Pakistanek berretsi du ez duela zerikusirik Kaxmirko atentatuarekin

«Terrorismoaren afera helburu politikoetarako» baliatzea egotzi dio Pakistanek Indiari. Bi herrialdeetako armadek elkarri egin diote tiro, Kaxmir eskualdean.

Pakistango paramilitar bat Wagahko pasabidean, atzo. RAHAT DAR / EFE
Pakistango paramilitar bat Wagahko pasabidean, atzo. RAHAT DAR / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 25a
14:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Indiak Pakistan jo du Kaxmirren asteartean 26 hildako eragin zituen erasoaren erantzule, eta, horri erantzuteko, Pakistango Senatuak ebazpen bat onartu du gaur aho batez, eta adierazi ez duela zerikusirik atentatuarekin. Honela dio testuak: «Indiako Gobernuak orkestratu duenfede txarreko kanpaina kondenatzen da; helburu politikoetarako baliatzen du terrorismoaren afera». Gainera, «edozein agresiori» erantzuteko eta Pakistanen lurralde osotasuna defendatzeko prest daudela berretsi du.

Indiaren eta Pakistanen artean dago banatuta Kaxmir eskualdea —Txinak ere kontrolatzen du zati bat—, eta bi herrialdeek eskatzen dute lurralde osoaren jabetza. Hainbatetan piztu da gerra bien artean, eta 1972tik su etena dute adostua herrialde bakoitzak kontrolatzen dituen Kaxmirko eskualdeen mugetarako. Bada, Indiak salatu du Pakistanek menia urratu duela azken orduetan, eta hainbat tokitan tiroketak egin dituela. Indiako armadako iturri batek PTI Indiako berri agentziari baieztatu dio erantzun egin dietela eraso horiei, eta ez dela biktimarik egon; Pakistango armadako ofizial batek, berriz, AFP agentziari jakinarazi dio ez dutela eraso egin zibilen kontra.

1972an Simlako Hitzarmena sinatu zuten Indiak eta Pakistanek, urtebete lehenago hasitako gerrari amaiera emateko, eta, bide batez, su etena ezarri zuten. Zenbaitetan berretsi dute su etena, nahiz eta ohikoak diren bi aldeen arteko erasoak. Atzo, Pakistanek baliogabetu egin zuen hitzarmen hori.

NBE Nazio Batuen Erakundeek «moderazio zorrotza» galdegin die bi herrialdeei, «bermatzeko egoerak eta jazo direnak ez dutela are okerrera egiten». Hala adierazi du Stephane Dujarric NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresen bozeramaileak, erakundearen New Yorkeko egoitzan eman duen prentsaurreko batean. «Uste dugu edozein arazo modu baketsuan konpondu daitekeela eta konpondu beharko litzatekeela, elkarren arteko konpromisoaren bidez», erantsi du Dujarricek.

Indiako Poliziak tiroketan parte hartzea leporatzen dien hiru lagunen izenak kaleratu zituen atzo; horietako bi, Asif Xeikh eta Adil Thoker, pakistandarrak dira, eta Laxkar-e-Taiba Pakistango talde armatuaren kide izatea egozten diete. Poliziak bi milioi errupiaren (20.600 euro) ordainsaria eskaini du susmagarriak atxilotzearen truke. Gaur, haien etxeak eraitsi dituzte Indiak kontrolatzen duen Kaxmirko zatiaren mendebaldean; Poliziaren goi kargudun batek Efe berri agentziari adierazi dionez, «disuasio neurria» izan da hori.

Atzo bildu zen Indiako Gobernuko Segurtasun Batzordea —Narendra Modi lehen ministroak eta Barne, Atzerri, Defentsa eta Finantza ministroek osatzen dute—, eta bertan erabaki zuten Indian diren pakistandar guztiei bisa baliogabetzea. Igandera arteko epemuga dute herrialdea uzteko; osasun kontuengatik bisa dutenek egun pare bat gehiago izango dute. Indiako Gobernuak, halaber, probintzietako agintariei eskatu die horietan bizi diren Pakistango herritarrak identifika ditzatela, astebururako alde egin dutela bermatze aldera. Bien bitartean, asteazkenetik itxirik dago Attari (India) eta Wagah (Pakistan) arteko pasabidea.

10

Zenbat milioi errupia banatuko dizkien Indiak tiroketan hildakoen familiei. Indiako baloreen burtsak elkartasuna adierazi die Kaxmir eskualdeko Pahalgam hiritik gertu hil zituzten 26 turisten familiei, eta iragarri du 10 milioi errupia (103.000 euro) banatuko dituela horien artean; hau da, familia bakoitzari ia 400.000 errupia (4.000 euro) emango dizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.