Santiago Peña Paraguaiko presidenteak dimisioa aurkeztu du gaur, Paraguaiko Banku Zentralak Ueno bankuan esku hartu ostean. Azken orduetan istiluak izan dira Paraguaiko kaleetan auzi hori dela eta. Izan ere, Paraguaiko Banku Zentralak goizaldean jakinarazi du Uenoren kaudimen indizea eskatzen duten gutxienekoaren erdia baino txikiagoa dela. Hori dela eta, esku hartu behar izan du; baita likidatu ere. Kontuan hartu behar da 2,9 milioi bezero inguru dituela, eta Paraguaik sei milioi biztanle inguru dituela.
«Errepublikako presidentetzari uko egitea erabaki dut. Gure herriaren egonkortasunean, bake sozialean eta gure erakunde demokratikoak babesteko premian pentsatu dut erabaki hori hartu aurretik», adierazi du X sare sozialean zabaldutako bideo batean.
Bideo horretan gaineratu duenez, bere bizitzako «garairik zailenetako bat» da, eta «barkamena» eskatu die herritarrei: «Inoiz huts egin badut, ez da nire asmoa izan. Nire lehentasuna paraguaitarren lasaitasuna da». Era berean, azpimarratu du benetan desio duela Ueno bankuaren itxieraren ondorioz dirua galdu dutenek diru hori berreskuratzea.
Bankuaren itxieraren ondorioz, milaka herritarren aurrezkiak blokeatuta geratu dira. Banku hori, gainera, bertako hainbat futbol talderen babesle nagusietako bat da, baita Paraguaiko selekzioarena ere.
Presidenteak dimisioa aurkeztu baino ordu batzuk lehenago, Paraguaiko Diputatuen Ganberak ezohiko bilkura bat abiatu du presidenteari «epaiketa politikoa» egiteko.