Argentinako hautesleen %40 bizi dira Buenos Airesko probintzian, eta eremu horretan porrot itzela izan du Argentinako presidente Javier Mileik peronisten aurrean. 13 puntu atera dizkiete Cristina Kirchnerren alderdiko hautagaiek eskuin muturrekoei Buenos Airesko legebiltzarrerako bozetan, eta Milei herrialdeko presidentea bera hausnarketa sakon bat egiteko beharrean utzi dute.
Botoen ia %97 zenbaturik daudela, peronistentzat dira botoen %47; haien ildoak Aberriaren Indarra koalizioan bildurik daude. Mileiren Askatasuna Aurrera Doa alderdiak botoen %33 lortu ditu atzo egindako bozetan; hau da, 13 punturen aldea. Milei PRO alderdiarekin batera aurkeztu da bozetan, Mauricio Macri presidente ohiaren (2015-2019) alderdiarekin, baina batasun horrek ere ez du galarazi eskuin muturraren porrota.
«Gaur porrot argia izan dugu, eta onartu behar dugu», esan du Argentinako presidenteak La Platan, probintziako hiriburuan. «Peronistek duela 40 urtetik kontrolatzen duten aparatua jarri dute martxan, eta emaitza hau da gure zorua eta haien sabaia». Berehala ohartarazi du ez dela izango aldaketa handirik. «Milimetro bat ere ez dugu atzera egingo gure gobernuko politikan; dugun norabidean azkarrago joango gara orain. Okerrik egin badugu, hausnarketa egingo dugu horren inguruan, eta hobeto egingo dugu, urriko bozetan irabazteko».
Hark hitz egin ondoren, Axel Kicillof irabazlearen txanda izan da. Festa handi bat izan da peronisten agerraldia: Kirchnerren mezu bat ere entzun ahal izan da, etxetik grabatua. Han ari baita betetzen sei urteko atxiloaldia, ustelkeria zigor bati loturik. Kicillofek argi esan dio Mileiri boto emaileek norabide aldaketa bat eskatu diotela. «Bozen mezua da ezin duzula kanpotarren alde gobernatu, gehien dutenen alde. Milei, herriaren alde gobernatu behar duzu. Gaur ikusi dugu beste bide bat dagoela, eta abiatu gara horretan».

Hurrengo bozak, urrian
Buenos Airesko probintziako legebiltzarrerako bozen ondotik, herrialdeko Diputatuen Ganberaren erdia eta Senatuaren heren bat berritzeko hauteskundeak egingo dituzte urriaren 26an, eta 2027ko udazkenerako daude deituta presidentetzarakoak. Peronistek bide orri hori oso argi dutela azpimarratu du hautagai garaileak. Kicillof orain arteko gobernadorea izan da, eta aurrerantzean ere karguan jarraituko du.
2023ko abenduan gobernatzeari ekin zionetik lehenbiziko aldiz, Javier Mileirentzat hauteskunde proba bat izan dira Buenos Airesko legebiltzarrerako bozak. Eta ez hala moduzkoa: Argentinan, eskualde horrek du pisurik handiena politikan eta ekonomian, eta peronisten gotorlekua izan ohi da. Emaitzak argi erakutsi du eremu horretan, Milei urrun dagoela garaipenetik.
2023az geroztik, peronismoak hauteskundeak galdu eta Milei politikan oldarka sartu zenetik, peronistek barne krisiak izan dituzte, eta Buenos Airesko hauteskundeetan lortutako garaipenak norabidea aldatzeko aukera zabaldu die orain.