AEB-ak

Protestak AEBetan, Poliziak gazte beltz bat hil ostean

Poliziak hilketaren bideoa argitaratu du, argudiatu nahian tiro egin zuen agenteak taserrarekin nahastu zuela pistola.

Manifestariak, bart, Broklyngo polizietxearen aurrean. TIM EVANS / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 13a
10:21
Entzun

Protesta eta istilu gaua eduki dute Minnesotan (AEB), Poliziak gazte beltz bat tiroz hil ostean. Jendetza elkartu da Brooklyn hiriko Poliziaren egoitzaren aurrean, eta suziriak, botilak, negar gasa eta soinu granadak jaurti dizkiote Poliziak eta manifestariek elkarri.

Daunte Wright 20 urteko gaztearen heriotzagatik protestan aritu dira herritarrak. Autoaren lizentziaren inguruko kontu batengatik gelditu zuten Poliziek igandean. Ikusi zuten atxilotzeko agindua zegoela haren aurka, eta, preso hartzen saiatzen ari zirela, ihes egin zuen autoan. Aurretik, ordea, polizietako batek tiro egin zion. Metro gutxi egin zituen ihesean, zauriak hilgarriak baitziren.

Brooklyngo Poliziak bideo bat plazaratu du, gaztearen hilketa «istripu» bat izan zela erakutsi nahian. Poliziek soinean eraman behar duten kamerarekin grabaturiko irudietan, atxiloketaren unea ikusten da, gazteak eskuak askatu eta bere autoan berriz sartzen dela, eta polizia batek pistolarekin apuntatzen duela. Emakumezko polizia bat entzuten da esaten «taserra, taserra!». Protokoloaren arabera, horrela ohartarazi behar die polizia batek bere kideei taser pistola batekin tiro egiteko asmoa duela. Pistola elektrikoak dira taserrak: bi ziri elektrodo jaurtitzen dituzte, eta jomugari zartako elektriko handia eragiten diote, eta, printzipioz, indarge uzten dute. Balak erabiltzen dituzten pistolen alternatiba «ez horren hilgarri» gisa erabiltzen dituzte. Bideoa erakutsita, Brooklyngo Poliziak argudiatu du agenteak balak jaurtitzen dituen pistola atera zuela, nahastuta, taserra zelakoan. «Ai ene, tiro egin diot», esaten du Kim Potter poliziak.

Batzuek zalantzan jarri dute agenteak bi pistola mota nahastu izana, eta nabarmendu dute Potter esperientzia handikoa dela, 26 urte baitaramatza polizia lanetan.

Larrialdi egoera

Ezinegon handiaren erdian gertatu da hilketa. Egunotan, George Floyd gizon beltzaren heriotzarengatik ari dira epaitzen polizia zuri bat, ondoko Minneapolis hirian.

Ehunka manifestari elkartu dira Poliziaren egoitzaren aurrean. Minneapolisen istiluak eta arpilaketa kasuak gertatu dira. Larrialdi egoera ezarri dute Minneapolisko eta St Pauleko alkateek, eta hainbat kirol ekitaldi bertan behera utzi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.