Ingurumena

Poloniak dio litekeena dela alga toxikoek eragindakoa izatea Oder ibaiko sarraskia

Ehun bat tona arrain atera dituzte hilda Polonia eta Alemania banatzen dituen Oder ibaitik. Hondakin kimikoak isuri zituztela aipatu zuten hasieran, baina oraindik ikertzen ari dira zerk eragin duen hondamena.

Polizia Oder ibaian, hildako arrainak ateratzeko lanetan, Poloniako Krajnik Dolny herrian. MARCIN BIELECKI / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko abuztuaren 19a
16:48
Entzun

Milaka arrain ur azalean, hilda. Itxura horixe izan du azken egunetan Polonia eta Alemania banatzen dituen Oder ibaiak. Aurreko aste hasieran piztu zen alarma, Poloniako Olawa hirian milaka arrain hilda atzeman zituztenean. Kastore batzuk ere agertu ziren hilotz, eta ibaiaren beste puntu batzuetan ere agertu dira geroztik hildako arrainak. Poloniako eta Alemaniako ikerlariak lanean ari dira, «aurrekaririk gabeko sarraski ekologiko» gisa izendatu dutena zerk eragin duen argitzeko. Anna Moskwa Poloniako Ingurumen ministroak emandako azken azalpenen arabera, litekeena da alga toxikoek eragindakoa izatea sarraskia.

Poloniako Arrantza Institutuak egindako txosten baten berri eman zuten atzo, eta azaldu zuten alga doratuak atzeman dituztela Oder ibaian, ugaltze prozesuan arrain asko pozoitzeko moduko toxinak botatzen dituena. Varsoviako unibertsitateko ikerlari Iwona Jasserr fitoplanktonetan aditua da, eta zehaztu zuen alga espezie horiek hamarkadak daramatzatela Europako ibai eta lakuetan, baina Oder ibaian urteak daramatzatela azterketa egokirik egin gabe, eta horrek asko zailtzen duela ikerketa.

Ibaira hondakin kimikoak isuri ote zituzten aipatu zuten aurrena Poloniako agintariek, eta 210.000 euroko ordaina ere eskainia zuten kutsadura eragin zuena aurkitzeko informazioaren truke.

Arrainak hilda, Oder ibaian. / Marcin Bielecki, EFE.

Animaliei egindako kalteaz gain, alga horiek botatako toxinen eraginez, baliteke orain ibaiko ura ez izatea edangarria. Poloniako Gobernuak debekatu egin du Oder ibaiko ura gizakiek kontsumitzeko erabiltzea —edateko, sukaldean egiteko, garbitzeko, ganaduarentzako nahiz landareak ureztatzeko—, baita ibaian bainatzea ere. Poloniako suhiltzaileen estimazioen arabera, asteazkenean ehun bat tona arrain atereak zituzten dagoeneko Oder ibaitik. Alemaniako Ingurumen Ministerioak, berriz, 36 tona atera dituztela jakinarazi zuen egun berean.

Nazioarteko laguntza

WWF Poloniako basabizitzaren kontserbaziorako funtsak nabarmendu du analisi kimikoak egin dituztela orain arte, eta ez biologikoak. «Poloniako laborategi gehienak ez daude prestatuta era horretako azterketak egiteko». Joan den asteartean, nazioarteko laguntza ere eskatu zuen Poloniako Gobernuak; ibaitik hartutako laginak Herbeheretara, Txekiar Errepublikara eta Erresuma Batura bidali dituzte aztertzera. EBk ere laguntza eskaini dio Poloniari.

Alemaniak, hasieran, hondamenaren neurria ezkutatzea leporatu zion Poloniari. Aste honetan, ordea, ikerketa bateratu bati ekin diote, bi herrialdeetako Ingurumen ministroak bildu ondoren. Txekiar Errepublikan du sorburua ibaiak, baina Alemaniaren eta Poloniaren artean muga egiten du ibaiak 187 kilometrotan. Ehunka boluntario aritu dira ingurua garbitzen azken egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.