Veysi Aktas 1994an atxilotu zuten, Istanbulen, unibertsitatean ikasten ari zela. 31 urte eta hiru hilabete pasatu zituen zenbait kartzelatan, mugimendu kurduari lotutako jardun politikoan aritzeagatik. 2015ean, Imraliko espetxera lekualdatu zuten, PKKko presidente Abdullah Ocalanen ondoan lan egin zezan. 2025eko uztailean atera zen Imralitik, eta ordutik lanean dihardu buruzagi kurduaren bake proposamena bultzatzeko.
Aktasek Diyarbakir hiritik hitz egin du BERRIArekin —han jaioa da—, hain justu PKKko zortziehun gerrillari omentzen ari diren bitartean, orain arte ezin izan baitute jakinarazi hilak zirela.
Zer lortu duzue 2025eko otsailaren 27tik, Ocalanek besteak beste PKK desegitera deitu zuenetik —handik hilabete batzuetara desegin zuten—? Eta zer dago oraindik lortzeko?
Otsailaren 27ko deiaren bitartez, bidea ireki zen borroka armatuari amaiera emateko, bai de facto eta bai antolaketari dagokionez, eta, hutsunerik badagoen arren, aurrerapen esanguratsuak egin dira azken urte eta erdian. Hala ere, ez dira guztiz ezabatu armak, marko juridikoa ez da guztiz ezarri modu inklusiboan, konfiantza osoa ez da sortu oraindik, eta politika demokratikoa ez dago erabat indartua —hori guztia beharrezkoa da bakeak luze iraun dezan—. Gainera, oraindik mugatuta daude PKKko buruzagien estatusa, Ocalanen egoera juridikoa, hizkuntza eskubideen arloko aurrerapenak eta tokiko gobernuak, eta kurduen eskubide demokratiko eta politiko kolektiboak oraindik ez daude guztiz bermatuta.
Zer rol hartu behar du Ocalanek, eta zer egin behar da orain?
Lau pauso eman behar dira. Lehenik, berriz konfiantza sortu behar da, eta elkarrizketa politikorako mekanismoak iraunkor bihurtu, eta, horretarako, Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Batzorde Iraunkorra sortu beharra dago parlamentuan, alderdi politiko guztiak eta ahal den neurrian eragile sozialak ordezkatuak egon daitezen. Bigarrenik, Ocalanen rola juridikoki bermatu behar da prozesu guztia bideratu dezan, aldeekin komunika dadin eta bere iritzia eman dezan irtenbide demokratiko posible baten inguruan. Luzera begira, helburutzat hartu behar litzateke oraingo Imraliko erregimen ezohikoa amaiaraztea eta bermatzea eragile guztiek dituztela berme juridiko berberak eta demokratikoak. Hirugarrenik, esparru legea egin ondoren beste lege batzuk ere egin beharra dago: konstituzioaren erreforma demokratikoak; askatasun politikoa, adierazpen askatasuna eta elkartzeko askatasuna zabaltzeko legeak; kurduen identitatea, hizkuntza eta kultura bermatzekoak; tokiko gobernu hautatuetan administratzaileak izendatzeko praktika amaiaraztekoak; arrazoi politikoengatik atxilotutakoen tratamenduari buruzkoak; eta terrorismoaren kontrako legeak estandar demokratikoetara egokitzekoak. Azkenik, prozesuak Turkia osoarentzako demokratizazioa ekarri behar du.
Esparru legeak bermatzen al du gerrillari ohiak, erbesteratuak eta preso politikoak bueltatzeko aukera?
Partzialki heltzen dio horri, baldintzapean; ez du ematen berme osorik eta baldintzarik gabekorik. Legeak ate bat irekitzen du gerrillari ohien egoera juridikoa zehazteko, baina egiatan ez da inola ere «integrazio sozial demokratikorako eta bermeak emateko lege bat». Ez da gauza bera «armak uztea» edo herritar gisa modu seguruan, duintasunez eta berdintasunez gizarteratzea.
Edonork ziurtatua izan beharko luke bere herrialdera itzulitakoan ez dutela atxilotuko aireportuan edo mugan, ez dizkiotela berriz irekiko garai bateko prozesu judizialak, eta ez dutela berriz zigortuko jardun politikoagatik. Bueltatzeko eskubidea bake prozesuaren oinarrizko elementuetako bat da konfiantza sortu dadin.
«Ocalanen rola juridikoki bermatu behar da prozesu guztia bideratu dezan, aldeekin komunika dadin eta bere iritzia eman dezan irtenbide demokratiko posible baten inguruan
Zer esan nahi du integrazio demokratikoak? Eta nola lortu hori asimilazio ez bilakatzea?
«Integrazio demokratikoa» delakoa «hirugarren bidetzat» jotzen da, asimilazioaren —identitatearen ukazioa eta homogeneizazio behartua— eta separatismoaren edo independentziaren —nazio estatu bereizi bat sortzea— arteko bidetzat. Herri kurduarentzat, berdintasunezko, borondatezko eta eraldaketarako integrazioa izan behar du, estatuko eraldaketa demokratikorako esparruan dagoena, baina haien identitateari, hizkuntzari, kulturari eta antolaketa sozialari eutsiko diena.
Integratzeak ez du esan nahi kurduak «gaur egungo Turkiara batuko» direnik edo estatuaren aurrean makurtu behar dutenik baldintzarik gabe. Integrazioa ez dadin asimilazio bihurtu, berme sendoak behar dira, galdagarriak eta iraunkorrak. Konstituzioan bilduta dagoen herritar «turkiarren» definizio monolitikoa moldatu egin beharko litzateke, eta kontzeptu pluralista baten alde egin, zeinak aniztasun etnikoa eta erlijiosoa aitortuko dituen. Hizkuntza, kultura eta identitate eskubideek berme konstituzional eta juridikoak eduki behar dituzte.
Tokiko gobernuen eskumenak zabaldu egin behar dira hezkuntzari, osasunari, kulturari eta garapenari dagokienez; esku hartze zentralizatuak mugatu egin behar dira, eta administratzaileak izendatzea eta halako jokaerak galarazi egin behar dira juridikoki. «Tokiko Demokrazia Zabaltzeko Legea» gobernantza parte-hartzaile gisako bat da, eta autonomia demokratikoaren elementu batzuk ere baditu.
Benetako proba ez da zenbateraino egokitzen diren kurduak sistemara, baizik ea sistema gai ote den demokratikoki bizitzeko kurduekin batera, ezberdinak izanda ere. Herri kurduarentzat, xedea da martxan den nazio estatua demokratizatzea eta adieraztea elkarrekin bizi nahi dutela «aberri komun batean» eta «herritarrak libre» direla.
Nola bermatu negoziazioa berdintasunez egingo dela?
Berdintasunez negoziatzea posible da soilik baldin eta botere oreka bat ezarri baldin bada, informazioa lortzeko modua bermatu bada, berme juridikoak eman badira eta indarkeriaren mehatxua ezabatu bada.
Zer esan nahi du «aberri komunak» prozesu honetan?
Kurduen politika garaikidean, «aberri komuna» izateak zera esan nahi du: Turkiaren mugen barnean egotea, identitate etnikoak eta herritarren arteko berdintasuna aitortzea, errepublika demokratiko baten eta nazio demokratiko baten esparruan elkarrekin bizitzea, eta estatu bereizi bat izateko eta sezesiorako eskaera alde batera uztea.
«Turkiarrek eta kurduek elkar onartu behar dute, gizarte politiko beraren elementu parekoak direnez gero»
Nola lortu batak bestea aitortzea?
Elkar aitortzea integrazio demokratikoaren oinarrietako bat da. Tarteko bide bat da, asimilazioaren —edo turkiartzearen— eta separatismoaren artekoa, eta helburutzat dauka bizi komun bat ezartzea, «aniztasunean eta batasunean» oinarrituta. Integrazio demokratikoaren xedea ez da «berdinak bilakatzea», baizik eta herritarren arteko berdintasuna bermatzea desberdinak izanik ere. Turkiarrek eta kurduek elkar onartu behar dute, gizarte politiko beraren elementu parekoak direnez gero.
Lehenengo baldintza zera da, ukazioaren hizkera baztertzea. Batetik, kurduak badirela aitortu eta haien hizkuntzari, historiari eta identitate kolektiboari aitortza egin behar zaie, eta, bestetik, kurduek Turkiaren integritate politiko eta geografiko komuna onartu behar dute; ez dira bateraezinak. Kontratu sozial bat egin liteke ideia honetan oinarrituta: «Ez dugu zertan berdinak izan elkarrekin bizitzeko».
Nola heldu behar zaio iraganari? Beharrezkoak dira justizia trantsizionalerako mekanismoak?
Bai, justizia trantsizionalerako mekanismo ofizial eta zorrotz bat behar da; halakorik izan ezean, bakea hauskorra izango da aurrerantzean ere. Iragana ez da ahaztu behar, ezta etorkizunerako oztopo bihurtu behar ere: egiak, kontu emateak, erreparazioak eta erreformak batera funtzionatu behar lukete.
Iragana ez ahazteko baina etorkizunerako oztopo ez bihurtzeko dioen printzipioak zera eskatzen du praktikan: egiak, kontu emateak, erreparazioak eta erreformak batera funtzionatzea.
Gatazka bolada luzeak zauri sakonak utzi ditu Turkian —desagertze behartuak izan dira, argitu gabeko hilketak, herrixken husteak, desplazamendu behartuak, tortura eta beste zenbait urraketa sistematiko—, bai arlo indibidualean eta bai sozialean. Kontu horiek «itxitzat» jotzeak edo haiei azaletik soilik erreparatzeak ahuldu egingo luke konfiantza sortzeko eta bake iraunkorra lortzeko aukera.
Mekanismo bat martxan jarri beharko litzateke Turkiako Parlamentuan, edo organo independente bat sortu, biktimei entzuteko, artxiboetara jo ahal izatea bermatzeko, instituzio publikoei dokumentuak eskatzeko modua emateko, eta txostenak egiteko aukera emateko. Helburua litzateke gertatutakoa erregistratzea, publikoki aitortzea eta memoria kolektiboa indartzea. Posible izan behar litzateke prozedura judizialak abiatzea urraketa larrien kasuetan, hala nola nahita egindako hilketetan eta tortura sistematikoko kasuetan. Hauek izan litezke neurri kolektiboetako batzuk: publikoki barkamena eskatzea, memoria lekuak sortzea, oroimen ekintzak egitea, desplazamendu behartuen biktimentzako programak abiatzea eta ahaleginak egitea desagertuen hilobiak aurkitzeko.
Prozesu horrek erreforma batzuk ekarriko lituzke, eta barne hartuko lukete independentzia judiziala bermatzea, segurtasun indarrak arlo zibiletik kontrolatzea, adierazpen askatasuna eta elkartzeko askatasuna zabaltzea, tokiko gobernuak sendotzea eta herritarren arteko berdintasuna bermatuko luketen neurri konstituzionalak hartzea.
Zer da bake positiboa, eta zer rol dute gizarte zibilean emakumeek eta gazteek?
Bake positiboak ez du esan nahi soilik armak baztertzea: indarkeria sorrarazten duten baldintza politiko, juridiko, ekonomiko eta sozialak eraldatzea ere esan nahi du. Bake positiboko egoera batean, egiturazko indarkeria, diskriminazioa, desberdinkeria eta injustizia desagerrarazi egin dira sistematikoki, eta bermatuak daude justizia soziala, berdintasunez parte hartzeko aukera, elkarrenganako aitortza eta bizikidetza iraunkorra.
Zehaztu beharko litzateke nola bermatu askatasun etniko, linguistiko eta kulturalak, hala nola eremu publikoan, hezkuntzan eta komunikabideetan hizkuntzak modu askean erabiltzeko aukera, eta diskriminazioa modu eraginkorrean debekatu beharko litzateke. Horrez gain, ordezkaritza justua osatu behar da, eta zehaztu nola transferituko diren eskumenak maila zentralean eta tokian-tokian, dagokion erakunde politikoak muga desegokirik jar ez dezan. Gatazkak jotako eskualdeetan, hobekuntza iraunkorrak egin behar dira garapenean, enpleguan, azpiegituretan eta zerbitzu sozialetan, eta ahaleginak egin behar dira pobreziaren eta bazterketaren egiturazko kausei heltzeko.
Gizarte zibilak parte hartu dezake bere kabuz, bitartekaritzen bidez eta elkarrizketarako eta eskubideen defentsarako tokiko plataformen bitartez. Emakumeek gizonen pareko eragileak izan behar dute, eta erabakigarriak bakearen eraikuntzan; erabakitzeko ahalmena izan behar dute negoziazioetan, erreforma konstituzionaletan, tokiko gobernuetan eta berreraikuntza sozialean.
«Kurduek gero eta garrantzi estrategiko handiagoa dute eskualdearen orekan, haien kokapen geografikoa, populazioa, energia bideak eta Iraken eta Sirian duten posizio politiko-militarra direla eta»
Zer lotura du kurduen auziak eskualdearen demokratizazioarekin? Eta zer rol dute Israelek eta kurduek?
Kurduen auzia eta eskualdearen demokratizazioa zuzenean lotuta daude. Auzi historikoa eta soziopolitikoa denez eta Turkia, Irak, Siria eta Iran ere tartean daudenez, eskualde osoko estatuen eta gizartearen arteko harremanari eragiten dio. Auzia bide baketsuak erabiliz konpontzeak atea irekiko luke agian Turkian demokrazia inklusiboago bat ezartzeko. Modua emango luke tentsio etniko eta politikoak arintzeko, gizarte zibila indartzeko, zuzenbide estatua ezartzeko eta estatu aparatu zentralizatua erreformatzeko. Hala, baliteke kurduen auzia konponduz gero beste prozesu batzuk ere bizkortzea, hala nola Ekialde Hurbileko gobernuen tradizio autoritarioak gainditzekoa, eta, beraz, litekeena da erabakigarria izatea eskualdearen demokratizaziorako.
Kurduek gero eta garrantzi estrategiko handiagoa dute eskualdearen orekan, haien kokapen geografikoa, populazioa, energia bideak eta Iraken eta Sirian duten posizio politiko-militarra direla eta. Esan daiteke eskualdean «kurduen oreka» ezartzen hasia dela. Alde horretatik, «kurduek turkiarrekin bakeak egiteko» aukerak ez du askorik baldintzatzen Israelen jarrera, hari gehiago interesatzen baitzaio bake horrek zer ondorio eragingo dituen «Ekialde Hurbil berriaren» ordenan. Kurduek bakea lortuz gero, litekeena da eskualdean luzaroan bereizita egon diren zenbait parte berriz lotzea —Turkia, Siria, Irak eta Iran— eta gaur egungo orekak aldatzea. Eta hori agian kontraesanean egongo da Israelen estrategiarekin, eskualdea bere eraginpean egotea baitu helburutzat.
Horregatik, kurduen auzia estrategikoa ere bada Israelen eskualde politikari dagokionez. Aldi berean, baliteke Israelek, AEBek, Iranek eta beste potentzia batzuek kurduen auzia erabiltzea eskualderako dituzten asmoak betetzen saiatzeko.
Zer mezu eman nahi diozu Europari?
Lehenik, eskerrak eman nahi dizkiet kurduen eskubideak, kultura, askatasuna eta eskaera demokratikoak babestu dituzten pertsona eta komunitateei. Ez dugu ahaztuko elkartasun hori.
Elkartasuna adierazteko modurik zehatzena zera da, esparru bat sortzea kurduek beren ahotsa entzunarazi dezaten, beren eskubide kulturalak defendatu ditzaten eta beren etorkizunaren inguruan erabaki dezaten, berdintasunez, askatasunez eta segurtasunez. Nazioarteko elkartasuna emateak ez du esan nahi beste pertsona batzuen izenean hitz egitea, baizik eta laguntza ematea beren etorkizunaren gainean erabaki ahal izan dezaten.