen zalapartari erantzunez. Kideen %68k babestu zituen.

Mariano Rajoyren gobernuaren kontrako zentsura mozioaren ondoren, Unidas Podemosek ez zuen Pedro Sanchezen inbestidura babestu, eta, 2019an berriz hauteskundeak egin eta gero, PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio gobernu bat eratu zuten. «Ezker eraldatzaileak 80 urtean osatu duen lehen koalizio gobernua», Iglesiasen hitzetan. Podemosen buruak protagonismo nabarmena izan zuen negoziazio horietan, PSOEk betoa ezarri ziolako hasieran, eta gobernutik kanpo geratzeko prest zegoela adierazi zuelako.

Azkenean, 2020ko urtarrilean, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro izendatu zuten. Espainiako Gobernuko kide zela, torturaren erabilera onartu eta errefusatu zuen, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.