Portugalgo Legebiltzarrak migrazio politikak gogortzeko lege erreforma bat onartu du

Eskuin muturraren botoei esker, Montenegroren gobernuak neurri murriztaileagoak ezarriko dizkie Portugalen bizi nahi duten migranteei. Gainera, baimenik ez duten etorkinak kanporatzeko dibisio bat sortuko dute Polizian.

Ultraeskuinak deitutako manifestazio bat, migrazio politikak gogortzeko eskatuz, iazko irailean, Lisboan. Erdian, Chegako buru Andre Ventura. JOSE SENA GOULAO / EFE
Ultraeskuinak deitutako manifestazio bat, migrazio politikak gogortzeko eskatuz, iazko irailean, Lisboan. Erdian, Chegako buru Andre Ventura. JOSE SENA GOULAO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko uztailaren 16a
17:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Migrazio politikak gogortuko zituela zin egin zuen Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak hauteskunde kanpainan. Haren koalizioak, AD Aliantza Demokratikoak, bozak irabazi zituen maiatzean, eta hasi da migranteentzako neurri murriztaileagoak ezartzen. Gaur, Portugalgo Legebiltzarrak Atzerritarren Legea erreformatzea onartu du. AD osatzen duten eskuineko bi alderdiek —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak— eta Chega alderdi ultraeskuindarrak babestu dute erreforma. Gainera, Portugalen bizitzeko baimenik ez duten migranteak kanporatzeko, Polizian dibisio bat sortzea adostu du legebiltzarrak. Orain, herrialdeko presidente Marcelo Rebelo de Sousak oniritzia eman beharko die bi neurriei; hogei eguneko epea du horretarako.

Atzerritarren Legean onartu dituzten aldaketek zaildu egingo diete etorkinei Portugalen bizitzeko baimena lortzea. Erreforma onartuta, lan egiteko bisak mugatuko dituzte, eta soilik «prestakuntza handiko jardueretan» arituko direnei emango dizkiete. Bestalde, Portugalen bizi diren migranteek lehen baino zailago izango dute atzerrian dituzten senideentzako Portugalen bizitzeko baimena lortzea: bi urte egin beharko dituzte herrialdean bizitzeko baimenarekin familia berriz elkartzeko prozedura hasi aurretik. Gainera, familia berriz elkartzeko eskaera egiten duten migranteek «segurtasun eta osasun neurriak betetzen dituen bizitoki» batean bizi beharko dute, eta «gizarte laguntzarik eskatu gabe bera eta senideak mantentzeko adina baliabide» izan beharko dituzte. Orain arte, bizitoki bat eta bizirauteko baliabideak edukitzea exijitzen zen.

Horrez gainera, portugesez hitz egiten duten herrialdeetako migranteei ere oztopo gehiago jarriko dizkiete Portugalen bizitzeko baimena lortzeko; orain arte nahikoa zen herrialdean turista edo egonaldi laburreko bisa batekin sartzea.

Ezkerreko alderdi guztiek Atzerritarren Legea erreformatzearen aurka bozkatu dute, eta abstenitu egin da IL Ekimen Liberala eskuineko alderdia. Montenegroren koalizioak 91 ordezkari ditu legebiltzarrean, eta Chegak, 60. Hala, aldeko 151 botorekin, aurrera egin du erreformak; 116 boto behar dira gehiengo osoa lortzeko.

Bi alderdi horien eta ILren aldeko botoekin, eta PS Alderdi Sozialistaren abstentzioarekin, legebiltzarrak migrazioarekin lotutako beste neurri bat onartu du gaur: mugak kontrolatuko dituen dibisio bat sortuko dute Portugalgo Poliziaren barruan. Aireportuetan eta itsas portuetan etorkinen sarrera kontrolatzeko eskumena edukiko du, baita gune horietan bisak jaulkitzekoa ere. Gainera, dibisio berri horren eginkizuna izango da herrialdean baimenik gabe bizi diren atzerritarrak deportatzea.

Kanpainan, hizpide

Hauteskunde kanpainan, hizpide izan da migrazioa. Montenegro eskuin muturraren diskurtsora hurbildu da, eta milaka etorkin kanporatuko zituela agindu zuen. Eskuinak eta ultraeskuinak PSri egotzi izan diote aurreko agintaldietan «ate irekien politikak» aurrera eramatea. Portugalgo Gobernuaren Migrazio Agentziaren arabera, 2018tik 2023ra bi halakotu egin zen Portugalen bizi zen atzerritar kopurua: 2018an, Portugaldik kanpo jaiotako 480.000 pertsona bizi ziren; 2023an, milioi bat baino gehiago.

Portugalen ere Europan zehar azken urteetan hedatu den joera nagusitu da: eskuinen nagusitasuna sendotu da, eta ezkerrak beherantz egin du. Maiatzeko bozetan, AD eskuineko koalizioa nagusitu zen, eta Chega ultraeskuindarrak PSri aurre hartu zion: bigarren indarra da orain.

Alderdi Sozialistak ia hamar urte jarraian egin zituen gobernuan, harik eta Antonio Costa lehen ministro ohiak (2015-2024) dimisioa eman zuen arte. Ordutik, PSk behera egin du nabarmen: 43 eserleku galdu zituzten iazko martxoko bozetan, eta beste hogei aurten.

Iazko hauteskundeen ostean iritsi zen gobernura Montenegroren koalizioa. Agintean 11 hilabete egin zituen, baina, lehen ministroaren familiako negozioei egotzitako irregulartasunak direla eta, konfiantza mozio bat aurkeztu zuten martxoan. Hura galdu egin zuen, eta bozetara deitu behar izan zuen. Halere, indartuta atera da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.