Apelazio auzitegi batek arrazoia eman dio Erresuma Batuko Gobernuari. Izan ere, gaur ebatzi du Palestine Action aktibisten taldea «terroristatzat» jotzea legezkoa dela. Auzitegi Nagusiak otsailean kaleratu zuen, baina, talde hori ilegalizatzea legez kanpoko izan zela. Litekeena da Palestine Actionek Auzitegi Gorenera eramatea auzia.
Sue Carr magistratuak epaian nabarmendu duenez, ondorioztatu dute talde hori legez kanpo uzteak «oreka bidezko bat» eragiten duela. Areago joan da: «Palestine Actionek era gehiegizkoan sustatzen du indarkeria; are, terrorismo bihurtzeraino. [...]. Hauek ez dira sufragistak». Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen, ordea, egindako ekintzak ezin zirela «terroristatzat» jo.
Gobernuak iazko uztailean debekatu zuen Palestine Action. Boikot ekintza batzuk egotzi zizkion, baita esparru militarreko Israelgo enpresa baten egoitzan indarrez sartzea ere. Ekintza hori dela eta, sei ekintzailek urtebete baino gehiago pasatu zuten behin-behinean espetxean; otsailean absolbitu egin zituen auzitegi batek.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak esaten du legediak jasotakoari jarraituz izendatu zuela talde hori «terrorista». Ehun talde inguru daude «terrorismoagatik» legez kanporatutakoen zerrendan; EI Estatu Islamikoa, Al Qaeda eta talde neonaziak tartean, esaterako. Iazko uztailaz geroztik 2.700 pertsona inguru atxilotu dituzte Palestinaren eta Palestine Actionen beraren aldeko ekintzetan. Gehienak kargurik gabe utzi zituzten aske. Dena den, legea eskuan, talde horietakoren baten aldeko babes materiala edo sinbolikoa agertzeak hamalau urteko kartzela zigorra eragin dezake.