Energia lortzeko beste modu batzuk ere baditu Txinak: esaterako, Errusiari erosten dion petrolioa, eta berriztagarrien alde egindako apustua. Dena den, munduko bigarren ekonomia handienari ez zaio komeni Ekialde Hurbileko egoera narrastea, Ormuzko itsasartetik igarotzen baita inportatzen duen petrolioaren eta gasaren %45 inguru. Adierazi du, beraz, eskualdean «egonkortasuna» lortzea izango duela helburu. Hori azaldu du Atzerri Ministerioak ohar batean, Wang Yi diplomaziaburua Pakistango bere homologo Ishaq Darrekin gaur Pekinen batzartu aurretik. Pakistan, hain zuzen, bitartekari ari da Iranen eta AEBen artean, eta azken orduetan esan du etsaitutako aldeek elkarrekin hitz egingo dutela datozen egunetan, nahiz eta ez duen zehaztu zuzenean edo zeharka mintzatuko diren.
Mugimendu diplomatikoak martxan diren bitartean, Pekinek baieztatu du Txinako hiru ontzik Ormuzko itsasartea zeharkatu dutela «berriki». Marine Traffic webgunean emandako datuen arabera, Txinako hiru ontzik atzo igaro zuten pasabidea. «Inplikatutako aldeen jarrera» eskertu du Mao Ning Atzerri Ministerioko bozeramaileak, agerraldi batean, eta itsasarte horren garrantzi estrategikoa nabarmendu. Izan ere, handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru.
Txinako hedabideek kaleratu dutenez, ontzietako biren kontainerrak hutsik doaz, eta otsail amaieratik egon dira Persiar golkoan, ez atzera, ez aurrera. Informazio horren arabera, ostiralean itsasartetik igarotzen ahalegindu ziren, baina Irango Guardia Iraultzaileak bidea itxi zien. Teheranek gerrarako arma gisa baliatzen du Ormuzen gainean duen kontrola, eta pasabidea ia guztiz blokeatuta dauka otsailaren 28az geroztik, AEBek eta Israelek beren kontrako erasoaldia abiatu zutenetik.
Horren harira, hain zuzen, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak azpimarratu du itsasarte hori «nola edo hala» irekiko dutela. Hori adierazi zion atzo gauean Al-Jazeera hedabideari, elkarrizketa batean. Donald Trump AEBetako presidenteak zeregin horretan laguntzeko exijitu die «erregaia eskuratu ezinik dabiltzan herrialde guztiei». Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezuan, tonu mehatxatzailean, bi «gomendio» egin dizkie: «Bat: erosi petrolioa AEBei, guk asko daukagu. Bi: joan zaitezte itsasartera, eta hartu ezazue». AEBen aliatuei leporatu die Iranen aurkako erasoaldian ez laguntzea, eta orain «beren kabuz borrokatzen» ikasi beharko dutela ohartarazi die: «Estatu Batuek jada ez dizuete lagunduko».
«Han ez gara denbora askozaz ere gehiago egongo», esan dio Trumpek, bestalde, The New York Post egunkariari, baina irizten dio oraindik badutela «lantegia» Iranen gaitasun militarrekin, hilabeteko erasoaldiaren ondoren «geratzen zaion gaitasuna geratzen zaiola». AEBetako presidenteak uste du erasoak eten eta gero irekiko dela Ormuzko itsasartea, «automatikoki».
AEBetako zenbait hedabidek azkeneko egunetan iturri ofizialak aipatuz kaleratu duten informazioaren arabera, AEBetako Defentsa Departamenduak 50.000 soldadu inguru dauzka hedatuta Ekialde Hurbilean; hau da, ohi baino 10.000 inguru gehiago. Donald Trump AEBetako presidenteak esan izan du ez duela baztertzen lurrez eraso egitea Irani. Eta Israelgo armadaren buruzagitzak gaur sare sozialetan nabarmendu du «hurrengo asteetan» ere gerran jarraitzeko prestatzen ari direla.
Bien bitartean, energia merkatuak aztoratuta dabiltza azken asteetan, eta «nahasmendu» horrek luze joko duela esan die Dan Jorgensen Europako Batasuneko Energia komisarioak talde komunitarioko estatu kideetako Energia ministroei. Hori jakinarazi die gutun batean gaur, bideokonferentziaz ezohiko bilera bat hasi aurretik.
11 hildako Iran barnealdean
Hilabete igaro da erasoaldia hasi zenetik, eta Israelek Irani eraso egiten segitzen du. Tel Avivek sare sozialetan jakinarazi du Irango Gobernuaren azpiegiturak jo dituela «Teheranen bihotzean», baina ez du xehetasun gehiago eman. Irango ISNA berri agentziak kaleratu duenez, berriz, goizaldean Mahallat hirian egindako bonbardaketa batek —Teherandik 250 kilometro ingurura— gutxienez 11 hildako eta hamabost zauritu eragin ditu. Eta Iran mendebaldean, Kermanshah eskualdean, eraso batek pertsona bat hil du eta zortzi zauritu, Mehr berri agentziak dioenez.
Israeli ere eraso egin diote, eta, hango komunikabideek osasun iturriak aipatuz kaleratu dutenez, 11 pertsona zauritu dira Tel Aviv, Bnei Brakek and Petah Tikvan gertatutako bonbardaketetan. Ez dute hildakorik eragin.
Bestalde, Iranen jaurtigai batek Kuwaiteko ontzi bat jo du gaur Dubain (Arabiar Emirerri Batuak). Hango iturri ofizialek jakinarazi dute erregaia zeramala, baina erasoak ez duela biktimarik eragin, eta ez dela erregairik isuri itsasora.
Irango Guardia Iraultzaileak ohartarazi du bihartik aurrera eraso egingo diela AEBetako teknologia konpainien Ekialde Hurbileko helburuei, Tasnim agentziak kaleratu duenez: HP, Intel, Microsoft, Apple, Google, Meta, Tesla... Ohar bidez, hogei bat konpainiaren lantokiak husteko agindua eman du Irango armadaren adar horrek, baita lantoki horien inguruak ere.