Elkarrizketa saioak gorabehera, Ukrainako gatazkak ez du baretzeko itxurarik. Errusiak jaurtitako drone batzuk Poloniaren aire eremuan sartu dira gaur goizaldean, eta, hango lehen ministro Donald Tusken esanetan, hori probokaziotzat hartu behar da. Jakinarazi du hemeretzi aldiz urratu dutela aire eremua, eta defentsa sistemek hiru drone erorarazi dituztela Lublin probintzian —muga Ukrainaren eta Bielorrusiaren mugan dago—; iturri ofizialen esanetan, biktimarik ez dago. Tuskek ohartarazi du, ordea, Errusiak jaurtitako drone batzuk aurrenekoz erorarazi dituztela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide den herrialde batean, eta aliatuei eskatu die «seriotasunez» jokatzeko, armadaren buruzagitza ere deitu duen ezohiko ministroen kontseilua hasi aurretik. Eta ondoren parlamentuan iragarri du NATOren 4. artikuluari helduko diotela. Artikulu horrek dioenez, «aldeek» elkar kontsultatuko dute baldin eta aldeetako baten «lurralde batasuna, independentzia politikoa edo segurtasuna mehatxupean badago».
Varsoviak eta Mendebaldeko aliantza militarrak esan dute harremanetan daudela, gertatutakoa ikertzen ari direla, eta, bigarrenaren bozeramaile Allison Hartek sare sozialetan jakinari duenez, aliatuek Poloniako armadari lagundu diote droneak botatzeko lanean. Aliantzaren iturriek Reuters berri agentziari azaldu diotenez, Herbehereetako eta Italiako gerra hegazkinek parte hartu dute operazioan, eta Alemaniak han dituen Patriot aireko defentsa sistemak ere baliatu dituzte. Ez dute zehaztu zenbat drone bota dituzten, baina aliatuen iturri batek adierazi dio Reutersi Poloniako aire eremua urratu duten hamar droneetatik sei «nahita» bideratu dituztela harantz.
«Erasoa benetako mehatxua izan da gure herritarren segurtasunerako», esan du Poloniako armadak, eta ohartarazi du «erasoaren ondorioz» lau aireportu itxi behar izan dituztela. Aireportu gehienak goizean ireki dituzte berriro. Errusiako Defentsa Ministerioak Telegramen esan duenez, ez zuen Polonian helbururik jotzeko asmorik. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovi Poloniaren akusazioaz galdetu diote egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, eta erantzun du Poloniak eta NATOk ez dutela argudiorik plazaratu gertatutakoa probokaziotzat jotzeko. Â
Horiek horrela, Tuskek egoera jakin bat marraztu du: haren esanetan, Bigarren Mundu gerraz geroztik, inoiz baino gertuago dago gatazka militar bat gertatzeko aukera. Dena den, aliantzaren iturri batek nabarmendu dio Reutersi ez dutela uste eraso bat denik; beste modu batera esanda: ez zaiela iruditzen beharrezkoa denik aliantzaren 5. artikulua aplikatzea. Horren arabera, aliatu baten aurkako erasoa aliatu guztien aurkakoa da, eta zera dio, literalki: «Aldeek adostu dutenez, Europan edo AEBetan aliatu baten edo gehiagoren aurka egindako eraso bat guztion kontrako erasotzat hartuko da». «Defentsarako eskubide zilegia» ere aitortzen du.
120Errusiak zenbat drone erorarazi dituen. Errusiako armadak gaur jakinarazi duenez, Ukrainak jaurtitako 120 drone erorarazi dituzte lurraldeko hainbat eskualdetan azkeneko orduetan. Ez du adierazi kalte materialik edo biktimarik eragin ote duten.
Horretaz guztiaz hitz egin du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak; nabarmendu du Errusiak gatazka «koska bat estutu» duela modu horretan, eta ohartarazi du NATOren aire eremuan sartu direla Errusiak jaurtitako droneak. Bide batez, datuak eman ditu: haren esanetan, Errusiak 40 misil eta 415 drone jaurti ditu goizaldean.
Bien bitartean, Errusiaren aliatu Bielorrusiaren arabera, drone horiek «nahi gabe» sartu dira Poloniaren aire eremuan. Pavel Muravyeika Defentsa ministrordeak, Telegrameko bideo batean, esan du droneen nabigazio sistema «blokeatuta» geratu dela eta, orduan, «norabidea galdu» dutela; gaineratu du Bielorrusiak berak drone batzuk erorarazi dituela.
«Droneen aliantza»
Europako liderrek, oro har, elkartasuna adierazi diote Poloniari. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea gaur agerraldia egitekoa zen Europako Parlamentuan, talde komunitarioaren egoeraz mintzatzeko. Eta Polonian gertatutakoaren ondoren, hitza baliatu du iragartzeko taldeak 6.000 milioi euro jarriko dituela «droneen aliantza bat» sortzeko. Hain zuzen, Andrius Kubilius EB Europako Batasuneko Defentsa komisarioak eskatu du gaur EBren ekialdeko mugan «droneen murru bat» egiteko. Kaja Kallas taldeko diplomaziaburua ere ados agertu da, eta azpimarratu du ematen duela Errusiak droneak «nahita» eraman dituela Poloniara.
Bide batez, Von der Leyenek eskatu du zigor gehiago ezartzeko Errusiari. «Putinen [Vladimir, Errusiako presidentearen] mezua argia da, eta gure erantzunak ere halakoxea izan behar du. Errusia gehiago presionatu behar dugu, negoziazio mahaian eser dadin».
Gaur Polonian gertatutakoa ezin da parekatu 2022ko azaroan han gertatutakoarekin, baina badaude antzekotasunak. Orduan, misil bat lehertu zen Polonian, herrialdeko ekialdean, eta bi pertsona hil ziren. Ukrainak Errusia jarri zuen jopuntuan hasieratik, baina NATOk hurrengo egunean esan zuen uste zuela Ukrainak jaurti zuela, Errusiaren misil bat erorarazteko. Hain zuzen, Pentagonoak ere esan zuen misilak, ziurrenik, Ukrainak jaurti zituela. Ia urtebete geroago, Poloniako Rzeczpospolita egunkariak artikulu bat kaleratu zuen, zeinean salatzen zuen Ukrainak ez zuela lagundu gertatutakoa ikertzen.