PSC, Puigdemont eta blokeo mehatxua

Katalunian parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur. Kanpaina sozialisten eta Juntsen artean polarizatu da, eta ERCk zailtasunak izan ditu bere burua kokatzeko. Independentisten gehiengo osoa kolokan dago, inkesten arabera.

Ezkerretik eskuinera: Alejandro Fernandez (PPC), Pere Aragones (ERC), Salvador Illa (PSC) eta Josep Rull (Junts), iragan apirilaren 26an, eztabaida baten aurretik. Carles Puigdemonten ordez parte hartu zuen Rullek. QUIQUE GARCIA / EFE
Ezkerretik eskuinera: Alejandro Fernandez (PPC), Pere Aragones (ERC), Salvador Illa (PSC) eta Josep Rull (Junts), apirilaren 26an, eztabaida baten aurretik. Carles Puigdemonten ordez parte hartu zuen Rullek. QUIQUE GARCIA / EFE
ander perez zala
2024ko maiatzaren 12a
05:05
Entzun

Kataluniako alderdi independentistak azken hamarkadako egoerarik ziurgabeenean daude, betiere hauteskundeen ikuspuntutik mintzatuta: hautesleen parte bat desmobilizatuta dago, boto emaile batzuek beste indar politiko batzuen alde bozkatuko dute, eta, inkesten arabera, aulkien gehiengo osoa gal lezakete.

Gaur Katalunian egingo dituzten parlamenturako bozek, hortaz, berritasun, kalkulu eta buruhauste askorako tartea emango dute. Buruzagi independentisten indultuak onartu eta amnistia legearen proposamena negoziatu osteko lehenak izango dira, gainera; eta, aspaldian ez bezala, erreferendumaren aferak pisu txikia edo txikiagoa izan du.

Asteotako kanpaina erabat polarizatua izan da, bi figuraren —eta indar politikoren— ingurukoa: Salvador Illa (PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia) eta Carles Puigdemont (Junts+Carles Puigdemont per Catalunya). Illak erakarri egin ditu «estrategia eta narratiba jakin batean arreta jarria izatearekin nekatuta» daudenak, Ana Sofia Cardenal UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Zientzia Politikoetako irakasleak independentzia erreferendumaren aferari erreferentzia eginez azaldu duenez; eta Puigdemontek, berriz, inguruan bildu ditu Kataluniara «itzuliko den presidentearen, kargura itzuliko den presidentearen epika» horrekin bat egiten dutenak.

Cardenalek uste du polarizazio hori saihetsezina zela; batez ere, Puigdemontek iragarri zuelako hauteskundeetara aurkeztuko zela, eta arreta bereganatzen duen pertsona bat delako. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin konparatu du, alde horretatik: «Antzeko figura bat da, asko polarizatzen baitu Katalunian. Batzuek biziki maite dute, eta beste batzuek biziki gorrotatzen dute».

Egoera horretan, 2016tik 2017ra Kataluniako Generalitateko presidente izan zenak emozioetan eta independentzia erreferendumean oinarrituriko kanpaina bat egin du erbestetik —Ipar Katalunian bizi da orain—, eta aldaketa bat egin du, «Convergencia zaharra bezala» aurkezten baita, «Convergenciaren eskuineko politikak pixka bat erreskatatuta». Iraganera begirako kanpaina moduko bat izan da, hortaz.

Puigdemontek lortu du, hein batean bada ere, Kataluniako alderdi independentistak jasaten ari diren higaduratik kanpo geratzea. Aldiz, ERC Esquerra Republicanak ez du izan halako erresistentziarik, eta kalte egingo dio —betiere inkesten arabera— boterean pasatu duen legegintzaldiak (2021-2024). Aragonesen kudeaketa ez da «bikaina» izan, Cardenalen arabera —«hala baloratzen dute herritarrek—, eta horri gehitu behar zaio ezkerreko indar subiranistak ez duela jakin «nolako kanpaina egin» PSC-Junts polarizazioaren aurrean.

ERCk, gainera, lehia bat izan du Puigdemontekin: bietako noren negoziazioen eta presioen ondorio izan ote den amnistia legearen proposamena. Independentisten artean dagoen distantziaren erakusle da hori. Bide batez, erreferendumaren aferak azken kanpainetako protagonismorik txikiena izan du aurten.

Alderdi sistema geroz eta zatituagoa

Indar politikoez harago joanda, UOCeko irakasleak azalpen bat eman du Kataluniako alderdien sistemaz: «geroz eta zatituagoa» bilakatzen ari da, eta «larriena» zera da, zatiketak eta polarizazioak bat egiten dutela, eta hori «egiturazkoa» bihurtzen ari dela.

Horren erakusle da, betiere inkesten arabera, Aliantza Katalana eskuin muturreko alderdiak lehen aldiz lortuko lukeela ordezkaritza Kataluniako Parlamentuan. «Segmentazio moduko batera goaz; ikusten ari gara eskuin muturreko aukera espainolistak eta katalanak; eskuin espainiarra eta eskuin katalana... Espektro ideologikoa zenbait merkatutan erreproduzituko dugu, eta identitateen bidez egongo dira separatuta».

«[ERCrentzat] Nire ustez, ziurrenik, ondorio gutxiago izango ditu Juntsen inbestidura babesteak. Behintzat, gaur-gaurkoz».

ANA SOFIA CARDENALUOCeko Zientzia Politikoetako irakaslea

Joan den astelehenera arte argitaraturiko inkesten batezbestekoa eginez gero, hau litzateke emaitza: PSCk 40 aulki izango lituzke; Juntsek, 34; ERCk, 26; PPCk, hamabi; Voxek, hamar; Comuns Sumarrek, sei; CUPek, bost; eta Aliantzak, hiru. Beraz, kanpainan jakinarazitako betoak aintzat hartuta, ez litzateke gehiengo oso argirik egongo; besteak beste, Comuns Sumarrek, CUPek, ERCk, Juntsek eta PSCk esana baitute ez dutela eskuin muturreko alderdiekin akordiorik egingo —kanpainan manifestu bat sinatu dute horri buruz—, eta Aragonesek ez duelako argitu Illa babestuko lukeen.

Cardenalentzat, alderdi independentistek ez badute gehiengo osorik lortzen, ERCk izango du «dilema», bere hautesleak bitan zatituta baitaude nor babesteari dagokionez: Illa ala Puigdemont. «Zer egingo du alderdiak? Oso galdera ona da. Erabakia edozein dela ere, ondorio politikoak izango ditu. Nire ustez, ziurrenik, ondorio gutxiago izango ditu Juntsen inbestidura babesteak. Behintzat, gaur-gaurkoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.