Gazteak kalera atera dira Marokon. Uste dute Aziz Akhanux lehen ministroa buru duen gobernuak «porrot» egin duela justizia soziala bermatzeko orduan. Hori nabarmendu zuen mobilizazioen antolatzaileak, Gen Z 212 taldeak, sare sozialetan atzo kaleratutako ohar batean. Erreformak nahi ditu; nagusiki, hezkuntzan eta osasun arloan.
Joan den larunbatetik, lurralde osora hedatu dira protestak Afrika iparraldeko herrialde horretan. Asteazken gauean Agadirren egindako mobilizazioetan, hiru pertsona hil zituzten estatu indarrek. Iturri ofizialen arabera, tiro egin zuten, argudiatuta manifestari batzuk Poliziaren komisaria batean indarrez sartzen ahalegindu zirela. Hain zuzen, orain arteko protestarik handiena asteazkenekoa izan zen, eta gobernuak atzo jakinarazi zuen egun horretan gertatu zirela istilu gehien; 446 ibilgailuri kalte egin zieten, eta 80 instalazio txikitu.
«Ospitale on bat nahi dugu adinekoentzat eta gazteentzat». Hain zuzen, hori izan zen atzo Rabat hiriburuan manifestariek oihukatu zituzten leloetako bat. Datu ofizialek diotenez, 37 milioi biztanle ditu Marokok, eta 15.000 mediku inguru daude sektore publikoan; hau da, lau mediku 10.000 biztanleko. Konparazio batera, Espainiako Estatuak 48 milioi biztanle ditu, eta 170.000 mediku daude osasunguntza publikoan.
Horren harira, hain justu, aintzat hartu behar da zer gertatu zen irail hasieran Agadirko ospitale batean: haurdun zeuden zortzi emakumeri zesarea egin zieten, eta zortziak hil ziren. Tokiko hedabideek kaleratutako informazioaren arabera, anestesia emateko erabili zuten materiala hondatua zegoen.

Manifestariek eskatzen dute, era berean, hezkuntza sisteman inbertitzea. Hainbat hedabidek protestarien hitzak jasoz kaleratu dutenez, administrazioak aspalditik ez ditu berritu hezkuntza programak. Horregatik guztiagatik, protestak antolatzen dituen taldeak eskatu dio estatuburuari, Mohamed VI.a erregeari, kargutik ken dezala Akhanux lehen ministroa. Hark atzo jendaurrean adierazi zuenez, prest dago gazteen eskaerei erantzuteko; ez zuen, ordea, bestelako konpromisorik hartu.
Ustelkeria ere egozten diete gazteek agintariek. Gainera, datu hori kontuan hartu behar da. Izan ere, Ustelkeriaren Kontrako Agentzia Publikoak argitaratu duen azkeneko inkestak dioenez, herritarren %72k uste dute ustelkeria zabalduta dagoela administrazioan. Eta beste datu bat, manifestazioari testuingurua emate aldera: Barometro Arabiarra taldeak ikerketa sozialak egiten ditu, eta haietako azkenetako batean jaso du 30 urtetik beherakoen artean hamarretik ia seik emigratu egin nahi dutela, arrazoi ekonomikoak direla medio.