Azken 25 urteotan agintean etengabe egon den Gaston Flosse Polinesia Frantziarreko presidenteak Lurralde Asanblean zeukan gehiengo osoa galdu du, independentistak eta autonomistak indar nagusiak diren oposizioaren mesedetan. Ustekabe hori gertatu da igandeko hauteskundeetan.
Polinesiako 195.915 hautesle bozetara deituta zeuden 57 biltzarkideak aukeratzeko. Parte hartzea %78,32koa izan da. Gaston Flosseren Tahoeraa Huiraatira alderdiak (Herriaren Elkarretaratzea) 28 biltzarkide lortu ditu, Oscar Temaru hautetsi independentistaren Tavini Huiraatira (Herriaren Zerbitzurako) alderdiaren inguruan osatutako UPLD Demokraziaren Aldeko Batasuna oposizioak 27 hautetsi dituelarik. Alabaina, batasun honetatik at ziren Fetia Pai eta No Oe e Te Nunaa alderdi autonomistek hautetsi bana lortu dutenez, Asanbleako gehiengo osoa Flosseren aurkarien da.Ezustea are handiagoa izan da, Gaston Flossek boz hauetarako arauak aldarazi baitzizkion Parisko legebiltzarrari, orain arte baino gobernu zabalagoaz jabetzeko asmoz. Oposizioak salatu zuen aldaketa honen arabera, boto gehien jasoko zuen indar politikoak %30eko emendaketa bat lortuko zuen biltzarkide kopuruaren zenbaketan.
Ekonomia, «lehentasuna»
«Emaitza on hauek pozten gaituzte, jakina» adierazi zuen Oscar Temaruk RFO irrati publikoan eta gaineratu: «Hurrengo 5 urteetan lurraldeko ekonomia bersendotzeko ahaleginetan jardungo dugu; hau da lehentasuna; independentziarena geroago ikusiko dugu».
Gaston Flossek zioenez, berriz, «polinesiarrek Oscar Temarurentzat egin badute boto, autodeterminazio bozketa bat antolatu behar da eta herritarrei galdegin nahi dutenez Taviniren aldeko botoa independentziaren aldeko botoa izatea». Polinesiako autonomia estatutuan autodeterminazio eskubiderik ez dagoa zehaztuta eta Frantziak ez du onartzen.Frantzian, François Hollande buruzagi sozialistak «demokraziarentzat berri on» gisa jo zuen Flosseren porrota. «Guadalupen Lucette Michaux-Chevryren eta Kaledonia Berrian Jacques Lafleurren porroten ostean, itsasoz haraindikako lurraldeetan Chiracen sistemaren hirugarren zutabe a da lurrerat erori».
POLINESIA FRANTZIARRA. Temaru independentistak irabazi ditu bozak
Parisen aldeko Gaston Flosse gobernuburuak gehiengo osoa galdu du lurralde asanblean, independentisten eta autonomisten mesedetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu