Paramilitarrek bortxatu zituzten Guatemalako sei emakumeri erreparazioa emango diete

Guatemalako Gobernuak kalte ordainak eman beharko dizkie sei emakume indigenari. Hiru paramilitarri 40 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten iragan astean. Bortxaketak 1981 eta 1983 urteen artean jazo ziren, Guatemalako barne gatazka betean.

Bi emakume indigena, bart, Guatemalako giza eskubideen aurkako krimenetarako auzitegian, Guatemalako Hirian. MARIANO MACZ / EFE
Bi emakume indigena, bart, Guatemalako giza eskubideen aurkako krimenetarako auzitegian, Guatemalako Hirian. MARIANO MACZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 5a
12:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Guatemalako barne gatazka betean (1960-1996) bortxatu zituzten sei emakumeri erreparazioa eman behar zaiela ebatzi du herrialdeko giza eskubideen aurkako krimenetarako auzitegiak. 1980ko hamarkada hasieran hiru paramilitarrek sei emakume indigena bortxatu zituzten, eta epaileek bart ebatzi dute biktima horiei erreparazioa eman beharko dietela. Guatemalako armadak garai hartan antolatutako «defentsa zibileko» kideak ziren paramilitarrak, eta 40 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten iragan astean, barne gatazkan egindako krimenengatik.

Guatemalako zuzenbideak aurreikusi du erreparazioa emango dela herrialdeko barne gatazkan gertatutako giza eskubideen aurkako krimenetan. Bart emandako epaian ezarri dutenez, Guatemalako Gobernuak kalte ordainak ordaindu beharko dizkie sei emakume indigena horiei; baita barkamena eskatzeko ekitaldi publiko bat antolatu ere. Are gehiago, ebazpenaren arabera, guztira hemezortzi neurri hartu beharko dituzte; hala nola etxebizitza bat eskaintzea haien bizilekuan.

Bortxaketak, zehazki, 1981 eta 1983 artean gertatu ziren, Alta Verapaz probintzian. Delitu horiengatik 40 urteko kartzela zigor bana ezarri zieten Pedro Sanchez Cortez, Simeon Enriquez Gomez eta Felix Tum Ramirez paramilitarrei, maiatzaren 30ean. Hala ere, ez zen lehen aldia hiru paramilitar horien aurkako epaia ematen zena. Izan ere, sei emakume horiek bortxatzeagatik jada kondenatuak zituzten, baina 2019an aske utzi zituzten.

Emakumeetako batek epaiketan salatu zuenez, paramilitarrek 25 egunez izan zuten bahitua. Egun horietan torturatu eta bortxatu zutela adierazi zuen.

2011n hasi ziren plazaratzen Guatemalako gerra zibilaren testuinguruan militarrek, militar ohiek eta paramilitarrek egindako bortxaketen aurkako salaketak. Guztira 36 emakumek salatu zuten 1960ko hamarkadatik 1996ra pairatutako sexu indarkeria. 2022an beste bost paramilitar kondenatu zituzten; orduan, 30 urteko kartzela zigorrak ezarri zituzten epaileek.

Datu zehatza zein den jakitea zaila den arren, giza eskubideen aldeko nazioarteko zenbait erakunderen arabera, Guatemalako barne gatazkak iraun zuen 36 urteetan 250.000 lagun hil zituzten; gehienak estatuko indarrek. 1960an Guatemalan lau milioi lagun bizi ziren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.