Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Neuquen, gehien hazten ari den hiriburua». Halakoak nonahi irakur daitezke Argentinako Neuquen hirian probintziako gobernuak jarritako propaganda paneletan. «250 errepide asfaltatzen ari gara», dio beste batek. Kioskoetan gehien saltzen den egunkariak ekonomia kontuak dakartza lerroburu nagusietan: «Neuquenek 500 milioi dolarreko bonu bat kokatu du», «Hiria %80ko okupazio tasara iritsi da oporretan», «Neuquengo supermerkatuetako salmentak, herrialdeko handienak», eta beste horrenbeste. Etengabe hazten ari den hiri baten erakusle dira; arrazoia: petrolioaren eta gasaren ustiaketa.
XIX. mendean, AEBetako San Frantzisko hiria zen urrearen sukarraren ikurra, eta Argentinan martxan den petrolioaren eta gasaren sukarra, berriz, Neuquenen ikusten da gaur egun. Hiriaren erdialdeari begiratu besterik ez dago: eraikuntza betean dauden etxe orratzak, ardo botila merkeenak 65.000 peso argentinar balio duen jatetxeak —ia 40 euro—, 11 solairuko kristalezko etxe orratz bat egoitza gisa duen banku probintziala... Hiriaren iparraldean, Argentinako YPF Yacimientos Petroliferos Fiscales petrolio enpresa egoitza bat eraikitzen ari da: hemezortzi pisu izango ditu. Hiribide berean, 28 pisuko dorre batzuk daude, tartean Hilton luxuzko hotela hartzen duena. Muinotxo bat dago lanen atzean, eta, haren gainean, auzo berriak, teknologia parke bat eta industrialde bat eraikitzen ari diren goi lautada bat. Estadio berri bat egiteko asmoa ere badute bertan.
«70.000 familia daude etxerik gabe. Vaca Muertaren bihotzean bertan, batzuek ez dute gasik ere»
VALERIA BENAVIDES ATEN Capital sindikatuko idazkari nagusia
Hiriaren hazkunde horren seinale ere bada teniseko Davis Kopako sailkapen partida bat jokatuko duela Argentinako selekzioak, Turkiaren kontra, irailaren 19an eta 20an. Turismoa erakartzeko helburua dute, eta ekitaldiaren finantzaketa guztiz pribatua izango da; YPFk jarriko du diru gehien. Turismoa bultzatzeko beste hainbat neurri ere hartzen ari dira hirian: turismo ibilaldiak doan egiten dituzten autobusak, esaterako. Hala ere, sektore horrek zailtasun handiak izango ditu asko hazteko, egiteko gutxi baitago bertan. Andeetatik kostara bidean lo egiteko lekua da batez ere, bien erdian doi-doi baitago.
Hiru dimentsioko hazkundea
Etxe orratzak eraikitzeko garabi mordoa daude hiriaren erdigunean. Izan ere, probintziako gobernuak egiten duen propagandak dioen moduan, Argentinan biztanle gehien eta azkarren irabazten ari den hiriburua da Neuquen. Kontaketak ez dira errazak, inguruko herriak xurgatzen ari baita hiria, eta jada haien arteko muga ez da hain nabaria. Neuquen probintziak, 2010ean, 550.000 biztanle zituen INDEC Argentinako Estatistika Institutuaren arabera, eta 2026an ia 800.000 dira. Hiriburuari dagokionez, hazkunde azkarra eta irregularra dela eta, ez dago garbi zenbat jende bizi den bertan, baina udalak kalkulatu du 350.000 pertsona inguru bizi direla gaur egun; 2010ean ia 232.000 ziren. Hazkundea, beraz, %50ekoa baino handiagoa da.
Hori arazo handiak sortzen ari da; esaterako, goizean eta arratsaldean auto ilara handiak sortzen dira hiriko sarrera eta irteera nagusietan. Hala ere, arazo hori pixka bat arintzeko neurriak hartzen ari da gobernua. Esaterako, autobus zerbitzuak asko hobetu dituzte azken urteetan, eta hiria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen arteria nagusia itxita dago guztiz, goitik behera ari baitira berritzen: zortzi lerroko errepide bat egiten ari dira, noranzko bakoitzean lau.
Hiriaren erdiguneko biztanle dentsitatea handitzeko helburua dute etxe orratzek, baina horizontalki ere hazten ari da hiria, batez ere bizitza hobe baten bila migratutako pertsonek eta ordainsari txikiko langileek hartu dituzten lurren ondorioz —tomas deitzen diete han okupazio horiei—. Patagonian lur okupazio gehien duen udalerria da Neuquen. Hala joan dira auzoak zabalduz, eta askok petrolio hobi zaharrak xurgatu eta barnean integratu dituzte, hazkunde handi eta azkar horren seinale. Ohikoa da hobiaren zulotik 50 metrora etxeak ikustea.

Ikasleak, etorkizunik gabe
Uztailean, bi asteko neguko oporraldiak izaten dituzte Argentinan, eta Neuquenen uztailaren 27an itzuli ziren ikasleak klasera. Baina irakaslerik ez zuten topatu hiriburuan, greba egin baitzuten. Ia erabateko erantzuna izan zuen grebak; aldarri nagusia: soldatak KPIa baino gehiago handitzea. Izan ere, erregai ustiaketa ekonomiaren jabe den esparruetako desberdintasuna ongi islatzen da irakasleen egoeran, ez baitute bizitzeko nahikoa irabazten, eta askok beste lan bat behar izaten dute, Argentinan oso ohiko bihurtu den moduan.
ATEN Capital Neuquen hiriko irakasleen sindikatu nagusiko idazkari nagusiak, Valeria Benavidesek, egoera azaldu du. «Hasi berri den irakasle batek 1,36 milioi peso irabazten ditu (790 euro), eta, familia bat mantentzeko, 3,6 milioi behar dira (2.100 euro). Batzuk Uber enpresarentzat ari dira lanean». Hiriburuan, alokairuek batez beste 1.400.000 peso balio dituzte gaur egun, hasiberrien soldata baino gehiago. Eta irakasleak ez dira gutxi Neuquenen, biztanleria gaztea baitu hiriak: 14.000 irakasle inguru daude hirian, eta 27.000 probintzian.
«Orain, eskolara ez doan ikaslea auzoan galduta dabil. Norarik gabe dabiltza: etorkizun on baten itxaropena galdu egin da»
VALERIA BENAVIDES ATEN Capital sindikatuko idazkari nagusia
Ekonomia erregaien ustiaketan oinarritzeak «pobrezia handia» sortu duela uste du Benavidesek: «70.000 familia daude etxerik gabe. Vaca Muertaren bihotzean bertan, batzuek ez dute gasik ere». Eta familietan gertatzen dena bikain ikusten dute irakasleek ikasleengan: «Ikasle batzuen eguneko otordu bakarra eskolakoa da». Baina arazo larriagoak nabaritzen hasi dira, drogazaletasuna batez ere: «Lehen, eskolara joaten ez zirenean, lanera zihoazen. Baina, orain, eskolara ez doan ikaslea auzoan galduta dabil. Norarik gabe dabiltza: etorkizun on baten itxaropena galdu egin da. Ikasleek ez dute beren burua unibertsitatean ikusten, batez ere materialki ezinezkoa zaielako».
Azaldu duenez, nahiz eta aurrekontu mugatua izan, saiatzen dira kanpoan ikasleekin hezkuntza jarduerak egiten, zinemara joatea adibidez: «Bizitzan halako zerbait egin duten lehen aldia da gehienetan. Gazte asko ez dira inoiz hiriaren erdigunean egon».

Añelo, muturreko eredua
Neuquen hiriburuan gertatzen ari denaren muturreko eredua Añelo udalerria da, baina eskala txikian. Hiriburuaren ipar-mendebaldean dago, autoz ia bi ordura, eta petrolio eta gas hobiz inguratuta dago. Neuquenen bezala, udalerriaren zatirik zaharrena errekaren mailan dago, baina geografiagatik hazteko zailtasunak dituenez, iparraldeko goi lautadan gertatzen ari da hazkunde handiena. OPSur Observatorio Petrolero Sur behatokiko langilea da Martin Alvarez Mullally, baita fotokazetaria ere. Hori dela eta, ondo ezagutzen ditu Añeloren eta Neuquenen inguruak.
Azaldu duenez, modu inprobisatuan hazi da Añelo, inongo antolaketarik eta plangintzarik gabe: «YPFren fundazioak eta Garapenerako Banku Interamerikarrak prozesu bat abiatu zuten udalerriak nola hazi behar zuen zehazteko, eta aholkularitza enpresa bati enkargatu zioten ikerketa. Ondorioztatu zuten goi lautadan hazi behar zela, haraneko lurrak elikagai ekoizpenerako gordetzeko». Baina agintariak badirudi harro daudela: AEBetako inbertsioak omentzeko, herrian New Yorkeko Wall Streeten dagoen zezen baten estatua ezagunaren erreplika bat jarri dute biribilgune batean.
2015. urtean 1.500 biztanle zeuden han erroldatuta, eta gaur egun 11.000 dira. Horrez gain, egunean beste 15.000 pertsonak egiten dute lo hiriko hoteletan eta alokairuko etxeetan, gehienak erregai fosilen ustiaketaren industriako langileak. Eta jakiak ekoizteko gordetako lurrak erregai enpresek erosi dituzte, eta ohe askoko gelak dituzten etxe prefabrikatuak jarri dituzte bertan: «Kanpamentu estiloko hiri bat bihurtu da; ez da ondo egindako hirigintza baten emaitza. Hiri honetan, etxe bakoitzean ez da familia bat bizi; horren ordez, gela bakoitzean hamar litera egon daitezke», azaldu du Alvarez Mullallyk.

Añelon gela bat edo ohe bat izateko eskaria oso handia da, eta izugarrizko presioa eragiten ari da alokairuaren merkatuan; ohe batek soilik mila dolar balio dezake hilabetean. Izan ere, erregai fosilak erauzten lan egiten dutenek, petrolero esaten zaien horiek, oso soldata handiak dituzte gainontzekoekin alderatuta, hilabetean 3.000 eurotik gora denek, eta batez besteko soldata 6.000 euro inguru dira hilean. Hala, alokairuen merkatua soldata horietan oinarrituta dago, eta gainontzeko langileak —ostalaritzakoak, irakasleak, medikuntzakoak, merkataritzakoak...— herria uztera behartu ditu.
Hori gutxi ez, eta Alvarez Mullallyk azaldu du ohe beroak izeneko formula erabiltzen ari direla langile asko; ohe bera bi langilek partekatzea da. Izan ere, petrolero-ek hamabi orduko lanaldiak dituzte. Orokorrean, 2x1 eskeman egiten dute lan; hau da, bi laneguneko atseden egun bat, halako banaketarekin: hamalau lanegun, zazpi atseden egun, 21 lanegun eta hamar atseden egun, dena jarraian.
«[Añelo] Kanpamentu estiloko hiri bat bihurtu da; ez da ondo egindako hirigintza bat»
MARTIN ALVAREZ MULLALLY Opsurreko ikertzailea
Alvarez Mullallyren hitzetan, Añelo bezalako udalerrietan hainbat arazo sozial sortzen ari da erregaien ustiaketa: familiak ikusten eta zaintzen ez dituzten langileak, erregaien sektorearen maskulinizazioa, soldata arrakala, prostituzioaren zabalkundea, alkoholismoa, drogazaletasuna, ludopatia...
Gasik eta urik gabe
Deigarria da munduko ezohiko gas natural erreserba handienetako batean herritarrek egurra erabili behar izatea etxea berotzeko, Neuquen probintzian gertatzen den moduan. Hutsune hori nabarmendu du Añeloko goi lautadako etxebizitza berritzen ari den igeltsero batek: «Ez dugu gasik, ez dugu urik». Energia horniduraz galdetzean, erantzun du butano bonbonak edo egur kutxak erosi behar dituztela berokuntzarako, negu betean. «Bonbona handi batek 120.000 peso balio du (70 euro), eta egur kutxa batek, 75.000 peso (43 euro)», nabarmendu du. Bera ere petrolero izandakoa da, baina onartu du denbora faltagatik aldatu zuela lana, ezin zuelako familiarekin denborarik pasatu.
Langile hark adierazitakoa ez da salbuespena Argentinako landa eremuan, errealitate orokortu bat baizik: Neuquen probintziako auzoen %75ek egurra edo ikatza erabiltzen dute berokuntzarako, %12,9k bonbonak, %10,7k argindarra, eta %1,7 besterik ez daude gas naturalaren sarera konektatuta. Bestalde, auzoen %67,2 legez kanpo daude edateko uraren sarera konektatuta, eta auzoen ia %10ek zisterna kamioi bidez jasotzen dute ura. %12,9 daude legez sarera konektatuta, eta %7,7k putzu komunitarioetatik erabiltzen dute ura. Isurbideei dagokienez, auzoen %87,1ek putzu itxietara edo hobi septikoetara botatzen dituzte erabilitako ura eta ur beltzak.