Ekialde hurbila

Palestinarrek beste bi zulo ireki dituzte Gazatik Egiptora igarotzeko

Iheslariak itzularazten saiatu da indarrez Egiptoko Polizia, baina azken orduetan atzera egin dute

2008ko urtarrilaren 25a
18:12
Entzun
Milaka palestinar iritsi dira gaur ere Egiptora janari eta lehengaien bila. Goizean segurtasun indarrak saiatu dira palestinar uholde hori ur kanoien bidez kontrolatzen, baina azkenean alde egin dute.

Izan ere, Hamaseko kideek beste bi zulo egin dituzte harresian induskailuen bidez, pasa den asteazkenean egin zituzten zulo guztiak gaur itxi baituzte Egiptoko segurtasun zerbitzuek. Ondorioz, milaka palestinar sartu dira Egiptora. Polizia palestinarren sarbidea oztopatzen aritu den arren, haiek harriak tiraka erantzun dute. Hainbat tiro ere entzun ahal izan dira, lekukoen arabera.

Pasa den ostiralean Palestinara iristen zen giza laguntzari sarbidea moztu zion Israelek Gaza blokeatuz, eta astezkenean bota zuten harresi hori milaka palestinarrek janari eta lehengaiak bilatzeko asmotan.

Palestinar batek adierazi duenez, “Gazan ezin da bizi”, eta pasabide hori bakarrik geratzen denez bertatik atera nahi dute. Uholde horretan umeak ere badira.

Egiptoko Polizia oraindik ere Rafako pasabidea gaur itxiko duela ohartarazten ari da, eta hainbat palestinar Gazako pasabidera eramaten ari da.

Zazpi palestinar eta polizia israeldar bat hil dira

Beste egun batez hildako gehiago batu behar izan dira Ekialde Hurbilean. Gaurkoan zazpi palestinar eta Israelgo polizia bat hil dira.

Rafan lau palestinar hil dira Israelek eginiko bi aire-erasoetan, mediku palestinarrek jakinarazi dutenez. Israelgo armadaren arabera “ helburu terroristak ziren”.

Zisjordanian, berriz, Israelgo armadak adingabeko palestinar bat hil du tiroz. Israelgo armadaren arabera, gaztea “harriak botatzen” ari zitzaizkien.

Beste bi palestinar ere tiroka hil dituzte Jerusalem ekialdean, antza denez, yeshivako (eskola talmudikoa) bi ikasle arin zauritu ondoren.

Bestetik, polizia israeldar bat hil da goizaldean miliziar palestinarrek tirokatu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.