Kataluniako indar independentistek izkin egin diote Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren betoari, eta elkarrekin adostu dute debekua saihesteko mugimendua. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen ERCk, JxCk eta CUPek elkarrekin aurkeztu zuten ebazpen bateko 11. puntua. Atal horrek Kataluniaren autodeterminazio eskubidea defendatzen du, eta Espainiako monarkia arbuiatzen. Beraz, Parlamentuak ezin zuen bozketa baimendu auzitegiaren aginduari entzungor egin gabe, baina talde independentistek testu bera txertatu dute berriro ebazpenean, zuzenketa bidez.
Ebazpena onartzearekin, Kataluniako Parlamentuak arbuiatu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak prozesu subiranistaren kontrako auzian eman zuen zigor epaia. Ganberak eskatu du aske utz ditzatela 99 urteko espetxealdira zigortutako bederatzi buruzagi independentistak, eta ahalbidetu dadila erbesteratutako buruzagien itzulera. Halaber, Espainiako «Estatuaren joera autoritarioa» salatu du.
Konstituzionalaren debekua gainditzeko, zuzenketa bateratu bat adostea aurreikusten zuten independentistek. Azkenean, baina, talde bakoitzak 11. puntuari aurkeztu dizkion zuzenketei eustea erabaki dute —zortzi zuzenketa guztira—, talde unionistek osoko batzarra eteteko aukerarik izan ez dezaten. Zuzenketa horiek guztiak onartu dituzte.
Konstituzionalak indargabetu zuen 11. puntuak honela dio: «Parlamentuak berriz adierazten ditu eta diputatuek nahi bestetan adieraziko ditu monarkiaren gaitzespena, autodeterminazio eskubidearen defentsa eta Kataluniako herriari bere etorkizun politikoa erabakitzeko dagokion subiranotasunaren aldarrikapena».
ERCk, JxCk eta CUPek aurkeztu dituzten zuzenketek berretsi egiten dute debekatutako puntuak jasotzen zuena. Horrez gain, Konstituzionalaren «esku hartzea» salatu dute, eta elkartasuna adierazi diete mahaiko kideei, Espainiako Fiskaltza Nagusiak haien kontra hartu dituen neurriengatik.
Ebazpena tramiterako onartzeagatik, Fiskaltzak ikerketa abiatu du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta mahaiko kideen kontra. Lorena Roldan Ciutadanseko eledunak Torrenti ohartarazi dio ezen, talde independentisten zuzenketak onartuta, muzin egin diola berriz Auzitegi Konstituzionalaren agindua betetzeari, eta hori delitua dela.
Gorenaren epaiari erantzuteko ebazpena adosteko bidea ez da samurra izan indar independentistentzat. ERCren, JxCren eta CUPen arteko ezin ulertuak azaleratu ziren epaiaren ondorengo egunetan. Gaur, azkenean, lortu dute zigorra elkarrekin salatzea. JxC eta CUP kritiko agertu dira, ordea, independentisten arteko batasun faltarekin, eta barkamena eskatu dute. “Ez gara behar zen mailan aritu”. ERCk, berriz, nabarmendu du Espainiarekin «bide politikoa irekitzeko garaia» dela, «irtenbide demokratiko bat» bilatzeko.
ERC eta PSOE, ostegunean
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidura negoziatzeko bilera egingo dute ERCk eta PSOEk datorren ostegunean. ERCk barne galdeketa egin eta hiru egunera batzartuko dira, eta alderdi errepublikanoak iragarri du Sanchezen inbestidurari bide emateko ezinbesteko baldintza aurkeztuko diola PSOEri: gobernuen arteko negoziazio mahai bat eratzea.Gabriel Rufian ERCko diputatuaren esanetan, mahai hori sortzeko "konprimisoa eta egutegi bat" eskatuko dizkiote PSOEri, abstentzioaren truke.
Quim Torra Kataluniako presidenteak, berriz, alderdi kataluniarren mahaira deituko du datozen egunetan. Eguna oraindik zehaztu gabe dago, Kataluniako Gobernuaren esanetan, baina zenbait hedabidek aurreratu dute abenduaren 5ean bilduko dela. Hala izango balitz, Espainiako Kongresu berria eratu eta bi egunera izango litzateke bilera. Mahai horren hirugarren bilkura litzateke.