AEBetako agintaldi erdiko hauteskundeak egiteko bi hilabete baino gutxiago falta diren honetan, horiei begira Donald Trump presidenteak zuen asmoetako bat zapuztu du Auzitegi Gorenak, zeinak gehiengo kontserbadorea duen. Izan ere, posta bidezko botoa mugatzeko Etxe Zuriko maizterraren maniobra blokeatu du.
Duela zenbait hamarkadatatik indarrean dagoen arau bat aldatu nahi zuen Trumpek azaroaren 3ko bozen aurretik —Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berrituko dituzte egun horretan—, eta, horregatik, posta bidezko botoa mugatzeko agindu bat sinatu zuen martxoan. Argudiatu zuen, horretarako inongo frogarik erakutsi gabe, sistema horrek iruzurra eragiten duela —datu ofizialen arabera, iruzurra %1era ere ez da iristen, boto guztiak kontuan hartuta—.
Konstituzioak dioenez, AEBetako estatuek dute hauteskundeak kudeatzeko eskumena. Trumpek nahi zuen, baina, estatuek herritarren zerrenda bidaltzea Segurtasun Nazionaleko Departamentuari, hark erregistro federalekin konparatu zezan. Modu horretan, posta zerbitzuak boto paperak emango lizkioke soilik bi zerrendetan agertzen direnei. Herritarren %30 inguruk bozkatzen dute postaz.
Instantzia txikiagoko auzitegiek araua blokeatu zuten, argudiatuta konstituzioaren aurkakoa zela eta arazo logistikoak eragingo lituzkeela. Etxe Zuriak, baina, helegiteak jarriz erantzun zion blokeo bakoitzari, harik eta auzia Gorenera iritsi den arte. Oraingoz, ordea, AEBetako justizia sistemako instantzia gorena ez da oraindik auzia sakone aztertzen hasi.