Katalunia

PSCrekin hiruko gobernua osatzea errefusatu du ERCk

ERCk ez duela "kartzelazainekin" itunik egiten, esan du Gabriel Rufianek, hauteskundeetako kanpainako ekitaldi batean. Tarragonan izan dira Puigdemont, bideokonferentziaz, eta Pablo Iglesias ere. CUPek eta Ciutadans Bartzelonako gerriko gorrira jo dute gaur.

Argazkiaren erdian, Romeva eta Rufian, gaur Tarragonan egin duten ekitaldian. JAUME SELLART / EFE
mikel p ansa
2017ko abenduaren 11
22:51
Entzun

ERCren, En Comuren eta PSCren artean hiruko gobernu bat osatzeko proposamenak airean dabiltza Katalunian, baina aukera hori uxatu egin du Rufianek gaur.

Xavier Domenech En Comuren presidentegaiak jarri du aukera hori mahai gainean. ERCk, PSCk eta ICVk osatu zituzten hiruko bi gobernu Kataluniako Generalitatean, 2003 eta 2010 artean.

Rufianek argi esan dio ezetz aukera horri, ordea: "Ez dugu hitzarmenik egiten kartzelazainekin eta lapurrekin". Sixenako ondarea Aragoira eramateko erabakia salatu du "lapurrak" horrekin.

Tarragonan ERCk egin duen kanpainako ekitaldi batean esan ditu Rufianek hitz horiek. Zorrotz aritu da errepublikanoen ordezkaria: "ERCk hauteskunde hauek irabazi nahi dizkie 155aren kartzelazainei, fronte nazional laranjakoei, eta ez dugu barkamenik eskatuko, ez ginelako jaio garaituak izateko. Belaunaldi hau irabazteko jaio da".

Raul Romeva Generalitateko Atzerri gaietarako kontseilari eta preso egondakoak ere parte hartu du ekitaldi horretan. Botoarekin zalantzan daudenei zuzendu zaie: "155aren blokeak ez du zalantzarik izaten Kataluniaren batasuna eta kohesio soziala, herri honen askatasuna, suntsitzeko orduan. Haiek ez dute zalantzarik izaten, eta guk ere ez genituzke izan behar".

Puigdemont, bideokonferentziaz

Junts Per Catalunyak ere Tarragonak egin du kanpainako ekitaldia, Tortosan. Carles Puigdemont presidentea bideokonferentziaz zuzendu zaie ekitaldira joan direnei, eta 155. artikulu ezarri dutenen aurka ekin du hark ere.

"Politikoen belaunaldi oso bat kartzelan sartzea erabaki dute", adierazi du JPCren zerrendaburuak. Espainiako Auzitegi Gorenak independentismoaren kontrako kausa zabaldu eta politiko gehiago ikertzea erabaki du gaur.

Salatu du independentistak kutxa batean sartu eta itsasora bota nahiko lituzketela Miquel Icetak, Xavier Garcia Albiolek eta Ines Arrimadasek. Herritarrei dei egin die abenduaren 21eko hauteskundeetan aukera hori ixtera.

Iglesias, ez batzuekin, ez besteekin

Tarragonan izan da Catalunya en Comu koalizioa ere, Pablo Iglesias Podemoseko buruaren parte hartzearekin. Espainiako politikariak JPCri esan dio ezin dela promestu "bete ezin dena", eta, gainera, herritarrei "iruzur" egitea dela hori.

"Berradiskitzerako gobernu bat" behar dela uste du Iglesiasek, independentista eta independentista ez diren pertsonekin osatua, "irtenbide diferente bat eraikitzeko".

PSCri galdetu dio ea zergatik ari den lehiatzen Ciutadansekin eta PPrekin, unionistago zein den. ERCri aurpegiratu dio berriro ere aldebarrekotasunaren bidera itzultzea. "Ez aldebakartasunak ez 155ak balioko dute konponbideak ekartzeko", epaitu du Iglesiasek.

ERCri eta JPCri eskatu die, era berean, abenduaren 22tik aurrerako zer proposatzen duten. "Badakite haien estrategia politikoa guztiz agortuta dagoela".

"Kuraia" bihurtutako beldurra, CUPenean

CUPek, berriz, L'Hospitalet de Llobregaten egin du gaur ekitaldia. David Fernandezek hartu du hitza: "Beldurra dugu, bai noski, baina bakoitzak gure beldurra geure gain hartu dugu, eta kuraia eta erabakiortasun bihurtu dugu beldur hori. Egiaz beldurra ematen diguna haiek irabaztea da, eta ezer ez aldatzea".

Fernandezek Ciutadansi aurpegiratu dio "Jose Maria Aznarren marka zuria" izatea. "Bizitza okerragoa egiteko leku bat da Ciutadans", esan du: "Begiratu zeini eman dioten botoa, eta zein egin duten presidente [Espainian]".

Vidal Aragones CUPeko hautagaia ERCri eta En Couri zuzendu zaie, eta eskatu die beren taldeak aurkeztu duen "duintasunaren dekretuarekin" bat egiteko, politika sozialak eta ezkerrekoak ezartzeko.

Ciutadans, Cornellako botoen bila

CUPekoen ekitalditik gertu, Cornellan, izan da Ciutadanseko Ines Arrimadas. Espainiatik Kataluniara lanera eta bizitzera joandakoen botoak eskatu ditu bere alderdiarentzat.

"Katalunia pertsona horiekin guztiekin ere altxatu da", adierazi du: "Gizartearen parte hori ere bada Katalunia, gu ere bagara katalanak, auzo hauek ere bai. Katalunia Kataluniako herri guztiak gara, herri hau pentsatu eta sentitzen dugunak".

Prozesu subiranistak "desgrazia ekonomikoa" eragin eta "gizartea hautsi" duela baieztatu du Arrimadasek. Baina katalan "guztien" esfortzuarekin "berriz altxatuko" dela ean du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.