Ekialde Hurbila. Saeb Erekat. PANeko negoziazio taldeko burua

«Palestinarrentzat guztiz zilegi den zerbait lortuko dugu; estatu propio bat»

Diplomazialari palestinarraren arabera, hilabete erabakigarria izango da iraila; NBEra jotzeko erabakiak ez duela bueltarik dio, ez baitiote beldurrik Ameriketako Estatu Batuek baliatzen ahal duten betoari.

Ramala
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Palestinar askok kritikatua eta beste hainbatek maitatua izanagatik, gehienen ustez, diplomazialari handia da Saeb Erekat (Jeriko, 1955). Urteak daramatza israeldarrekin mahaira eseri eta negoziatzen, mahai gainean zein mahai azpian. Badaki arriskutsua dela nazioarteko harremanen jokoa, eta behin baino gehiagotan luzatu izan die eskua bere herrialdeko areriorik handienei. Hark esatera, real politik bat da, bi neurriko jokaldia, eta larrutik ordaindu daiteke jokoan gaizki aritzea.

Palestinako gizartean oso bakana den klase politiko batekoa da. Zazpi senideetatik seigarrena, hazi zen familiako etxean bertan bizi da, oraindik ere. Eskola Katoliko Erromatarrean hezi zuten sorterrian; aitak, Ameriketako Estatu Batuetara emigratutako autobus gidaria izaki, familiari dirua bidaltzen zion, seme-alaben hezkuntza ordaintzeko asmoz.

Erekatek ez du oroitzen bere herria okupaziorik gabe. Artean 12 urte zituela hasi zen, eta 13 zituela atxilotu zuten lehenbizikoz. Herabe lotsati bat zela sartu zen politikan, eta familiak San Frantziskora (AEB) bidali zuen; han, Politika Zientzietan izena eman zuen, eta Nazioarteko Harremanetako Masterra ere egin zuen. Handik aurrera, ziztu biziko ibilbidea izan zuen; Londresen doktoretza egiteko beka bat irabazi zuen, eta israeldarren eta palestinarren arteko gatazkari buruzko doktore tesia egin zuen.

Denboran aurrera egin ahala, posturik nabarmenetako bat bete zuen negoziazioetan. Egun Mahmud Abbas presidenteak komunikabideei ezer jakinarazi baino lehen, berari horren berri eman behar izateraino.

Israelekiko elkarrizketen alde agertu izan bada ere, horrek arazo bat baino gehiago ekarri dizkio. Erekatek berak hauxe idatzi du bere oroitzapenetan: «Haiekin negoziatzerakoan, tristea iruditzen zait behin ere ezin jardun ahal izatea parez pare, eta ez dut uste etorkizunean gauzak aldatuko direnik». PAN PalestinakoAginte Nazionaleko negoziazio taldeko burua izateaz gain, Al Fatako Batzorde Nagusiko kide eragile eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kide iraunkorra da. Hamabost egunean harekin elkarrizketa saio bat lortzen ahalegindu eta gero, BERRIArekin elkartu da Erekat.

Egun hauetako hizpidea da litekeena dela azkenean ez jotzea Nazio Batuen Erakundera, Barack Obama presidenteak Mahmud Abbas presidenteari telefonoz deitu diolako israeldarrekiko elkarrizketari ekiteko eskatzeko....

Irailean joko dugu Nazio Batuen Erakundera, eta erabaki horrek ez du bueltarik. Oraindik ez dakigu zein egunetan, zehazki, baina hilabete erabakigarria izango da iraila. Ez da egia Abbas israeldarrekin negoziatzen hasiko denik berriro ere, Obama presidentearen telefono deiak gorabehera.

Oso litekeena da AEBek beto eskubidea baliatzea. Zuen iritziz, zer aukera du hautabide horrek?

Obamaren gobernuarekin hizketan ari gara, eta, egia esateko, ez dut uste beto eskubidea baliatuko dutenik azkenean. Duela egun batzuk, bira txiki bat hasi genuen Europan barrena, hainbat herrialderen babesa lortzeko asmoz; Belgika, Erresuma Batua, Espainia, Turkia… Palestinako Estatuaren auziari dagokionez, behar adina estutzen ari gara Ameriketako Estatu Batuak. Bestalde, beto eskubidea baliatuz gero, zer alegatuko dute? Legezkoa da, erabat, eskatzen ari garena. Gu onar ez gaitzaten nahikoa presio egiten ari da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu; hark adierazi duenez, bake elkarrizketei eragingo die, eta alde bakarreko ekintza bat da. Israelenak bakarrik dira alde bakarreko ekintzak, palestinarren kontra egindakoak: lurrak lapurtuta, kokaguneak eraikita, harresia eginda… Hala eta guztiz ere, baldin eta AEBek beto eskubidea baliatuko balute ere, badugu beste hautabide bat ere gogoan. Halakorik gertatuz gero, NBEko Biltzar Nagusira joko genuke berriro ere, ebazpena onar dezatela eskatzeko. Badira salbuespenezko kasu batzuk, eta, horien arabera, herrialde bakar batek baliatuz gero betoa, zilegi da ebazpen bat onartzea —baldin eta ez badira abstenitzen Segurtasun Kontseiluko gainerako kideak—. Beraz, arreta handiz begiratuko diegu Espainia, Grezia, Erresuma Batua eta Belgikari, haiei babesa eskatzeko asmoz. Orain arte nahiago izan dute itxarotea eta ikustea zer urrats egiten dituen Europako Batasunak; denekin batera joateko, beharbada.

Une honetan ba al da inolako negoziaziorik Israelekin, mahaipekoa bada ere?

Ez gara negoziatzen ari Israelekin; ez mahai gainean, ez mahaipean.

Demagun Nazio Batuen Erakundeak onartu egiten duela etorkizuneko Palestinako Estatua. Zure ustez, estatu hori 1967ko mugen barruan onartzeak ez al du ekarriko iheslarien itzultzeko eskubidea eta Jerusalemekiko auzia ukatzea?

Urrats oso garrantzitsua da onartzea Palestinako Estatua, baina horrek ez du esan nahi kontuan hartu behar ez direnik beste hainbat kontu funtsezko ere: hala nola itzultzeko eskubidea eta Jerusalem. Behin Palestinako Estatua onartu eta gero, borrokan segituko dugu: besteak beste, itzuli ahal izatearen alde, kokaguneak amaitzeko, Jerusalemen alde… Kontu batek ez du zertan galarazi bestea.

Duela zenbait hilabete, elkarrizketari ekin zioten berriro ere bi indar politiko palestinarrek —Al Fatak eta Hamasek—. Zertan da egoera?

Espero dugu adiskidetze elkarrizketei ekingo dietela berriro ere, eta nago inork uste baino lehenago izango dela.

Ez al duzu uste jendeak uste handiegia duela jarria irailean? Eta gaizki irteten bada, zer?

Ez da gaizki irtengo. Ideia argiekin joko dugu Nazio Batuen Erakundera, eta guztiz zilegi den zerbait lortuko dugu palestinarrentzat: estatu propio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.