Peru

Pedro Castillo izendatu dute Peruko presidente

Hauteskunde batzordeak ez ditu onartu oposizioak aurkeztutako ehunka errekurtsoak. Sindikalistak botoen %50,12 eskuratu zituen hauteskundeetan, eta %49,87 Keiko Fujimori eskuindarrak.

Pedro Castillo bart presidente izendatu ondorengo lehen hitzaldia ematen, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 20a
08:47
Entzun

Peruk badu presidente berria: Pedro Castillo sindikalista, Peru Libre alderdiko burua. Castillok irabazi zituen ekainaren 6an egin ziren presidentetzarako hauteskundeak, baina emaitzak oso estuak izan ziren, eta oposizioko Fuerza Popular alderdiak ahaleginak egin ditu emaitza haiek zalantzan jarri eta boterea eskuratzeko.

Peruko hauteskunde batzordeak, ordea, ez ditu onartu Keiko Fujimoriren alderdiak aurkeztutako ehunka errekurtsoak, eta bart gauean berretsi du Castilloren garaipena: datu ofizialen arabera, bigarren itzulian sindikalistak botoen %50,12 eskuratu zituen, eta Fujimori eskuindarrak %49,87. Ondo bidean, gutxienez bost urte iraungo du Castilloren agintaldiak, 2026ra arte. Hilaren 28an hartuko du kargua.

Bart, presidente izendatua izan ondoren, Castillok eskerrak eman zizkion «Peruko herriari, garaipen historiko honengatik»: «Iritsi da gizarteko sektore guztien artean Peru parekide, justu eta libre bat eraikitzeko garaia». Horrez gain, dei egin zien Peru osatzen duten etniei, langile klaseari, nekazariei eta herritar guztiei, «aberri eder bat osatzeko»: «Gaur garai berri bat hasi da Perun», amaitu zuen.

Hortaz gain, Peru Libreren egoitzan egindako hitzaldian, Fujimoriri eskatu zion traba gehiago ez ipintzeko, eta laguntzeko «perutar guztiak ordezkatzen dituen gobernu bat osatzen». Gainontzeko alderdiei ere zabaldu zien deia: «Ekar ezazue zuen esperientzia, baina leiala eta gardena izan dadila».

Bere aldetik, Fujimorik esan du ontzat emango dituela hauteskundeen emaitzak, nahiz eta oraindik ere iruzur salaketak egin dituen. Gainera hauteskunde batzordeari leporatu dio «irregulartasunez betetako prozesu bat balioztatu» izana. «Emaitza justu eta garden bat bermatzeko bere eginkizuna urratu du», salatu du.

Horrez gain, Peru «etapa oso zail» baten atarian dagoela ohartarazi zuen, eta, «komunismoaren aurkako defentsa demokratikora» batzeko eskatu zien bere jarraitzaileei: «Peruk bere indar sozial eta politikoen batasuna behar du, komunismoa geldiarazteko». Hautagai eskuindarrak hirugarren aldiz egin du porrot presidente bilakatzeko bere saiakeran.

Irakaslea, nekazaria eta sindikalista, politikan ibilbide laburra eginda heldu da presidente izatera Castillo. BERRIAk gaur argitaratu du Eduardo Bendezu Gutarra abokatuari egindako elkarrizketa; Peru Libreko zuzendaritzako kidea da, Castilloren alderdikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.