XX. mendeko erdialdean plastikoen erabilera zabaldu zenetik, urtez urte handitzen ari da material horren erabilera. Horrek hainbat onura ekarri ditu, plastikoaren ezaugarri fisikoengatik batez ere, baina beste arazo handi bat sortu du: kutsadura. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak plastikoen ekoizpenaren eta hondakinen kudeaketaren jarraipena egiten du urtero, eta datuak deigarriak dira: 2022an 482 milioi tona plastiko ekoitzi ziren, eta gutxi gorabehera hondakinen %15 soilik jasotzen dira birziklatzeko —birziklatzen den plastikoaren erdia soilik aprobetxatzen da berriro—, eta %23 baino gehiago naturara botatzen da. Egoera horri buelta emateko asmotan, Nazio Batuen Erakundeko 170 herrialde baino gehiago nazioarteko itun lotesle bat adosteko negoziazio lanetan dabiltza Genovan (Suitza), gaur hasi eta abuztuaren 14ra arte.
2022an urte gutxiko bide orri bat onartu zuten herrialdeek, itun bat adosteko helburuz, eta ordutik urtero elkartzen dira, araudi horrek zer jaso behar duen eta zer ez eztabaidatzeko. Hala ere, oraindik ez dute akordiorik lortu, eta zaila dirudi aurten itun bat lortzea, bloke bakoitzak bere interesa baitu. Talde bat mesfidati da etorkizuneko itun horrekiko, petrolio eta plastiko ekoizle handiak baitira; Saudi Arabiak gidatzen du talde hori. Beste aldean, Plastikoen Kutsadura Amaitzeko Koalizio Anbiziotsua taldea dago, 70 herrialdek baino gehiagok osatua, eta Ruandak eta Norvegiak gidatua. Labur azalduta, bigarren koalizio horrek plastikoen ekoizpena mugatu nahi du, eta neurri bereziak onartu nahi ditu plastikozko hondakinen birziklapen tasak hobetzeko, baita kutsadura murrizteko ere.

Interes kontrajarri horiek talka egin zuten iazko negoziazio bileran, Busanen (Hego Korea), eta ez zuten akordiorik lortu. Plastikoen Kutsadura Amaitzeko Koalizio Anbiziotsua gero eta talde handiagoa da —iaz 65 herrialde zeuden bertan, eta orain 71 dira—, baina ez dira gutxi plastikoen ekoizpenetik etekinak ateratzen dituzten petrolio ekoizleak. Gaur hasi dira negoziazioak, eta hainbat pertsona protestan aritu dira Genovan, negoziatzen ari diren egoitzaren kanpoaldean. Plastikoen kutsadurari aurre egiteko akordio «sendo» bat eskatu dute, besteak beste.
Ekoizpena, etengabeko hazten
Salbuespenak salbuespen, urtez urtez handitu eta handitu egiten da mundu mailako plastikoen ekoizpena, biztanleriaren hazkundeak eta herrialde askoren garapenak bultzatuta batez ere. OCDEren arabera, mende hasieratik 2022ra bi aldiz baino gehiago handitu da plastiko ekoizpena: 234 milioi tonatik 482 milioi tonara. Eta hazkunde horren zati handi bat erabilera bakarreko plastikoengatik izan da, hazi egin baita urtero botatzen den plastikoaren ehunekoa: 2000. urtean, ekoizten zen plastikoaren %66,6 baztertzen zen; hau da, kontsumitzen zen plastikoaren heren bati erabilpen jarraitua ematen zitzaion. 2019. urtean berriz, urte horretan ekoiztutako plastikoaren %76,7 bota zen; beraz, munduko ekoizpenaren laurdenari baino gutxiagori eman zitzaion erabilpen jarraitua.
%47,3BIRZIKLATZEKO JASOTZEN DEN PLASTIKOAREN ZENBAT GALTZEN DEN BIDEAN. Urtero botatzen den plastikoaren %15,6 soilik jasotzen da birziklatzeko, baina horren %47,3 berriro hondakin gisa botatzen da. Birziklatutako plastikoaren aprobetxamendu tasa, beraz, %52,7koa bakarrik da.
Birziklapen tasak ere arduratzekoak dira, soilik %15,6 jaso baitzen birziklatzeko 2019an, eta birziklatzeko jasotako horren %47,3 bidean galdu baitzen. Birziklatu baino gehiago errausten da —%19—, birziklatu baino gehiago botatzen da zabortegietara —%46,3—, eta birziklatutakoa baino gehiago botatzen da naturara —%23,2—. Hau da, plastikozko hondakinen laurdenak ez du kudeaketa arauturik, eta %23,2 horren laurdena basoetan edo uretan geratzen dira.
OCDEren arabera, 1970etik hona guztira 109 milioi tona plastiko bota dituzte erreketan eta lakuetan, eta 30 milioi tona plastiko daude itsasoan pilatuta.