Gaizkile taldea, lapurrak eta hiltzaileak. Askotariko irainak izan zituen atzo Javier Milei Argentinako presidenteak oposizioarentzat; Argentinako Kongresuan hitz egin zuen, urte politikoa hasteko ekitaldian.
Ekitaldi instituzional garrantzitsuenetarikoa da, eta, bertan, bere bi urteotako kudeaketa defendatu zuen presidenteak: zergak jaistea, gastu publikoa murriztea... Halaber, ziurtatu zuen, orain arte bezala, erreformak egiten jarraituko duela, eta AEBekin aliantza estrategikoa izateko beharra nabarmendu zuen.
Bere kudeaketa defendatu ez ezik, oposizioaren kontra oso gogor egin zuen Mileik. Askotariko irainak eta isekak izan zituen haien aurka: «Gaizkile taldea», «ikaragarri gustatzen zait zuek negarrez ikustea», «lapurrak», «besteen lanetik bizi zarete»... Cristina Kirchner presidente ohiaz aritu zen —ustelkeriagatik espetxe zigorra betetzen ari da etxean—: «Lapur taldea zarete. Horregatik daukazue zeuen burua preso, eta preso jarraituko du». Ia bi orduko hitzaldia izan zen.
Eztabaida iturri
Mileik bere lana defendatuagatik ere, haren jarduna eztabaida iturri izan da boterera iritsi zenetik. Azkena, esaterako, lan erreforma izan da: otsailaren 12an onartu zuen Argentinako Senatuak. Bertan zera dago jasota, besteak beste: kaleratzeen kalte ordainak txikitzea, lanaldia hamabi ordura luzatu ahal izatea, eta kaleratzeengatik ordaindu beharreko kalte ordainak finantzatzeko diru funts bat sortzea, erretreta sistemaren kontura. Kalean protesta ugari sortu ziren haren kontra.