Libano. Krisi politikoa. Najat Saliba. Aldaketaren Indarrak blokeko diputatua

«Protestek baino ez dituzte beldurtzen gerrako jaunak»

Salibak prentsari egozten dio oposizioaren protestak ezkutatzea, horiek «agerian» uzten dutelako agintariak «ezgauzak» direla.

JOAN CABASES VEGA.
Beirut
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2019an Libano inarrosi zuten mobilizazioen ondotik agertu ziren lider politikoetako bat da Najat Saliba (Damur, Libano, 1966). Herrialdea inoizko boladarik etsigarrienean izanik ere, ingurumenaren arloko aditu eta aktibista horrek gogor eusten dio bere konpromisoari. Salibak parlamentuan sartzea lortu zuen 2022ko maiatzeko hauteskunde orokorretan, aldaketaren aldeko diputatuen blokea osatzen duten beste hamabi lagunekin batera. Urtarrilaren 19tik, parlamentuan da gau eta egun, Melhem Khalaf diputatuarekin batera, salatzeko Libanok, gainbehera betean den honetan, ez duela ez gobernurik eta ez presidenterik.

Ikusi gehiago:BORROKAN, DESEGITEAR DEN ESTATUAN

70 egun baino gehiago daramatzazue parlamentuan. Indartsu zaudete oraindik?

Behar baldin bada, beste urtebetez egon naiteke hemen. Libanoko prentsa gure ekintza ezkutatzen ari da, agerian uzten baitu agintariak ezgauzak eta ustelak direla. Zuzenbide estatua berrezartzearen alde dihardugu, bahitu eta deuseztatu egin baitute. Hain zuzen horren erakusgarri, ez da justiziarik izan hainbat kasutan, hala Lokman Slim aktibistaren eta Samir Kasirren hilketetan nola Beiruteko leherketarekin loturiko kasuan. 230 lagun hil ziren leherketa horretan, eta gutxi gorabehera 6.000 zauritu. Ez da zenbaki soil bat. Ezagun bati gertatutakoa nabarmendu nahi nuke: oroimena galdu zuen, eta, berreskuratu bitarte, senarrak zaindu behar izan zituen bai bera eta bai lau seme-alabak. Denek imajinatu dezakegu zein gogorra den halako zerbait gertatzea, edo seme-alabak eta anai-arrebak galtzea. Justizia sistema txikitua baldin badago eta epaileen lana oztopatzen ahal baldin badute, argi dago: diktadura batean zaude.

Presidentea izendatzeko borroka nekeza izan da orain arte.

Eginahalean ari gara diputatuek ardura har dezaten eta lan egitera etor daitezen. Afera ez dugu utzi nahi kanpoko presioen esku, parlamentariek beste herrialde batzuen nahiei men egin ez diezaieten. Presidentea kanpotik hautatzea lotsagarria da, eta, gainera, denen ongizatearen ordez zenbaiten interesak lehenestea dakar.

Euskal Herrian uler dezaten: zergatik da hain garrantzitsua presidentea izendatzea Libano hobetzeko borrokan aurrera egiteko?

Inor ez dago agintean. Gobernuak eta parlamentuak lan egiteko modua izan dezaten, presidentea hautatu behar dugu lehenbiziko, eta, gero, lehen ministroa izendatuko du hark, betiere kontuan hartuta diputatuekin gobernua osatzeko izandako elkarrizketak. Prozesu hori egin ezean, ez dugu modurik inportaziorik egiteko, ez legerik sortzeko eta ez jada sortuak direnak aplikatzeko ere. Horregatik debaluatzen ari da libera libanoarra, eta horregatik ateratzen da jendea karrikara, haserre. Hilabete hasieran, adibidez, soldadu erretiratuek bidezko ordainsariak galdegin dituzte, bizi osoa lanean eman ondotik egindako merituen truke.

2019ko iraultzan, esperantza handia piztu zen. Zer mugarri izan dira ordutik orain arte egindako bidean?

Hemen ez da gertatzen munduko beste lekuetan gertatzen ez denik. Hong Kongeko iraultza, beste zenbaiten antzera, askoz ere antolatuagoa izan zen. Manifestari guztien asmoak antzekoak ziren. Jendeak deialdiak jasotzen ditu Whatsapp bidez, eta karrikara ateratzen da, baina deialdi horiek ez dira iraultza iraunkor bilakatzen, eta, beraz, ez dute eragiten beharrezko aldaketa hori. Egitura bat behar dugu, lider bat, estrategia bat. Iraultzaren garaian, bakoitzak uste zuen berak baizik ez zuela arrazoia, eta, zatiketa horren ondorioz, ezin izan zitzaion aurre egin etsaiari, hau da, herrialde honetan agintzen duten lider ustelei.

Hori agerian gelditu zen 2022ko hauteskundeetan. Zatiketa zela medio, hamahiru diputatu baino ez genituen lortu, eta ez 40. Baina horrek guztiak gobernua eta liderrak inarrosi ditu. Egunotan, kamioi militar pila bat prestatzen ari dira protestak geldiarazteko. Horrek baino ez ditu beldurtzen gerrako jaunak.

Bien bitartean, badira aldaketa txiki batzuk.

Hilabete hasieran Herri Lanen Batzordean, aireportuko lanetarako lizitazioan aukeratutako enpresari buruz galdetu genuen, ez baitzuten jakinarazi nola hautatu zuten ere. Ministroak adierazi du baliogabetu egingo duela hitzarmena, eta gardentasunez berrikusiko dutela. Uste dut gu tematu garelako erabaki duela hori. Lorpen handia da: espero dut halako pauso txikiek gauzak aldatuko dituztela denbora aurrera joan ahala.

Zer-nolakoa da zure ametsetako Libano?

Ez dut gauza handiekin amestu nahi. Zuzenbide estatu bat izatea nahi dut, gobernua herritarrez arduratzea, eta erakunde publikoek legeak aplikatu eta betetzea, herrialdearen mesederako. Horixe lortzea da nire zeregin nagusia.

Ba ote da Libanoren historiako garairen bat oinarritzat balio dezakeena halako herrialde bat eraikitzeko?

Zoritxarrez, gerra zibila bizi izan nuen txikitan, eta, geroztik, denak egin du okerrera urtetik urtera. Egungo egoerak etsigarria dirudi, baina aldaketa garaia da, eta denek elkarrekin lan egin behar dugu aldaketak gauzatu daitezen. Direnak eta ez direnak egiten ari da lekuan-lekuan, herrialde honek bizirik iraun dezan.

Besterik erantsi nahi zenuke?

Libanon ezin hobeki ikusten da erlijioari, fedeari eta sinesmenei dagokienez askotarikoa den herri batean posible dela denak elkarrekin bizitzea. Sinesmen andana bat dugu, eta harmonia handia dago guztien artean, zoragarria da. Eredugarriak gara: mundu osoak funtzionatu beharko luke horrela. Jada ez baitago talde bakarturik. Interneten, klima aldaketaren eta batetik bestera bidaiatzeko erraztasunaren eraginez, herri bakarra bihurtu gara. Horrexegatik maite dut Libano, nahasketa ikusten baita nonahi, baita jendeak elkarrekin lan egiteko duen borondatea ere. Erretorika erlijiosoa eta sektarioa baliatuta borrokatzen diren politikariak baztertu behar dira, besterik gabe. Haiengatik ez balitz, iruditzen zait Libano izango litzatekeela eredurik onena aniztasunari dagokionez, baita askotariko komunitateak elkarrekin bizi daitezkeela ikusteko orduan ere.

Ikusi gehiago:Blokeoaren politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.