Negoziazio baterako gonbita baino, AEBetako presidente Donald Trumpek Hamasi helarazitako mezuak gehiago dirudi ultimatum bat. Etxe Zuriko maizterrak herenegun iragarri zituen AEBek Gazarako ondutako planaren xehetasunak, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu aldamenean zuela; eta, atzo, Hamasi esan zion «hiru eta lau egun artean» dituela erabaki bat hartzeko. Bada, Palestinako erakunde islamistako iturriak aipatuz hainbat hedabidek kaleratu dutenez, litekeena da Hamasek plan hori ez onartzea, argudiatuta «Israelen interesen alde» egiten duela eta ez dituela aintzat hartzen Palestinaren interesak.
Washingtonek aurkeztutako planak Gazako erasoaldia amaiarazi dezaketen «hiru puntu nagusi» jasotzen ditu, Qatarko lehen ministro Mohammed bin Abdulrahman al-Thani xekeak Al-Jazeera hedabidean gaur egindako elkarrizketa batean esan duenaren arabera. Hiru puntu horiek lirateke «Israelen erasoaldia etetea, palestinarren desplazamendua saihestea eta Israelgo armada zerrendatik ateratzea».
Halere, nabarmendu du badirela zehazteko dauden afera nabarmen batzuk, hala nola Israelek noiz egingo lukeen alde Gazatik, eta zein izango litzatekeen Palestinako Estatua eratzeko bide orria. Izan ere, proposamenaren hemeretzigarren puntuan honela aipatzen da: «Gaza berreraikitzeko lanek aurrera egin ahala, eta Palestinako Aginteak bere erreforma programa leialki bete ahala, baliteke azkenean modua izatea Palestinako estatu bat sortzeko eta autodeterminaziorako bide sinesgarri bat hasteko». Horrez gain, EFE albiste agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Hamasen beste eskakizunetako bat litzateke nazioarteko talde batek Israel gainbegiratzea, itunaren puntu guztiak betetzen dituela bermatzeko. Trumpi erantzun baino lehen, plana aztertzen ari da Hamas, eta, horretarako, Qatarko, Egiptoko eta Turkiako bitartekariekin bildu zen atzo gauean, Dohan (Qatar); «laster» da erantzun bat ematekoa.
Horrekin lotuta, Erresuma Batuko BBC hedabideak atzo kaleratu zuen, Hamaseko iturri bat aipatuta, litekeena dela Hamasek armagabetzeari uko egitea, eta ez duela begi onez ikusten Gazako gobernabidea nazioarteko batzorde baten esku egotea, iritzita hori «beste okupazio mota bat» izango litzatekeela. Hain justu, Washingtonek ondutako proposamenak zehazten du ez Hamas, ez PAN Palestinako Aginte Nazionala —«erradikal» izateari utzi eta «eraldatu» arte— ezingo liratekeela egon aginte talde horretan.
Palestinako Jihad Islamikoak, zeinak 2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartu zuen eta hainbat gatibu kontrolpean izan dituen, jada adierazi du ez duela onartzen Trumpek sustatutako plana. Herenegun gauean bertan zabaldutako oharrean, salatu zuen Israelen helburua dela AEBen bitartez lortzea gerrarekin eskuratu ahal izan ez duena.
Netanyahu, bidegurutzean
Trump aldamenean zuela, Etxe Zurian, baikor agertu zen Netanyahu, eta azpimarratu zuen Israel prest dagoela AEBen proposamenean jasotako hogei puntuak onartu eta indarrean jartzeko; besteak beste, dokumentuak barne hartzen du Hamasek gatibu guztiak askatzea, eta baliteke horrela Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak hainbesteko presiorik ez egitea Netanyahuri. Biharamunean, ordea, pauso bat atzera eman, eta esan zuen ez lukeela onartuko Palestinako Estatu bat sortzea, ezta Israelgo armada «erabat» zerrendatik ateratzea ere.
Horiek horrela, ikusi beharko da azkenean zer jarrera hartzen duen Netanyahuk, aintzat hartuta bere gobernu taldea sostengatzen duten kide ultraeskuindarrek ez dutela begi onez ikusten Trumpen proposamena. Kasurako, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek AEBen plana salatu zuen atzo sare sozialen bidez: «Egiazko lorpenak alboratuko lituzke ilusio politikoen mesedetan».