Varsoviak uste du Errusia dagoela Polonia Ukrainarekin lotzen duen trenbideari egindako erasoaren atzean

Tusk lehen ministroaren esanetan, Errusiak «kaosa» eragin nahi du. Udazken honetan Bielorrusiatik Poloniara iritsitako bi ukrainar identifikatu dituzte susmagarri gisa.

Behargin batzuk atzo, Poloniako trenbide sarean igandean leherketa gertatu zen lekuan. EFE
Behargin batzuk atzo, Poloniako trenbide sarean igandean leherketa gertatu zen lekuan. EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 18a
16:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiak «kaosa» eragin nahi du. Hori nabarmendu du gaur Donald Tusk Poloniako lehen ministroak. Izan ere, Varsoviak uste du Mosku dagoela Polonia Ukrainarekin lotzen duen trenbideari aurreko igandean egindako erasoaren atzean. Zerbitzu Berezien Ministerioko bozeramaile Jacek Dobrzynskik gaur agerraldi batean hedabideei adierazi dienez, «zantzu guztien» arabera, Errusiako zerbitzu sekretuek agindu zuten «sabotaje ekintza» —leherketa bat— egitea igandean herrialdearen hego-ekialdean, Varsovia eta Lublin artean.

Eta Tuskek gaur parlamentuan azaldu duenez, bi ukrainar identifikatu dituzte eraso horren susmagarri gisa. Lehen ministroak esan duenez, gertatutakoa ikertzen ari direnek jakinarazi diote bi susmagarri horiek udazken honetan iritsi direla Poloniara Bielorrusiatik, eta uste dute Errusiako zerbitzu sekretuentzako lan egiten dutela. Behin leherketa gertatu ondoren, biak Bielorrusiara itzuli ziren, Tusken hitzetan. 

Leherketa horrek trenbide zati bat txikitu zuen Deblin hiritik gertu, eta metro bateko diametroko zulo bat eragin. Hain zuzen, trenbide horretatik iristen da laguntza humanitarioa Ukrainara, eta egunero 115 trenek zirkulatzen dute trenbide horretan. Poloniak gaur jakinarazi du, hain zuzen, 400 soldadu hedatu dituztela herrialde osoan, errailak eta trenbide azpiegitura gainbegiratzeko. 

Errusiarrik ez da egongo bihar Turkian

Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkari berezia eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Istanbulen (Turkia) batzartzekoak dira bihar, eta, horren harira, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak jakinarazi du gaur ez dela Errusiako ordezkaritzarik egongo bilera horretan. Egunero egin ohi duen agerraldian adierazi duenez, Putinek ez du «oraingoz» Witkoffekin biltzeko asmorik.

Gertatutakoak kezka eragin du Polonian. Tuskek atzo sare sozialetan adierazi zuen egileen asmoa zela tren bat leherraraztea, eta gaur areago joan da. «Errusia ez dago interesatuta soilik gisa horretako ekintzen zuzeneko eraginean, baizik eta horien ondorio politiko eta sozialetan». Lehen ministroaren iritziz, Moskuk «ziurgabetasuna, espekulazioa eta izua» eragin nahi zituen. Halere, ez du gertatutakoa Poloniara mugatu nahi izan, eta ohartarazpen bat egin du. «Errusiako zerbitzu sekretuak Europan egiten ari diren sabotaje ekintzak ugaritzen ari dira zoritxarrez». Horren guztiaren harira mintzatu zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea atzo sare sozialetan: «Gure segurtasunaren aurkako mehatxuak benetakoak dira, eta geroz eta gehiago dira».

Tentsioa Kieven 

Herman Galuxtxenko Ukrainako Justizia ministroaren eta Svitlana Hrintxuk Energia ministroaren dimisioei buruz bozkatu behar zuten gaur Ukrainako Parlamentuan, baina oposizioko alderdi nagusiak osoko bilkura boikotatu du, eta dimititu dezala eskatu dio gobernu osoari. Bi ministro horiek lehengo astean eman zuten dimisioa, ustelkeria leporatuta. Petro Poroxenko herrialdeko presidente ohia da (2014-2019) oposizioko burua, eta «batasun nazionaleko koalizio gobernu bat» osatzeko eskatu dio Volodimir Zelenski presidenteari. 

Eta horri guztiari buruz hitz egin du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Haren esanetan, «zaila» da esatea Ukrainako Gobernuaren barruko ustelkeria kasuekin zer gertatuko den, baina uste du «ondorioak» edukiko dituela. Peskovek ez zuen iruzkinik egin Tusken akusazioez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.