Politologoa

Javier Franze: «Peronismoak ez ditu sekula ezkutatu bere asmoak»

'La lógica del peronismo' liburuan, Javier Franzek ahalegina egin du peronismoaren inguruko galdera klasikoei erantzuteko, batez ere europarrek egin ohi dituztenei.

Javier Franze politologoa. BERRIA
Javier Franze politologoa. BERRIA
Cecilia Valdez
2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Javier Franze (Buenos Aires, 1965) Madrilen bizi den politologo argentinar bat da, eta peronismoaren eta haren bilakaera historikoaren inguruko galdera klasikoak egin ditu La lógica del peronismo liburuan (Peronismoaren logika, Siglo XXI), fenomeno horrek Europan pizten dituen kezkei erreparatuta. Galdera klasikoak dira, baina erantzunak, zorionez, ez.

Liburuaren lehenengo partean peronismoari buruz Europan egin ohi dituzten galderei erantzun diezu.

Bai. Europakoak direla diot galdera horiek egiten dizkidatelako argentinarra eta politika irakaslea naizela jakiten dutenean. Saiatu naiz erakusten peronismoaren eskuina eta ezkerra ez direla Europako eskuinaren eta ezkerraren pare-parekoak.

Zergatik?

Esan genezake ezkerrak berdintasuna duela kezka nagusi, eta eskuinak, berriz, askatasuna —edo ordena, liberalagoa ala kontserbadoreagoa den—; bestetik, eskuin muturra dago. Historikoki, peronismoak, ezkerrekoa izan gabe ere, berdintasuna defendatu izan du herrialde periferiko batean; beraz, nazionalismoa oso elementu garrantzitsua da, eta Europan arrarotzat jotzen da hori, nazionalismoa herrikoia eta berdinzalea izatea, alegia. Europan, oro har, kontserbadorea eta erreakzionarioa izatearekin lotzen da nazionalismoa.

Azaldu duzu euskaldunek, galegoek eta katalanek ez dutela uste peronismoa gizarte azpigaratuei dagokien fenomeno barbaro bat denik; aitzitik, peronismoaren historian aurkitzen dituzten ezaugarriengatik, gai dira haren ahalmenak eta mugak ikusteko.

Hala da, bai. Izan ere, Espainian eta Europa osoan, nazionalismoak garrantzi handia izan du —eta badu oraindik ere—. Adibidez: PSOE alderdiaren e letra Espainia-ri dagokio, eta alderdi nazionalista da, ez internazionalista. Espainiako nazionalismoa konstituzionalista terminoaren atzean ezkutatu ohi dute, nazionalismoak ospe txarra baitu, eta esaten dute periferian daudenak direla nazionalistak, eta pixka bat zaharkituta daudela. Latinoamerikari buruz esan ohi denaren oso antzekoa da diskurtso hori, iraganean geratu direlako ideia, hain justu. Espainiako erreferentzia bat aztertze aldera, EAJ adibide ona izan daiteke. Nahiz eta historia nazionalak oso espezifikoak diren, nazionalismo horiek kristautasuna dute oinarrian, integratzaileak dira, klaseen arteko elkar-hartzea lortu nahi dute, eta ongizate estatua garatzen saiatzen dira.

«Saiatu naiz erakusten peronismoaren eskuina eta ezkerra ez direla Europako eskuinaren eta ezkerraren pare-parekoak»

Honako hau ere planteatu duzu: Europan peronismoari egin zaizkion kritika askok, funtsean, politikoa denaren inguruko deserosotasuna islatzen dutela.

Nire ustez, peronismoaren ezaugarri espezifikoa zera da, bere aldaera guztiak lotu dituela historian, politikoa denaren logika ulertu eta onartu baitu, inolako konplexurik gabe. Peronismoa oso errealista izan da politika egiteari dagokionez, ulertu du-eta politika, oinarrian, besteak konbentzitzea dela, eta ez indarrez aritzea; eta politikak baduela elementu dramatiko bat, inoiz ez baitira helburu guztiak betetzen, eta tarteka batzuei uko egin behar baitzaie besteak erdiesteko. Hau da, gizarte gutxi-asko inklusibo bat lortzea herria nazioaren erdigune dela, eta ez berriz egitea garai batean egindakoa, nahiz eta helburuak berberak izan. Koiuntura nazionalak ez direnez inoiz berberak, zaila da beti gauza bera egitea. Alde horretatik, baina, esan beharra dago peronismoak ez dituela sekula ezkutatu bere asmoak; Europako diskurtsoak, berriz, politika apaintzeko eta arrazionalizatzeko joera du.

Liburuan azaldu duzu, halaber, hutsuneak daudela peronismoaren, Argentinaren eta Latinoamerikaren inguruan europarrek egiten dituzten interpretazioetan. Historikoki, latinoamerikarrek askoz gehiago jakin dugu Europari buruz europarrek Latinoamerikari buruz dakitena baino, ez da hala?

Kontua ez da bakarrik Latinoamerikari buruz gutxi dakitela, baizik eta Europan nagusi diren ikuskeren arabera interpretatzen dutela.

Zein modutan?

Europak dio humanista eta unibertsalista dela eta nazionalismoa iraganeko kontu bat dela, baina, egiatan, elementu oso garrantzitsua da oraindik ere. Hortaz, Europak ez badu bere nazionalismoa aitortzen, oso zaila da elkarrizketa bati ekitea. Ulertu beharra dago nazionalismoak kutsu herrikoia izan dezakeela eta horrek ez duela esan nahi erreakzionarioa edota eskuinekoa denik, baizik eta Europako errealitateaz bestelakoak ere badaudela. Are, sistema politikoari berari dagokionez, errealitate anglo-saxoia ere ez da Europakoa bezalakoa. Estatu Batuek ez daukate Europako alderdi sistemaren modukorik, eta, hala ere, Europan hori ez da anomaliatzat jotzen, eta esaten da: «Tira, demokratak sozialdemokratak bezalakoak dira, eta errepublikanoak, kontserbadoreak bezalakoak». Itzulpen pobre samarra egiten da, eta ez du islatzen benetako egoera.

«Peronismoa oso errealista izan da politika egiteari dagokionez, ulertu du-eta politika, oinarrian, besteak konbentzitzea dela, eta ez indarrez aritzea»

Peronismoa denboran irauteko gai izan bada ere, gaur egun auzitan jartzen dituzte haren erreferente nagusietako batzuk, inoiz ez bezala.

Kontua da peronismoa funtsezkoa dela politikoa dena ulertzeko duen moduagatik, bere garrantzi sozialagatik eta gizartean oso errotuta dagoelako. Horregatik, inora ez doala ematen duenean ere, berriturik ager daiteke. Baliteke hori gertatzea edo ez, baina gaur egungo krisia handia da, eta peronismoak bere indar guztiak bildu beharko ditu krisiari aurre egiteko.

Denborak aurrera egin ahala, Argentinako politika bitan banatu da: peronistak alde batetik, eta antiperonistak bestetik. Zure ustez, zergatik identifikatzen da hainbeste jende eskema horren barruan?

Mileiren fenomenoa oso berria da, liberalismo ekonomiko erradikal eta beligerantea delako, eta peronismoarekin lehian aritzen delako izaera herrikoia bereganatzeko. Eguneroko borroka politikoan, antikirchnerista da antiperonista baino gehiago, baina peronismoaren oinarriaren kontra ere egiten du, justizia soziala «aldrebeskeria hutsa» dela dio eta. Peronismoa iraultzailea izan zen, baina ez paradigma marxista baten arabera: iraultza peronistan, herria jarri zuten nazioaren ardatz, eta bere horretan onartu, hura goratu nahi izan gabe, ezker klasikoak egiten zuen bezala. Alde horretatik, Argentinako eta Latinoamerikako eskuinak askoz ere zakarragoak dira, ez hain modernoak, ez baitute onartzen masen integrazioa. Ultraeskuina, ordea, gai izan zen hori modu inteligenteago batean interpretatzeko. Europako ezkerraren kategoria klasikoen ikuspegitik aztertuta, baliteke pentsamolde hori kontserbadorea dela ematea, baina agintean dauden klaseek edozein elementu herrikoi arbuiatzen duten testuinguru batean, iraultzailea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA