Eskoletan «ordena» ezarri behar delakoan dago Keiko Fujimori Peruko presidentea. Horregatik, hango gobernu kontserbadoreak diziplina kode bat osatu du Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zentroetan ezartzeko, eta hartan jaso du, esaterako, ikasleak ezin izango direla makillatu, eta ezingo dutela ilea tindatuta eraman.
Arautegi berria laster kaleratuko dute aldizkari ofizialean, eta, hango hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, ziurrenik urtea bukatu aurretik sartuko da indarrean. «Kalean ez ezik, ordenak gure eskoletan, gure geletan ere nagusitu behar du», nabarmendu zuen Fujimorik astelehenean, Lima hiriburuko aldiriko eskola batera egindako bisitan.
Presidentearen arabera, ikasleek «eskubideak» dituzte, baina baita «betebeharrak» ere. Gaineratu zuen mutilek ilea motz eraman beharko dutela. Jose Chang Hezkuntza ministroak kode horretako beste neurri batzuen berri eman du asteon: eskolako uniformeen gonek luzera «egokia» eduki beharko dute, eta ikasleek ezingo dituzte azkazalak margotuta eraman.
Kode berria osatzeko orduan, arau hauste oso larrien, larrien eta arinen arteko bereizketa egin du Hezkuntza Ministerioak, Latinoamerikako herrialde horretako komunikabideek argitaratutakoa aintzat hartuta. Arau hauste oso larrien artean zerrendatu dituzte ikasleen zein irakasleen «segurtasuna arriskuan jar dezaketen ekintzak»: gorrotoa adieraztea, mehatxuak, lapurretak, intimitatea urratu dezaketen grabazioak eta, besteak beste, delitu izan daitekeen jarduerak antolatzea.
Makillatzea eta ilea baimendutakoa baino luzeagoa eramatea arauhauste arintzat du Peruko Hezkuntza Ministerioak. Dena den, arauhaustea behin baino gehiagotan errepikatzen bada, larri bihur daiteke.
Kasu baten ondoren
Gobernuaren esanetan, modu horretan «tresna argiak» eduki nahi dituzte elkarbizitzari eragin diezaioketen jarrerei aurre egiteko. Nabarmendu du, gainera, hezkuntza sisteman jazarpenik eta sexu indarkeriarik ez izatea nahi dutela. Hain zuzen, eskola bateko jarduera batean sexu eraso bat izan eta hilabetera plazaratu dute kode berria. Kasuak harrabotsa eragin du herrialdean. Poliziaren ikerketaren arabera, adingabe batek salatu zuen sexu eraso bat pairatu zuela eskolako autobus batean.
Horren harira, Peruko talde feministek salatu dute ilearen luzerari neurri bat ezartzeak edo makillatzea debekatzeak ez dutela prebentzio neurri gisa balio, esaterako, sexu erasorik izan ez dadin. Behin kodea argitaratu ondoren, herritarrek 30 eguneko epea izango dute arautegiari zuzenketak planteatzeko.