Osasuna

Prebentzioaren bidez 774.000 lagun itotzea eragotz daiteke 2050erako

OMEk egindako bideragarritasun ikerketa batek ondorioztatu duenez, bi neurriren bidez lor daiteke helburu hori: urtebete eta 5 urte arteko umeentzako materiala eta zaintza hobetuta, eta 5 eta 9 urte artekoei oinarrizko igeriketa teknikak irakatsita.

Igeriketa klase bat Donostian, artxiboko irudi batean. KARLOS CORBELLA
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko uztailaren 26a
11:51
Entzun

2050erako 774.000 bizitza salba daitezke bi neurrirekin. Horixe ondorioztatu dute OME Osasunaren Munduko Erakundearen ikerketa batean. Hauek dira neurriak: urtebete eta 5 urte arteko umeentzako materiala eta zaintza hobetzea eta 5 eta 9 urte artekoek oinarrizko igeriketa teknikak ikastea. Atzo, itotzeak eragoztearen aldeko egunean, OMEk txosten bat atera zuen prebentzioan inbertitu dadin bultzatzeko.

Asko dira itota hiltzen direnak, nagusiki urtebete eta 9 urte arteko haurrak, ikerketan ondorioztatu dutenez. Iaz Hego Euskal Herrian 8 pertsona hil ziren modu horretan; aurten, ekainean bakarrik, 6 pertsona ito ziren Hego Euskal Herriko hondartza eta ibaietan.

OMEk egindako ikerketak argi utzi du diru sarrera ertain eta txikiko herrialdeetan itotzen dela jende gehien. Gainera, erakutsi du prebentziorako egin behar diren inbertsioak ekonomikoki onak direla luzera: inbertitutako euro bakoitzeko, bederatzi aurreztu daitezke. Hegoafrikak, Bangladeshek, Vietnamek eta Thailandiak egin dute inbertsioa jada, gazte gutxiago itotzeko eta herrialdearen osasuna, ongizatea eta garapena hobetzeko.

OMEk nazioarteko akordio bat abiarazi du prebentziorako. «Bizitza asko salba ditzakegu prebentzio neurri eraginkorrei, inbertsio handiagoei eta kontzientzia hobetzeari esker», esan du OMEko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Gainera, atzoko eguna dela eta, herrialdeei eta bazkideei eskatu die prebentzioa «lehentasun» izan dadila.

Orain, OME beste txosten bat prestatzen ari da mundu osoko prebentzio teknikei buruz. Horrela, argi ikusiko da prebentzioaren garrantzia, eta hainbat herrialdek erabili dituzten prebentzio teknikak aztertuko dituzte. Txosten horretatik abiatuz, saiatuko dira herrialde guztientzako prebentzio plan on bat egiten, herrialde gehienek martxan jartzeko modukoa izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.