Lehertu da azkeneko asteetan pilatuz joandako tentsioa. Pakistan potentzia nuklearrak gerra deklaratu dio Afganistan bizilagunari, eta biak elkarri erasoka hasi dira. Pakistanek adierazi duenez, Afganistango armadako 274 soldadu hil ditu, eta Afganistanek, berriz, Pakistango hamabi. Afganistanek esan duenez, ordea, Pakistango 75 militar hil ditu, eta Pakistanek, Afganistango hamahiru. Horrenbestez, bertan behera gelditu da bi aldeek urriaren 19an Qatarren, beste tentsio aldi baten ondoren, sinatutako su etena. Nazioarteak, oro har, elkarrizketarako deia egin die bi aldeei, eta Txinak bere burua aurkeztu du bitartekari aritzeko.
Joan den asteburuan areagotu zen, berriro, bi herrialdeen arteko tentsioa: Islamabadek esan zuen eraso egin ziela Afganistanen babes hartzen duten Pakistango talibanei, eta horietako 80 hil zituztela. Kabulek, ordea, salatu zuen hamazazpi zibil hil zituela Islamabadek herrialdearen erdialdeko Behsud barrutian, adin txikikoak gehienak.
Ezinegona, hortaz, are gehiago handitu da azken egunetan, eta Afganistango eta Pakistango armadek elkarri eraso egin diote bart; Afganistangoek Pakistango tropen kontrako operazio bat egin eta gero, hark erantzun egin dio: bi herrialdeen arteko muga inguruko zenbait gune bonbardatu ditu —2.600 kilometro inguru ditu mugak—, baina baita Kabul hiriburua eta Paktia eta Kandahar eskualdeak ere; haren arabera, gune militarrak, kontrol postuak eta armategiak bonbardatu dituzte. «Amaitu zaigu pazientzia: orain, gerran gaude», adierazi du sare sozialetan Pakistango Defentsa ministroak, Khawaja Muhammad Asifek.
Afganistango Defentsa Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi du hainbat base eta postu militarren kontrola berreskuratu dutela. Horiek horrela, goizaldeko erasoen ondoren, negoziatzeko prest daudela esan dio Pakistani beren bozeramaile Zabihullah Mujahidek agerraldi batean, baina, ordu batzuk geroago, jakinarazi du eraso gehiago egin dituztela. Eta Pakistango armadak adierazi du operazioari eutsiko diola.
2021etik gaiztotutako gatazka
Bi herrialdeen arteko gatazka ez da berria, Afganistanek ez baitu onartzen bien arteko muga, Durand lerroa deiturikoa —Britainiar inperioak ezarri zuen, 1893an, Afganistango Emirerria eta Indiako bere kolonia banatzeko; Pakistanek 1947an lortu zuen independentzia, eta hark bai, errekonozitzen du—. Baina, hein handi batean, Islamabaden eta Kabulen arteko harremana 2021eko abuztutik hona gaiztotu da; alegia, Ameriketako Estatu Batuetako tropek Afganistandik ospa egin eta talibanak agintera itzuli zirenetik. Pakistango talibanei babesa eta laguntza militarra ematea leporatzen dio Pakistanek Afganistani, baina Afganistanek ukatu egin du hori.
Azken borrokak iazko urrian izan ziren: ordura arteko erasorik handienak izan zituzten muga inguruan; Pakistanek muga ixtea erabaki zuen, eta ondoren sinatu zuten su etena, Turkiaren eta Qatarren bitartekaritzaren bidez. Erasoak etetea adostu zuten, Afganistanek Pakistanen erasoak egiten dituzten talde armatuak ez babestearen truke. Mendebaldeko tropak erretiratu eta gero, «espero izatekoa zen Afganistanen bakea egotea, eta talibanak herriaren interesetan eta eskualdeko bakean zentratzea», esan du Pakistango Defentsa ministroak; dena den, «terroristak esportatzea» egotzi die. Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak ohar bidez esan du herrialdeko armadak ez duela baimenduko «segurtasunaren kontrako ezein mehatxu», eta «erantzun egokia» emango diotela edozein erasori. Afganistan baino dezentez indartsuagoa da Pakistan militarki: lehenaren armadak 170.000 kide inguru ditu, eta bigarrenarenak, 600.000 inguru.
Bonba hotsak eskualdera heldu dira: Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik elkarrizketarako deia egin du; Indiak, berriz, «gogor» kondenatu ditu Pakistanen erasoak. Nazioartera ere iritsi dira: Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak ohar bidez eskatu die erasoak eteteko, eta negoziazio mahaira itzultzeko; eta Stephane Dujarric Nazio Batuen Erakundeko bozeramaileak ohar bidez exijitu die, Antonio Guterres idazkari nagusiaren partez, «diplomazia» lehenetsi dezatela, gatazka amaitze aldera. Halaber, NBEren Afganistanerako ordezkari berezi Richard Bennettek lasaitasuna eskatu die bi aldeei, eta errespeta ditzatela giza eskubideak eta zibilen segurtasuna.