EAEko UNRWAko zuzendaria eta Psikologiako doktore palestinarra

Barbara Ruiz eta Hithem Abdulhaleem: «Palestina sendatu zain dagoen zauri ireki bat bihurtu da»

Ruizek eta Abdulhaleemek gertutik eta barrutik ezagutzen dute Palestina, eta gatazkaren ertzak azaldu dituzte. Ruizek salatu du «atzera-bueltarik gabeko» basakeria bat dela Gazako sarraskia, eta Abdulhaleemek Israelen «narratiba» gaitzetsi du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU
MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi iztueta olano
Bilbo
2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinara begira bizi dira Hithem Abdulhaleem (Zaqar, Jordania, 1971) eta Barbara Ruiz (Bilbo, 1982): lehenak Palestinan ditu sustraiak, Zisjordanian; bigarrena, berriz, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoan duen egoitzako zuzendaria da. NBE Nazio Batuen Erakundeko batzorde batek Israel Gazan genozidio bat egiten ari dela salatu zuen egun berean eseri ziren elkarren aldamenean, eta batak bestearen hausnarketak entzun zituen. Hitz egin zuten Palestinako historiaz eta Israelen kontakizunaz, gizarte zibilaren haserreaz eta manifestarien kemenaz, baita UNRWAren lanaz eta langile humanitarioen esfortzuaz ere, lurralde horretako iragana eta oraina parez pare jartzeko saiakera batean.

Hithem, duela 25 urte iritsi zinen Euskal Herrira, baina Jordanian jaio zinen, zure gurasoek Palestinatik ihes egin ondoren. Barbara, zu euskal herritarra zara, baina UNRWAn egiten duzu lan. Zer-nolako lotura daukazue Palestinarekin?

HITHEM ABDULHALEEM: Ni palestinarra naiz, eta nire gurasoak eta aitona-amonak ere palestinarrak dira. Palestina naizen honen guztiaren oinarria da; nire identitatearen nukleoa osatzen du: nire mundua, nire balioak, nire musika, nire hizkera. Baina Palestina bada indarrez lapurtutako lurralde bat ere, Israelgo Estatua sortu eta Nakbaren ondoren galdu genuena. Palestina sendatu zain dagoen zauri ireki bat bihurtu da. Gure etxeko egongelan mapa bat zintzilikatu zuten nire gurasoek, eta nik ere mapa horixe bera zintzilikatu dut Euskal Herriko etxeko egongelan, egunero akordatzeko noizbait etxe bat izan genuela han.

BARBARA RUIZ: Aspalditik ezagutzen dut Palestinako gatazka, baina lurraldearekin dudan harremana asko estutu da lanari esker. Palestina nire egunerokoaren parte da orain: hara bidaiatu dut, han bizi den jendea ezagutzen dut... Erakunde honetan lan egiten dugun guztiok konpromiso handia daukagu Palestinarekin, gure lanalditik haratago doan konpromiso pertsonal bat. 

Munduko ia bazter guztietan egin dira Palestinaren aldeko mobilizazioak. Euskal Herrian ere antolatu dira elkartasunezko protestak, ekitaldiak eta ekintzak. Zer iritzi duzue horien inguruan?

RUIZ: Euskal Herrian oso indartsuak dira Palestinaren aldeko mobilizazioak, eta espero dut horrela izatea aurrerantzean ere. Ekintzak exijitzeko garaia da, eta mobilizazioak ezinbestekoak dira herriak haserrea adieraz dezan. 

ABDULHALEEM: Mirestekoak eta txalotzekoak dira gizarte zibilak antolatu dituen mobilizazioak; palestinarrok zorretan gaude euskaldunekin, aspalditik. Halere, Gazaren aldeko protestek zenbait ziklo izan dituzte. Zerrendaren aurkako aurreneko bonbardaketen ondoren, mobilizazio masiboak egin ziren, eta, ordutik, askotariko protesta ekintzak antolatu dira esparru askotan: unibertsitatean, zineman, musikan… Iazko udaren ostean, baina, nolabaiteko beherakada bat egon zen. Fenomeno hori ez zen axolagabekeriagatik gertatu, frustrazioagatik baizik. Zorionez, paralisiari aurre egin dio gizarteak, eta berrantolatzen hasi da, estrategia handiago eta egonkorrago bat sortzeko. Gizateriaren, demokraziaren, justiziaren eta askatasunaren etorkizuna kontzientzia kolektibo honen arrakastaren araberakoa izango da.

Barbara, Palestinaren aldeko mobilizazioek eraginik izan al dute EAEko UNRWAren lan jarioan?

RUIZ: Bai, guztiz. 2023ko urriaren 7az geroztik, asko aldatu da gizarteko zenbait mugimendurekin dugun harremana; bereziki, hezkuntzaren alorrean. Lehen, gu ibiltzen ginen ikastetxeetara deika, guk egiten genizkien proposamenak; orain, aldiz, dei asko jasotzen ditugu ziklo guztietako ikasgeletatik. Palestinari buruzko informazioa eskatzen dute, baita hitzaldiak emateko edo gatazka azaltzen laguntzeko eskatu ere. Bestalde, nabarmen handitu dira dohaintzak, eta elkarlanean gabiltza beste erakunde batzuekin, Gazatik iristen diren familiei harrera egiteko adibidez. Orain, jende gehiagok ezagutzen gaitu, eta mobilizazioa handitu egin da, ekintza txikien bidez bada ere. 

«Ekintzak exijitzeko garaia da, eta mobilizazioak ezinbestekoak dira herriak haserrea adieraz dezan»

BARBARA RUIZ EAEko UNRWAko burua
Hithem, Jordanian jaio zinen; ba al duzu Palestinako oroitzapenik?

ABDULHALEEM: Nire gurasoek 1967an utzi behar izan zuten Palestina, Israelek orain Zisjordania den lurraldea okupatu zuenean. Oporretan zeuden beren lurrak galdu zituztenean, eta ezin izan ziren etxera itzuli. Hutsetik hasi behar izan zuten: hiru umerekin, autokarabana batean. Haien kontakizunekin osatutako oroitzapenak ditut, baina baditut neure oroitzapen propioak ere, joan izan baikara hara bisitan; Nablusera, amaren sorterrira. 

Hain zuzen, gatazka aspaldikoa da. Ez zen 2023ko urriaren 7an hasi, ezta 1967an ere, ezta?

ABDULHALEEM: Hasteko, argitu nahiko nuke ez dela gatazka bat, genozidio bat baizik. Horrela definitu du Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak, baita nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakunde askok ere, hala nola HRW Human Rights Watchek eta AI Amnesty Internationalek. Bestalde, bai, garrantzitsua da kontakizun historikoa zehaztea. Palestinako kolonizazioa ez zen 1948an hasi, ezta Sionismoaren Aurreneko Kongresuan ere (1897). Palestinan zer gertatzen den ulertzeko, denboran atzera egin behar da; zehazki, Josue ben Nun eta David erregearen garaira, horiek izan baitziren duela 3.000 urte Kanaango konkista hasi zutenak. Ordutik, palestinarren eta hebrearren arteko harremanean egiturazko tentsioa  eta dinamika belikoa izan dira nagusi, baina izan dira elkarbizitza gailendu den urteak ere. Zoritxarrez, Israelgo Estatuaren sorrerak txiki-txiki egin zuen ehundutako gizarte sare plural hori: 1948koa segregazioa bultzatzen duen proiektu kolonial bat da.

Azken bi urteotan, nazioarteko auzitegi batzuek Israelen okupazio politikak gaitzesten dituzten zenbait ebazpen iragarri dituzte. Adierazpen horiek ba al dute egiazko eraginik?

RUIZ: Nazioarteko Justizia Auzitegiak eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak oso-oso garrantzitsuak diren zenbait prozesu judizial jarri dituzte abian; mirestekoa da, adibidez, Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotze agindua eman izana [Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurka]. Halere, nazioarteko prozesu judizialak oso motelak dira. Horrek etsipen handia eragin dezake, baina gertakari garrantzitsuak dira, eta ezin dira gutxietsi. Nazioarteko herrialdeak egiten ari diren esfortzuari dagokionez, adierazpenak ondo daude, baina bada garaia hitz egiteari uzteko eta ekiten hasteko. Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako nazioarteko ordena eta sistema urratu egin dituzte, eta orain ikusten ari garenak ez du atzera-bueltarik. 

«Palestinarren eta hebrearren arteko harremanean egiturazko tentsioa eta dinamika belikoa izan dira nagusi, baina izan dira elkarbizitza gailendu den urteak ere»

HITHEM ABDULHALEEM Euskal Herrian bizi den palestinarra
Barbara, iazko urte hasieran hainbat herrialdek izoztu egin zuten behin-behinean UNRWArako jarritako laguntza ekonomikoa, Israelek erakundeko zenbait langileri 2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartzea egotzi ondoren. Zer ondorio izan zituen akusazio horrek?

RUIZ: Hasieran, Israelek esan zuen UNRWAko hamabi langilek hartu zutela parte 2023ko urriaren 7ko erasoan; gero, kopuru hori handitu zuen. Historikoki gure aliatuak izan diren herrialde batzuek laguntza ekonomikoa etetea erabaki zuten, batak bestearen segidan, nahiz eta Israelek ez zuen ebidentziarik aurkeztu. Oraingoz, ez du ezer aurkeztu. Halere, guk bi barne ikerketa jarri genituen martxan: lehena, egiaztatzeko ea UNRWAren langile horiek loturarik zuten 2023ko urriaren 7ko erasoarekin; bigarrena, argitzeko ea UNRWAk badituen bere lantaldearen jarrera neutrala bermatzeko nahikoa protokolo. Bi ikerketen emaitzak positiboak izan dira.

Jaso duzue azalpenik?

RUIZ: Nik dakidala, ez. Are, Israelgo Gobernuak parlamentuan bozkatutako bi lege erreforma onetsi zituen urte hasieran; horien ondorioz, UNRWAko langileek Egiptotik edo Jordaniatik egin behar dute lan, eta ezin dute inolako komunikaziorik izan ez Israelgo armadarekin, ez gobernuarekin. Ondorioz, ezin dugu aurretiaz jakin Israelek gure eskolaren edo kanpalekuren bati eraso egingo ote dion. Bestalde, AEBek behin betiko utzi dute bertan behera laguntza ekonomikoa; [AEBetako presidente Donald] Trumpen aurreneko agintaldian erabaki bera hartu zuten. Gainontzeko herrialdeek berriro jarri zuten abian laguntza ekonomikoa, eta batzuek kopurua handitu ere egin zuten.

Hithem, ezagutzen zenuen lehendik UNRWAren lana?

ABDULHALEEM: Bai. Milaka eta milaka palestinarrei oinarrizko laguntza emateaz gain, bestelako funtzio bat ere betetzen du UNRWAk: noizbait etxera itzultzeko itxaropenari eusteko modua ematen die errefuxiatu palestinarrei. Eta, hain justu, horregatik saiatzen dira Israel eta AEBak UNRWA kriminalizatzen eta laguntza ekonomikoak eteten, palestinarrek etxera itzultzeko duten eskubidea deuseztatzeko. 

«Historikoki gure aliatuak izan diren herrialdeek laguntza ekonomikoa etetea erabaki zuten, nahiz eta Israelek ez zuen ebidentziarik aurkeztu; oraingoz, ez du ezer aurkeztu»

BARBARA RUIZ EAEko UNRWAko burua
Eta, orain, GHF Gazako Fundazio Humanitarioak soilik du Gazan laguntza humanitarioa banatzeko baimena.

RUIZ: Israelgo Gobernuaren arabera, Gazako laguntza humanitarioaren kudeaketa ez zen eraginkorra, eta argudio hori erabili du GHF martxan jartzeko. Nolanahi ere, begi bistakoa da elkarte hori zer den: mertzenarioek osatutako talde bat. Gazan laguntza humanitarioa banatzeko 400 gune daude, eta GHFk bi bakarrik erabiltzen ditu; guk beti salatu dugu 400 gune ere ez zirela nahikoa, baina, behintzat, laguntza humanitarioa baldintza duinetan jaso zezaketen gazatarrek. Onartezina da Gazako herritarrei kilometroak eta kilometroak ibiltzeko eskatzea, aintzat hartuta ibilbide hori zein arriskutsua den; eta, gainera, gero kontzentrazio esparru baten moduko eremu batean pilatuta edukitzea, laguntza iritsi zain haien bizia arriskuan jarriz. 

Israelek jarraitzen du Gazari eraso egiten; halere, badira Gazako gobernabideari buruzko hipotesiak. PAN Zisjordanian, Al-Fatah eta Hamas etsaituta… Hithem, zure ustez, zein litzateke konponbidea?

ABDULHALEEM: Egia da gaur egun Palestinako paisaia politikoa zatituta dagoela: PAN Palestinako Aginte Nazionalak autogobernu mugatu bat du Zisjordaniako hainbat eremutan, eta Hamasek de facto gobernatzen du Gazan. Halere, planteamendu politiko desberdinen existentzia ez da ez anomalia bat, ez salbatu ezinezko oztopo bat; kontrara, agenda politikoen aniztasun hori osasuntsua da, eta zilegia. Palestinako lurraldeen gobernabidearen auzia konplexua da, baina etorkizuneko Palestinako Estatu librearen eta subiranoaren gobernabidea demokraziaren bidez erabaki behar da. Eta gobernabidea ez du demokrazietan ohikoa den aniztasun horren oztopatzen, baizik Israelen okupazio militarrak, zeinak Palestinaren subiranotasuna ukatzen duen, lurraldea zatituz eta ezein gobernu talderen agintaritza itoz.

«Israelen okupazio militarrak oztopatzen du gobernabidea, Palestinaren subiranotasuna ukatzen baitu, lurraldea zatituz eta ezein gobernu talderen agintaritza itoz»

HITHEM ABDULHALEEM Euskal Herrian bizi den palestinarra
Zuek ere etorkizunera begira jarriz gero, zer-nolako egoera irudikatzen duzue Palestinan?

RUIZ: Zaila da hurrengo hilabeteetan zer gertatuko den asmatzea. Ez naiz horretan ahaleginduko, Ekialde Hurbila oso eskualde aldakorra baita. Edonola ere, UNRWAk lanean jarraituko du. 2023ko urriaz geroztik, bederatzi milioi pertsona artatu ditugu, besteak beste, osasun klinika mugikorren bidez; lanean dihardugu ur horniduraren arloan, garbiketarenean… Lanean ari gara haurren osasun psikosoziala zaintzeko, baita Zisjordaniako eta Gazako haurrei hezkuntza duin bat emateko ere. Gazan, kasurako, online eskolak jarri genituen martxan Hamasek eta Israelek menia adostu zutenean. Gisa horretako irtenbideak ez dira nahikoa haur horien guztien eskubideak errespetatzen direla bermatzeko, baina normaltasun kutsu bat ematen diote egunero bizi behar duten basakeriari. 

ABDULHALEEM: Bi urteren ondoren, lur jota gaude, eta, halere, itxaropentsu nago. Munduan kontzientzia moral bat esnatu da, eta uste dut Palestinarako bake iraunkor eta egonkor baten atarian gaudela. Dena den, badakigu zer den eta zerk mugitzen duen Israelgo Gobernua: ideologia erlijioso eta fanatiko batek. Ideologia hori errotuta dago Israelgo gizartean, hezkuntza sistemaren eta hedabideen bidez sustatzen dute, baita derrigorrezko zerbitzu militarraren bidez ere. Mekanismo horiek guztiek narratiba ofizial bat sinestera bultzatzen dituzte Israelgo herritarrak, mehatxu hipotetiko baten eta arrisku existentzial baten kontakizun bat. Egiazko eztabaida zintzo batek aurrera egiteko, ez da nahikoa negoziazio mahai baten bueltan esertzea; gai izan behar da norberaren kontakizuna zalantzan jartzeko, eta uste dut Israelek ezin diola uko egin Palestinako lurraldeak okupatzen jarraitzeko erabili duen narratibari. Guk aitortzen dugu Bigarren Mundu Gerran juduek Alemanian pairatu zuten basakeria, baina begi bistakoa da Israelgo Gobernua dolu hori instrumentalizatzen ari dela Palestinako lurraldeen okupazio judiziala eta militarra justifikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.