Donald Trumpen migrazio politiken aurkako protestak areagotu dira AEBetan azkeneko astean, eta Etxe Zuriko maizterra ez da ari, ez, horiek baretzen ahalegintzeko erabakiak hartzen. Kontrakoa egiten ari da AEBetako presidentea, eta agindu die polizia indar federalei areagotu ditzatela papergabeak atxilotzeko sarekadak. Hori iragarri du gaur goizaldean Truth Social-en, bere sare sozialean. Eta, gainera, Alderdi Demokratako agintariak dituzten hirietan jarri du arreta: Los Angelesen, Chicagon eta New Yorken.
«ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko kideei eskatu nahi diet ahal duten guztia egin dezatela, modu horretan gauzatu ahal izateko inoizko deportazio masiborik handiena», idatzi du Trumpek, eta azpimarratu du «milioika eta milioika» papergabe bizi direla hiri horietan. «Horietan eta antzeko beste batzuetan pilatzen da botere demokrata, eta legez kanpoko atzerritarrak baliatzen dituzte beren oinarria zabaltzeko, hauteskundeetan tranpak egiteko; ondo ordaindutako lanpostuak lapurtzen dizkiete estatubatuarrei». Hori dena esan du, baina ez du inolako frogarik aurkeztu.
Los Angelesen sarekadak areagotu, horien kontrako protestak piztu eta astebete pasatu den honetan egin ditu hain justu Trumpek adierazpen horiek. Aintzat hartu behar da, gainera, Stephen Millerrek, Trumpen migrazio politikaren hauspotzaileak, zer esan zuen maiatz bukaeran Fox News telebista katean egin zioten elkarrizketa batean: egunero 3.000 papergabe atxilotzea zutela helburu, eta modu horretan urtebetean milioi batera helduko zirela. Joan den urtarrilaren 20an Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, ordea, batez beste 65 hartu dituzte atxilo egunero. 2022ko datu ofizialen arabera, 11 milioi papergabe daude AEBetan, eta horien %77k bost urte baino gehiago daramatzate han.
Beste 36 herrialde
Horren guztiaren harira, Reuters eta AP Associated Press berri agentziek, administrazioko iturriak aipatuz, kaleratu dute Trumpek ICEko agenteei agindu diela bertan behera utz ditzatela etxaldeetako, jatetxeetako eta hoteletako sarekadak. Kontuan hartu behar da Trumpek berak duela egun batzuk zera aitortu zuela: sektore horietakoek jakinarazi zietela Etxe Zuriaren «politika oldarkorren» ondorioz «langile oso onak eta eskarmentudunak» ari direla galtzen.
Bestalde, Reuters berri agentziak eduki du AEBetako Estatu Departamentuaren barne dokumentu baterako sarbidea, eta, horren arabera, herrialdean sartzea debekatu nahi die Trumpek beste 36 herrialdetako herritarrei. Joan den ekainaren 5ean debekua jarri zien hamabi estatutako herritarrei.