Ueno bankuaren porrotak soka luzea ekarri dio Paraguairi. Santiago Peña presidenteak dimisioa eman zuen ostegunean, banku horrekin zuen loturagatik, baina kongresuak ez zuen onartu. Atzo epaiketa politikoa egin zioten Paraguaiko Senatuan, nahiz eta bera ez zen agertu —abokatuak bidali zituen bera defendatzera—, eta bertan aho batez erabaki zuten presidente kargutik kentzea. Ordu batzuk beranduago, Euskal Herrian gauerdia zela, Poliziak atxilotu egin zuen. Era beran, presidente berria izendatu dute: Pedro Alliana orain arteko presidenteordea.
Presidenteak bankuarekin izandako loturak tarteko, Diputatuen Ganberak haren aurkako epaiketa politiko bat egiteko prozesua hastea erabaki zuen ostegunean bertan. Orduan jakinarazi zuen Paraguaiko Banku Zentralak Ueno bankuaren kaudimen indizea eskatzen duten gutxienekoaren erdia baino txikiagoa zela.
Kontuan hartu behar da kongresuak ez zuela Peñaren dimisioa onartu, Peña auzitegira joan zedin. Paraguaiko Konstituzioaren arabera, presidente ohiek biziarteko senatari kargua daukate, «epaiketa politiko batean erruduntzat jotzen ez badituzte». Eta ezin dituzte epaitu, Senatuak horretarako modurik eman ezean. Horregatik, oposizioak epaiketa politikoa egin nahi izan zuen, Peñak auzibide penal bati aurre egin ziezaion.
Atzo abiatu zuten epaiketa, eta hainbat egunez luzatu zitekeela uste bazuten ere, senatuak atzo bertan jo zuen erruduntzat Peña, «eginkizunak gaizki betetzeagatik», eta, ondorioz, kargutik kendu zuten. Gerora, Polizia Peñaren etxera bertaratu zen, eta bertan atxilotu zuten. Bihar eramango dute auzitegira.
Alliana presidente berriak gaur izan du aurreneko eguna karguan. Isaias Fretes Osasun ministroarekin hitzordua izan du gaur, eta zera idatzi du gero X sare sozialean: «Osasuna izango da gure Gobernuaren lehentasun nagusietako bat!».

Ueno bankuari dagokionez, berriz, hainbat hedabidek gaur goizean zabaldu dute Carlos Carvallo Paraguaiko Banku Zentraleko presidente ohia goizaldean entregatu dela. Uenoko presidentea izan zen, eta «interes gatazka» egotzi diote azken egunetan. Poliziak hura atxilotzeko agindua eman zuen atzo.
2,9 milioi herritar ingururi eragin die Ueno bankuaren itxierak. Baina Pedro Acosta Paraguaiko Banku Zentraleko jarduneko presidenteak gaur Allianarekin bildu ostean jakinarazi du 1,2 milioi lagunek jada jaso dituztela haien aurrezkiak. Prentsaurreko bat eman du gaur horren berri emateko, eta adierazi du orain arte egin dituzten transferentzia guztien batura, orotara, ia 160 milioi dolar ingurukoa dela —143 milioi euro inguru—.