Hondakinak besterik ez dira geratu Palmira hiriko (Siria) gune arkeologikoan. Siriako Zaharkien eta Museoen zuzendaria zen Jaled al Asaad bortizkeriaz hil eta eremua bere gain hartu du EI Estatu Islamikoak; hain zuzen, ekainean hasi zen Palmira hiria erasotzen. Siriako lurralde zabala kontrolatzen dute, oro har, eta baliabide estrategiko gehienak ere haien esku daude.
EIk berak zabaldutako irudietan ustezko monumentua ageri da, Baal tenplua, erasoaren unean, eta bonbak lehertu ondoren, hilaren 20an. Unescok gizateriaren ondare izendatua du Palmira, eta 2.000 urte dituen Baal tenplu historikoa; arkeologoek Ekialde Hurbileko harribitxitzat dute. Iraken menpean dituzten guneetako hainbat leku arkeologiko suntsitu dituzte jihadistek joan den otsailetik hona.
"Gerrako krimena" salatu du Ban Ki-moon Nazio Batuen idazkari nagusiak: "Ekintza beldurgarri hauei azken lau urteetan Siriaren eta bere ondare historikoaren aurka egindako beste hainbat krimen gehitu behar zaizkio". Estatu Islamikoaren jarduna gelditzeko bat egitera deitu du nazioarteko komunitatea.