Dresdengo (Alemania) Poliziak atzo iragarri zuen kalean manifestatzeko debekua. Pegida mugimendu xenofoboko buru bat mehatxatuta dago, eta atentatu bat izateko arriskua aintzat hartuta erabaki dute debekatzea mugimendu horren ohiko astelehenetako martxa. Pegidak berak Estatu Islamikoari leporatzen dio mehatxua.
Dresdengo Poliziak jakinarazi du islamista erradikalek Pegidaren jarraitzaileen artean infiltratu eta erasotzeko agindua jaso dutela. "Arriskua ez da abstraktua. Pertsona eta ekitaldi zehatz baten kontrakoa da", ohartarazi du Dieter Kroll poliziaburuak. Debekua gaurko da, bart gauerditik gaur gauerdira arte.
Pegidaren hamahirugarren bilkura izan behar zuen gaurkoak; etorkinen aurka biltzen dira. Joan den astean, gaur zortzi, 25.000 lagun elkartu ziren, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren ostean egin zuten lehenengoan. Pegidako buruek diote "kalte handia" dela eurentzat protesta hori egin ezin izatea.
Heiko Maas Alemaniako Justizia ministroak esan du, Pegidarekin bat egin ez arren, albiste txarra dela debekua: "Mehatxu terroristek sekula ez dute adierazpen askatasuna mugatu, iritzi horiek gustatu ala ez". Argudiatu du Pegidaren protestak Alemaniako konstituzioa urratzen ez duen bitartean adierazpen askatasunak babesten duela.