"Mozioa ez zegoen gure planen artean, eta ni hautagai izatea ez zegoen nire planen artean. Baina beharrezkoa da". Hala laburbildu du Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiak Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurkako zentsura mozio bat aurkezteko arrazoia eskatu diotenean. Aurretik mozioaren aurkezpenean Jose Luis Avalos Antolaketa idazkariak adierazi du Gurtel auziaren ondoren PPk ezin duela gobernuan jarraitu.
Sanchez Espainiako Kongresura itzuli da diputatu akta utzi zuenetik lehenengoz, eta gogor aritu da Rajoyren aurka. Espainiako presidentearen aurkako kritikak eta EAJrekiko eta Kataluniako alderdi independentistekiko keinuak tartekatu ditu bere diskurtsoan, biharko bozketari begira. 176 diputaturen babesa behar du Sanchezek, eta oraingoz ez ditu behar adina lortu.
Horregatik, eta EAJren eskariari erantzunez, iragarri du PPren aurrekontuak erabiliko dituela mozioak arrakasta izanez gero. Kataluniako alderdi independentistei begira, berriz, ziurtatu du Kataluniarekin eta Quim Torra buru duen Kataluniako Gobernu berriarekin "zubiak erakiko dituela".
Rajoy gogor mintzatu zaio PSOEren hautagaiari, eta egotzi dio ez duela herritarren eta kongresuaren babesik; hortaz, ohartarazi dio ezin dela presidente izan. Sanchezek, aldiz, Espainiako presidenteari gogorarazi dio haren "erruz" aurkeztu dutela zentsura mozioa: "Dimitituko al duzu? Bai ala ez? Erabaki horrekin dena amai daiteke".
Gainontzeko indarrei begira, Sanchezek eskua luzatu die "garai politiko berri batean" sartzeko, eta Espainiako "instituzioak birsortzeko".
Podemosen babesa
Pablo Iglesias Unidos Podemoseko bozeramailea pozik agertu da, "duela urtebete ereindako haziaren" emaitza delakoan zentsura mozioaren arrakasta. Hala ere, kritiko azaldu da Sanchezekin: "Ezin duzu onartu ustelek zu umiliatzea. Espainiar guztien presidente izango zara, aurrerabide ortzimuga bat aurkeztu behar duzu. Espainiar guztien presidente izan nahi baduzu, ezin zara gaitzerdikoa izan". Galdegin dio erakusteko izan dezakeela PPrena baino gobernu sendoago bat: "84 diputaturekin, ezin da gobernatu gobernu akordiorik gabe. Izan XXI. mendeko lehen presidentea ulertzen dituenak Espainian izandako aldaketak".
Espainia "nazioanitza", "modernoa" eta "demokratikoa" posible dela nabarmendu du, eta dei egin du lan egitera horen alde: "Azkenean, PP etxera bidaliko dugu".
Ciudadanos, bozka eske
Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearen esanetan, Rajoyren agintaldia amaituta dago "ustelkeriaren ondorioz". Aldiz, Ciudadanosek ez du PSOEren zentsura mozioa babestuko. Riveraren esanetan, heuteskundeak deitzea da egoera politikoari erantzuteko neurri egokiena.
Ciudadanosek gatzetsi egin du alderdi independentisten babesarekin gobernatzeko aukera, eta Sanchezi "gobernu ahula" ez eratzeko eskatu dio, "Espainia hautsi nahi dutenek agindu ez dezaten". Hala, "espainiarrei ahotsa emateko" galdegin dio.
Riverak kezka agertu du Sanchezek zentsura mozioa babestearen truke alderdi abertzaleei eskaririk onartuko ote dien, eta aditzera eman du PSOEk Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan espetxeratutakoak indultatzea adostu duela. Katalunian eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan "konstituziotik kanpoko estatuturik" ere ez baimentzeko galdegin dio.
PSOEri eskatu bezala, Rajoyri ere hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Riverak. "Irtenbide adostua" proposatu dio Ciudadanosek PPri, bozketarako data zehaztuta, Rajoyk dimititzea onartzen badu.