Afrika

Presidentearen agintaldiei muga kentzea onartu dute Burundin

Joan den asteko erreferendumean botoa eman zutenen %74k onartu dute konstituzioa aldatzea.

Herritarrak botoa emateko ilaran, joan den ostegunean, Bujumburan. CHRISTIAN BIGIRIMANA / EFE
Berria
2018ko maiatzaren 21a
20:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Burundiko Hauteskunde Batzordearen arabera, boto emaile gehienek ontzat jo dituzte Pierre Nkurunziza presidenteak proposatutako aldaketak. Hortaz, agintaldiek orain arte zeukaten muga kendu, eta Nkurunzizak beste bi agintaldi jarraian egiteko aukera izango du. Hauteskundeak irabaziz gero, 2034. urtera arte izan liteke presidente —2005etik da hala—.

Hauteskunde Batzordearen arabera, 4,7 milioi herritarrek eman zuten izena joan den ostegunean eta ostiralean egin zuten erreferendumerako, eta horien %96k eman zuten botoa. Oposizioko alderdien arabera, kanpaina eta bozketa ez dira izan "ez askeak, ez bidezkoak".

Nkurunziza parlamentuak hautatu zuen presidente 2005ean. 1993an hasi zen gerra zibilaren trantsizioa bukatutzat jo zen horrekin. 2010ean hauteskundeak irabazi zituen, eta 2015ean berriro aurkeztu zen. Oposizioaren arabera, ezin zuen halakorik egin, hirugarren agintaldia zukeelako; Nkurunzizaren arabera, ez zuen konstituzioa urratu, lehenengo aldian ez baitzen hauteskundeetara aurkeztu. Oposizioa matxinatu egin zen eta Nkrurunzizak estatu kolpe ahalegin bat ere jasan zuen. Ehunka lagun hil, eta 400.000 inguru desplazatu zituzten hilabete batzuetako epean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.